«Prest zaudete hurrengo faserako?». Horixe Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Gazako mugan dauden lurrerako tropei egindako galdera, Israelek Gaza iparraldeko biztanleei hegoaldera joateko emandako epea bukatu eta gutxira. Dagoeneko agerikoa zena berretsi du gero Israelgo armadak: Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko prestatzen ari dela. Lehorreko ofentsiba bat hasiko duela edozein unetan, alegia.
Mehatxu hori ikusirik, ordea, irmo agertu da Hamaseko adar politikoko lider Ismail Haniyeh. «Gazako herritarrak beren lurraldean geldituko dira. Ez dute inoiz Gaza utziko edo ihes egingo», adierazi du telebistan egindako agerraldi batean. Israeli «genozidio bat» egitea leporatu dio, eta nabarmendu du ez dela hori bakarrik egiten ari, «AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Europako zenbait herrialderen laguntzarekin» baizik. Israelek lurreko operazioaren berri eman ondoren, dozenaka mila palestinarrek babes bila jo dute ospitaleetara.
Israelek iragarritako asmoei ere erantzun die Iranek. «Beranduegi izan baino lehen», Gazaren aurkako gerra krimenak eteteko aholkatu dio Tel Avivi Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek, eta ohartarazi dio erasoekin jarraituz gero, Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara zabaldu litekeela gatazka. Bereziki, Hezbollah milizia gerran sartuz gero horrek Israelentzat izan ditzakeen kalteen inguruan ohartarazi du.
Israelek Gazan lurreko ofentsiba bat egiteko arriskua presente egon da joan den larunbatean gatazka hasi zenetik. Horren adierazle nabarmenena izan zen atzo Israelek Gaza iparraldeko biztanleei emandako ultimatuma. Hasieran, gaur goizaldera arteko epea eman zien beren etxeak utzi, eta hegoaldera joateko. Gero, 16:00ak arte luzatu dute epe hori. Milaka batzuek lortu dute hegoaldera ihes egitea, baina beste asko, ia gehienak, han geratu dira. Besteak beste, ospitaleetako langileak izan dira Gaza iparraldetik joateari uko egin dioten batzuk. Izan ere, salatu dute ehunka zauriturentzat «ezinezkoa» litzatekeela hegoalderako bidaia egitea, argudiatuta «osasunez oso larri» daudela.
Ez da nolanahikoa Gaza iparraldetik hegoaldera egin beharreko bidea, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitu baitu, eta asko hil ditu bidean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.215 palestinar hil eta 8.100 zauritu ditu Israelek. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.000 zauritu dituzte palestinarrek.
Betetzen ezinezkoa den eskaera bat
Ultimatumari berehala erantzun dio nazioarteak, bai atzo, bai gaur. Horietako bat izan da EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell: «Uste izatea milioi bat pertsona 24 orduan mugi ditzakezula gerra egoeran, elikagairik, urik edo aterperik gabeko gune batera, setiopean, izugarri arriskutsua da eta praktikoki ezinezkoa». Israeli sostengua berriro adierazi dion arren, nabarmendu du Israelek defendatzeko duen eskubideak «muga bat» duela eta muga hori «nazioarteko legea» dela.
Nazioarteko diplomaziako beste ahots batzuk gogorragoak izan dira Israelekin. Esaterako, populazio bat bizitokiz mugitzera behartzea «gerra krimena» dela esan du Jan Egeland Norvegiako Atzerri ministro ohiak, Genevako konbentzioa oinarri hartuta. Hain justu, palestinarren eta israeldarren arteko Osloko bake akordioen sustatzaileetako bat izan zen Egeland. «Umo mordo bat dago hondakinen azpian, eta inork ezin ditu atera... dozenaka mila etxebizitza suntsituta...».
