Literatura

Maialen Berasategi Catalanek eta Joxemari Berasategi Zurutuzak irabazi dute Itzulpengintzako Euskadi saria

Abdulrazak Gurnah Nobel saridunaren Paradisua obrarengatik irabazi dute. Miren Billelabeitiak Saiakerako Euskadi saria eskuratu du, Norberak maite duena lanagatik.

Maialen eta Joxe Mari Berasategi. GORKA RUBIO/ FOKU
aitor biain
2023ko urriaren 16a
10:39
Entzun

Idazleen lanari balioa emateaz gain, irakurzaletasuna sustatzea da Euskadi Literatura sarien xedea. Eta hori bera da, hain zuzen ere, Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz saiakeraren muina ere (Mungia, Bizkai, 1960): irakurketak sortzen duen plazera nabarmentzea, eta ariketa horrek duen garrantzia azpimarratzea. Bada, ahalegin hori egin izana saritu diote orain, saiakerako Euskadi saria emanez. «Testu biribila» ondu izana txalotu diote epaimahaikideek, «estilo dotorea, idazkera jasoa prosa zaindua eta fina» duena. Irakaskuntzaren ofizioak behar duen balio soziala plazaratu izana ere goretsi diote. Pamielak argitaratu zuen liburua, iaz.

«Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe euskal irakurleari hurbiltzeko» egindako ahaleginagatik erabaki du epaimahaiak Itzulpengintzako Euskadi saria Maialen Berasategi Catalani (Gasteiz, 1989) eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzari banatzea (Zegama, Gipuzkoa, 1955). 2021ean Nobel saria irabazitako Abdulrazak Gurnah idazlearen (Zanzibar, Tanzania, 1948) Paradisua nobela itzuli zuten, lau eskutara. Epaimahaiaren iritziz, itzulpena «zorrotz» atxikitzen zaio esanahiari, baina «euskara aberats, zehatz eta naturalean ematen dira jatorrizkoaren ñabardura guztiak». «Benetan irakurketa gozoko testua lortu dute, itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta». Jokin Zaitegi sariketari esker itzuli zuten eleberria, eta Elkarrek argitaratu zuen iaz.

Gasteizko Artium museoan jakinarazi dituzte gaur sarituak, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea izan dira ekitaldian, sarituekin batera. Hain zuzen, gaztelaniazko literaturako eta saiakerako Euskadi sariak ere jakinarazi dituzte: hurrenez hurren, Ander Izagirrek eta Alejandro Morellonek jasoko dituzte, Vuelta al país de Elkano (Libros de K.O.) eta El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel) lanengatik.

Aurreko astean jakinarazi zituzten aurten saritutako beste hiru lanak: Patxi Zubizarreta, Zerria liburuagatik (Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria); Arantxa Urretabizkaia, Azken etxea eleberriagatik (Euskarazko Narratiba saria); eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa lanagatik (Ilustrazioko saria). Horiek eta gaur jakinarazitako egileek azaroaren 15ean jasoko dituzte sariak, Getxoko Muxikeberri zentroan (Bizkaia) egingo den ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.