Litiozko baterien «ezohiko» arriskua su hartzeko: argibideak eta gomendioak

Eskuko telefonoa kargatzen zuen bitartean sute bat piztu izanaren ondorioz Beran hil den gaztearen kasuaren harira, horra argibideak. Bateriek badute deflagrazio arriskua, telefonoetakoek eta bestelako gailuetakoek. Ezohiko arazoa dira.

Eskuko telefono bat. JOéDSON ALVES / EFE
arantxa iraola
2023ko urriaren 10a
10:30
Entzun

Istripu latza gertatu da asteburuan Beran (Nafarroa): 25 urteko gazte bat hil da. Gau mahaian zuen telefonoa, kargatzen, eta gailuak su hartu zuen. Ikertzen ari dira zer gertatu zen zehazki. Sutearen ondorioz, erredura larriak izan zituen. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zuten gaztea, helikopteroz, baina oso larri zegoen; han hil zen. Eskuko telefonoak erabiltzea guztiz zabalduta dago, eta oihartzun handia izan du berriak. Horiek horrela, halako zerbait nola eta zergatik gerta daitekeen ulertzea garrantzitsua da. Izarkom telekomunikazio kooperatibako arlo teknikoko zuzendaria da Asier Garaialde, eta hainbat argibide eman ditu. Ohartarazpen bat egin du beste ezeren aurretik: halako jazoerak «ezohikoak» dira.

«Bateria lehertzen da beti», azaldu du Garaialdek. Zehazki, litiozko baterien arazo klase bat da. Erruz erabiltzen dira bateria klase horiek egun; eskuko telefonoetan erabiltzen dira, adibidez, eta bestelako gailu mota batzuetan ere bai: patineteetan, esaterako, eta robot gisako xurgagailuetan. Ondorioz, litiozko bateria bat duten gailu denek dute antzeko zerbait gertatzeko arriskua. Baina ohartarazpena egin nahi izan du berriro: «Lehertu daitezke, baina oso arraroa da bateria bat lehertzea».

«Leherketez» hitz egiten da sarritan halako jazoerak hizpide hartzean, baina zehaztapen bat egin nahi izan du Garaialdek. «Bateriek, lehertu bainoago, su hartzen dute, nahiko modu biolentoan», esplikatu du. Horra zer gertatzen den: «Bateria barruko litioa, egoera jakin batzuetan, irakitan has daiteke». Horren ondorioz, bateria zabaldu egin daiteke, eta orduan sortzen den «erreakzio kimikoak» eragin dezake sute «biolento» bat. Izarkomeko teknikariak horregatik defendatzen du definizio hibrido bat halakoak zer diren zehatz azaltzeko: «Erdi eztanda, erdi su hartzea izaten da». Eta arriskua badute: «Behin su hartuta, horiek itzaltzea oso zaila da, osagaiengatik».

Beran hil den gizon gaztearen telefonoa kargatzen ari zen sutea piztu zenean. Garaialdek onartu du horixe izaten dela bateria batek antzeko arazo bat izateko modurik «normalena», baina ez da ezinbestekoa: justu kargatzen egon gabe ere piztu daiteke sua.

Halakoak gertatzeko arriskua oso txikia bada ere, aintzakotzat hartzeko hainbat gomendio baditu Garaialdek, prebentzio modura. Baga: «Ahal bada, kargagailu egoki batekin kargatu behar da bateria beti. Kargagailuak aldatzen aritzea ez da ona». Gainerakoan, «gainkargak» egon daitezke baterietan, eta berotzeko eta irakitan hasteko arriskua handitu egiten da. Biga: bateriek «kolperen bat» hartu badute, tankerako arazoren bat izateko arriskua handitu egiten da. «Izan ere, bateriaren barne egitura aldatu egin daiteke, eta horrek berotzea ekar dezake», azaldu du Garaialdek. Higa: beroarekin kontuz ibili behar da beti. Udaran-eta, esaterako, telefonoa eguzki berotan uzten bada, halako arazoak sortzeko arriskua handitu egiten da. «Izan ere, bateria ere berotu egiten da, eta une horretan jartzen baduzu kargatzen, adibidez, berotasun horrek eta sartzen dugun energia guztiak sute bat pizteko arriskua eragin dezakete». Horien jakitun izatea garrantzitsua da, baterien egoerari adi erreparatzeko eta arrisku egoerak saihesten ahalegintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.