Literatura

Arantxa Urretabizkaiak, Patxi Zubizarretak eta Joseba Larratxek irabazi dituzte Euskadi sariak

Narratiba saria eman diote Urretabizkaiari, 'Azken etxea' nobelagatik; haur eta gazte literaturako saria Zubizarretari, 'Zerria' lanagatik; eta ilustrazio saria Larratxeri, 'Ni ez naiz Mikel Laboa' lanagatik.

Patxi Zubizarreta, Arantxa Urretabizkaia eta Joseba Larretxe, gaur goizean, Euskadi sarien banaketan. GORKA RUBIO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urriaren 11
10:59
Entzun

Jakinarazi dituzte aurtengo Euskadi literatura sarietako irabazleetako hiru: Arantxa Urretabizkaia, Azken etxea nobelagatik (Pamiela); Patxi Zubizarreta, Zerria liburuagatik (Erein), eta Joseba Larratxe, Ni ez naiz Mikel Laboa komikiagatik (Mikel Laboa katedra, Elkar). Narratibaren saria eman diote Urretabizkaiari, haur eta gazte literaturako saria Zubizarretari, eta ilustrazio lanen saria Larratxeri. Goizean iragarri dituzte hiru sari horien irabazleak, Donostiako San Telmo museoan eginiko agerraldi batean. Beste lau falta dira jakinarazteko: saiakerarena, itzulpenarena eta gaztelaniazko bi modalitateenak.

Bigarrenez saritu dute Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) Euskadi literatur sarietan, baina aurtengoa du lehenbizikoa narratiban. 2017an, idazlearen Bidean ikasia saiakera lanari egin zioten aitortza sarietan. Orain, narratibaren garaikurra jaso du Urretabizkaiak, Azken etxea eleberriari esker. Haren bosgarren eleberria da hori. Liburuko pertsonaia guztiak zaharrak dira, baina «aitona-amona maitagarriak izatetik urruti» daudenak, idazleak lanaren aurkezpenean esplikatu zuenez. Ikuspegi hori agerikoa da lanean. Halaber, Euskadi saria ez ezik, 111 Akademiaren saria ere irabazi du Azken etxea-k.

Zerria lanari esker irabazi du haur eta gazte literaturako Euskadi saria Patxi Zubizarretak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964). Garaikur hori aintzat harturik, idazleak dagoeneko bost aldiz erdietsi du sari horren aitortza. Gainera, hain zuzen ere Zerria eleberriagatik jaso du Zubizarretak Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria, «narrazioaren kalitate apartagatik» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abileziagatik».

Ilustrazio sarian, Ni ez naiz Mikel Laboa nabarmendu dute Euskadi sarietako epaimahaikideek: Joseba Larratxe Josevisky saritu dute hala (Irun, Gipuzkoa, 1985). Larratxek Unai Iturriagarekin eta Harkaitz Canorekin batera ondu du liburua. Zehazki, Iturriaga eta Cano arduratu ziren gidoia idazteaz, eta Larratxek eraman zuen hitza irudietara. Zehazki, Mikel Laboa katedrak eta Elkar argitaletxeak plazaratu zuten liburua. «Proposamen fresko eta oroigarria da, erreferentzia eta sinbolismo kultural asko jasotzen dituen obra konplexua, baina, gainera, irakurketa arina ahalbidetzen du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita askotariko ikuspegiak ere, hainbat irakurketa geruzarekin», adierazi dute epaimahaiko kideek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.