Gerra eremutik gertuago, Ekialde Hurbilean, hizpide izan dute Israelek agindutako lekualdatzea ere. Egiptok, Jordaniak, Qatarrek eta Iranek aho batez gaitzetsi dute Tel Aviven agindua. «Garrantzitsua da palestinarrak beren lurrean geratzea», esan du Egiptoko presidente Abdel Fattah el-Sisik. Jordaniako errege Abdullah II.a, berriz, lekualdatze horrek Ekialde Hurbileko mapa geopolitikoari nola eragingo liokeen ohartarazi du: «Ezinbestekoa da behartutako lekualdatzeari aurre egitea eta hori etetea, errefuxiatuen krisi bat inguruko herrialdeetara ez hedatzeko». Herrialde horretako Atzerri ministro Ayman Safadik, berriz, Israelek Gazako 2,3 milioi palestinarri ezarritako «zigor kolektiboa» gaitzetsi du.
Baliabiderik gabe geratzeko zorian
«Denbora agortzen» ari zaie Gazako haurrei, NBE Nazio Batuen Erakundearen haurrentzako Unicef erakundeak ohartarazi duenez. Haurrei, eta, oro har, Gazatik atera ezinik dauden guztiei. Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei. Asteazkenean agortu zen argindarra, Gazako zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu zenean. Orain, urik gabe gelditzearen arriskuren berri eman du UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak. «Hil edo biziko kontua bihurtu da. Baliabideak bidali behar dituzte Gazara, berehala, ez da eskaera bat, betebehar bat da», esan du erakundeko kide Philippe Lazzarinik.
Asteon behin eta berriz eskatu diote gauza bera nazioarteari, hau da, Gazara lehenbailehen giza laguntza bidaltzea. Bada, Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak baieztatu du horretarako «elkarlanean» ari direla AEBak, Israel, Jordania, Egipto eta NBE. Hori bai, giza laguntza bidaliko badute, eta korridore humanitario bat irekiko badute, «ezinbestekoa da» Israelek erasoak etetea, edo bi aldeek «su eten bat» negoziatzea. Izan ere, txoko bat bera ere ez dago «arriskutik salbu» Gazan. «Gerrek arauak dituzte. Zibilak, ospitaleak, eskolak, klinikak eta NBEk kudeatzen dituen eraikinak ezin dira helburu militarrak izan». Edonola ere, erakundearen egoitzak ere jada ez direla «espazio seguruak» esan du UNRWAk.
Gatazka hasi zenetik Israelen aldera lerratu den arren, Europako Batzordeak esan du hirukoiztu egingo duela Gazara bidaliko duten giza laguntza. Denera, 75 milioi euro kostatuko da, aurreikusi baino 50 milioi euro gehiago. «NBErekin elkarlanean jarraituko dugu laguntza hau Gazan dauden guztiengana iristen dela ziurtatzeko», azaldu du batzordeko presidente Ursula von der Leyenek.
Fronteetan, borrokak ez du etenik
Israelek agindua eman zuenetik, Gaza iparraldean izan da erdigunean. Halere, bi aldeen arteko bonbardaketek ez dute etenik izan, ez Gazako mugako frontean, ezta Israelen eta Libanoren arteko frontean ere. Azken eremu horretan giroa nabarmen gaiztotu da azken orduetan. Hezbollah miliziak eta Israelgo armadak baieztatu dute bi aldeen arteko erasoak izaten ari direla goizetik.
Hain justu, Libanoko talde armatuak atzo ohartarazi zuen «une egokia denean, eta beren irizpideen arabera» eraso egingo ziola Israeli. Bestalde, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagarik esan du «hil» egingo dutela Libanoko mugatik Israelera sartzen saiatzen den «oro». Gaineratu du Israelgo armada «prest» dagoela edozein frontetako erasoei erantzuteko.
Gazako milizia palestinarren eta Israelen arteko borrokei dagokienez, berriz, Hamaseko komandante Ali Qadi hil duela jakinarazi du Israelek. Haien arabera, hark gidatu zuen larunbateko erasoaldia. Hamasek, ordea, ez du horren inguruko adierazpenik egin. Eta Gazatik zenbait kilometro ekialdera, Zisjordanian, beste forma bat hartzen ari da gerra. Larunbatetik hona, 400 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelgo Poliziak, eta 53 palestinar inguru hil dituzte han —kolonoen eta palestinarren arteko borroketan, gehienak—. Addameer presoen eskubideen aldeko elkarteak ohartarazi zuenez, palestinarrak bakartuta dauzkate kartzeletan.