Makroekonomia

NDFk interes tasa handiei eusteko eskatu du, inflazioak iraungo duelako

Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du arrisku geopolitikoak handitzen ari direla. Hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako apalenak dira.

Pierre-Olivier Gourinchas Nazioarteko Diru Funeko ekonomia ekonomialari burua, Marrakexen, astearte honetan. MOHAMED SIALI (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 10a
13:06
Entzun

NDFk mezu bera helarazi du, baina tonua gogortuta. Apirilean eta uztailean egindako iragarpenetan antzemandako lainoak beltzagoak dira orain. 2024rako munduko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena hamarren bat jaitsi du, %2,9raino, eta, epe motz eta ertainera begira Txinako higiezinen krisia jo du arrisku nagusitzat. Halaber, ohartarazi du «tentsio geopolitiko eta klimatiko berriek» elikagaien, energiaren eta trantsizio energetikorako funtsezkoak diren beste lehengai batzuen prezioa garestitzea ekar dezaketela, eta, beraz, inflazio handia izango dela aurrerantzean ere. Horri aurre egiteko «diru politika zorrotzei» eutsi beharko zaiela nabarmendu du.

Munduko aurreikuspen ekonomikoei buruz asteartean argitaratutako txostenean, NDFk adierazi du aurtengo hazkundea %3koa izatea espero duela, uztailean esan bezala, baina hamarren bat jaitsi du 2024ko hazkunde iragarpena, %2,9raino. Hazkundea «egonkorra baina ahula» dela azpimarratu du.

Txostena irailaren 25era arte bildutako informazioarekin egin du, eta, beraz, ez du kontuan hartzen milizia palestinarren eta Israelen artean piztu berri den gerrak zer eragin izan dezakeen. Pierre-Olivier Gourinchas erakundeko ekonomialari buruak esan du «oso goiz» dela horren ondorio ekonomikoak ebaluatzeko.

AEBak hobeto, Eurogunea okerrago

NDFren arabera, «espero baino hobeto» hasi zen 2023a, AEBetako kontsumoaren sendotasunari esker. Baina pandemiaren, Ukrainako gerraren eta energia krisiaren ondorioetatik suspertzeko «erresilientzia nabarmena» izan arren, Gourinchasek ohartarazi du hazkundea «ahula» dela oraindik, eta herrialde batzuen eta besteen artean «gero eta alde handiagoak» daudela. «Munduko epe ertaineko hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako txikienak dira, eta ez dirudi herrialdeetako bizi maila hobetuko denik. Balantza okerreko aldera makurtuta dago oraindik».

AEBei dagokienez, NDFk aurreikuspenak hobetu ditu, inbertsioak eta kontsumoa espero baino azkarrago berreskuratu baitira: hazkundea aurten %2,1koa izango dela dio, uztailean baino hiru hamarren gehiago, eta 2024an %1,5koa, bost hamarren gehiago.

Eurogunean, aldiz, aurreikuspenak okertu ditu, haren ustez Ukrainako gerraren eta krisi energetikoaren eraginak handiagoak direlako. Euroguneko ekonomia 2023an %0,7 haziko dela dio eta 2024an %1,2, uztailean uste zuen baino bi eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Azpimarratu du, halaber, eurogunean aldeak daudela herrialdeen artean. Alemaniak aurten %0,5eko «uzkurdura txiki bat» izango duela dio, aurreikusi baino bi hamarren handiagoa. Bestalde, Espainia %2,5 haziko da, Frantzia %1 eta Italia %0,7.

Txinako krisia

Txinaren aurreikuspenak ere okertu ditu, higiezinen merkatuaren krisia dela eta. NDFren arabera, horrek herrialdearen hazkundea %5era mugatuko du aurten, eta % 4,2ra 2024an, uztailean esan baino bi eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Gourinchasen arabera, arazo horrek agintarien «erantzun irmoa» eskatzen du. «Kredituak bultzatutako higiezinen hazkunde eredutik aldendu behar du Txinako ekonomiak».

Izan ere, NDFren irudiko, hori da ekonomia globalerako arrisku nagusia, eta ohartarazi du horren zabaltzeak lehengaien prezioen aldakortasunean ere eragin dezakeela. «Txinako higiezinen sektorearen krisia sakontzeak ondorioak izan ditzake nazioartean, bereziki lehengaien esportatzaileentzat».

Horrekin batera, munduko ekonomiari eragiten ari zaizkion beste gertaera batzuk aipatu ditu Gourinchasek. Gogorarazi duenez, ekainaz geroztik petrolioaren prezioa %25 inguru igo da, LPEE+ erakundeko herrialdeen murrizketaren ondorioz, eta horiei eutsiko diete. Era berean, azpimarratu du «zatiketa geoekonomikoak» lehengaien prezioen garestitzea eragiten ari direla, mineral kritikoena bereziki. «Horrek arrisku makroekonomiko larriak ekar litzake etorkizunean, klima trantsizioan besteak beste».

NDFko ekonomialari buruak elkarlanerako mezua bidali du: «Herrialdeek izkin egin behar diete Munduko Merkataritza Erakundearen arauak urratzen dituzten eta nazioarteko merkataritza desitxuratzen duten politikak. Eta klima trantsiziorako beharrezkoak diren mineral kritikoen fluxua zaindu behar dute, baita nekazaritzako oinarrizko produktuena ere».

Bi abiadurako inflazioa

Halaber, azken txostenean NDF oso kezkatuta agertu da inflazioaren aurtengo bilakaerarekin. Aurreikusten du munduan %6,9ra jaitsiko dela aurten, eta %5,8ra datorrenean. Beheranzko bidean jarraitu arren, uztailean esan baino okerragoa da 2024ko aurreikuspena: sei hamarren handiagoa.

Aipatutako «arriskuek» inflazioa espero baino gutxiago jaistea ekarriko duela nabarmendu du Gourincahsek; ohartarazi duenez, azpiko inflazioa murrizteko prozesuak denbora gehiago beharko du, eta 2025era arte ez da lortuko banku zentralek jarritako helburuak betetzea. «Diru politika zorrotzari eutsi beharko zaio leku gehienetan, inflazioa zehaztutako helburura modu iraunkorrean jaitsi arte. Oraindik ez gara puntu horretara iritsi».

NDFren arabera, prezioen moteltzea handiagoa izango da ekonomia aurreratuetan, batez ere eurogunean eta AEBetan; diru sarrera txikiko herrialdeetan, berriz, inflazioa %10etik gorakoa izango da. Erakundeak azpimarratu du herrialde askok oso tarte eskasa dutela arazoari aurrekontuen bidez aurre egiteko, zorpetze handia dutelako. Eta, abuztuko txosten batean azaldu zuen moduan, energiarako laguntzak zaurgarrienentzat mugatu behar direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.