Alderdiak

Sanchez eta EH Bilduko ordezkarien argazkiak «beste aro politiko bat» islatzen du, Otegiren arabera

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egin direla. ETBri emandako elkarrizketa batean esan du «ematen» duela Urkullu izango dela EAJko hautagaia, eta ez duela albisterik koalizioko hautagaiaren inguruan.

Arnaldo Otegi, artxiboko agazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 16a
13:07
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik uste du «beste aro politiko batera» eramaten duela koalizioko ordezkarien eta Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen arteko bileraren argazkiak, «nahiz eta batzuek eta besteek ez duten nahi». ETB1ean egindako elkarrizketa batean, Otegik esan du «garrantzi handia» izan zuela aurreko astean Mertxe Aizpurua EH Bilduko Espainiako Kongresuko bozeramaileak, Gorka Elejabarrieta Senatuko eledunak, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Sanchez berak egin zuten bilera horrek. «Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearekin normaltasunez elkartu gara. Argazki horrek beste aro politiko batean sartzen gaitu, nahiz eta batzuek eta besteek ez duten nahi».

EH Bilduko buruak ziurtatu du «arazo nazionalaren eztabaida eta lurraldetasunaren eredua mahai gainean» egongo dela legegintzaldia abiatzen bada. Erantsi du «lehen urratsa» dela Espainia «estatu plurinazionala» dela onartzea, eta, beraz, «beste nazio batzuk badirela Espainia ez direnak eta beren eskubideak badituztela». Otegik uste du «78ko erregimena krisi argian» dagoela, eta saiatuko dela «ahal den guztia luzatzen». Izan ere, haren irudiko, «pribilegioak arriskuan» ikusten baitituzte «elite ekonomikoek, politikoek eta polizialek». «Horrek esan nahi du dena egingo dutela hori oztopatzeko, eta 'dena' horretan ez dituztela mugak jarriko. Hedabideen rola, poliziarena eta epaileena itzela izango da galarazteko, lehenik, Sanchez presidente izatea berriro, eta, bigarrenik, EH Bilduk hauteskunde autonomikoak ez irabaztea».

Ahalegin horren barruan sartu du El Mundo egunkariak kaleratu duen informazio bat. 1977 eta 1987 bitartean egindako bederatzi bahiketarekin eta hilketa batekin lotu dute Otegi ETAko zenbait kidek, Espainiako eskuineko egunkari horren arabera. «Manipulazio handiko informazioa da, gezurretan oinarritua», esan du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Horrelako zerbait espero nuen, eta oraindik ere gehiago espero dut». Informazio horren harira, abokatuekin salaketa baten aukera aztertzen ari dela ere esan du. Baina ez luke nahiko ere «horrelako zerbait» behar baino gehiago luzatzea, eta, beraz, ez dago erabaki bat hartua.

Otegiren eta Urkulluren hautagaitzak

Edonola ere, koalizio abertzaleko buruak uste du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu egingo direla. Boz horietan EH Bilduren hautagaia izango ote den galdetuta, argitu du ez dagoela albisterik horretan. Esan du koalizioak «lasaitasunez» egingo duela hautagaiaren aukeraketa prozesua eta, «seguruenera», abenduan hasiko dela prozesu hori.

EAJk izango duen lehendakarigaiaren inguruan, berriz, uste du Iñigo Urkullu egungo lehendakaria izan daitekeela: «Bai, hori ematen du, ikusten baitut oso kanpaina indartsuan, baina ikusiko da». Hala balitz, Urkullurekin eztabaida politiko bat edukitzea ez duela kezkatzen helarazi du: «Beti izan naiz horren oso aldekoa». Eztabaida hori egotea nahiko luke Otegik, «baina ez hauteskundeak daudelako, horrelako eztabaidak beti egitearen aldekoa naizelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.