Ekialde Hurbila

Israel eta Gaza, gerran

Hamasek ezusteko eraso bat abiatu du, inoiz ez bezalakoa; Jihad Islamikoa oldarraldira batu da, eta gutxienez hirurehun israeldar hil dituzte.

Palestinar batzuk, Gazan, Israelen auto baten gainean. HAITHAM IMAD / EFE
Ander Perez Zala - Julen Otaegi Leonet
2023ko urriaren 7a
12:33
Entzun

Ezusteko eraso bat abiatu zuen Hamasek atzoko ordu txikietan. Inoiz ez bezalakoa da, airekoa, itsasokoa eta lurrekoa: besteak beste, 5.000 suziritik gora jaurti dituzte Gazatik, eta dozenaka milizianok une hori baliatu zuten muga pasatu eta zenbait herriren kontrola bereganatzeko. Hango hedabideen arabera, militarrak bahitu eta hil dituzte —tartean, komandanteak, organizazio politiko islamistak esan duenez—, eta, denera, behin-behineko datu ofizialen arabera, gutxienez hirurehun israeldar hil dituzte, eta 1.590 baino gehiago zauritu. Jihad Islamikoa ere oldarraldira batu da, «batailaren» parte dela ziurtatuta. Hori ikusirik, Israelgo armadak gerra egoera deklaratu du.

Hamasen adar militarreko —Izz ad-Din al-Qassam Brigadetako— buru Mohammed Deifek bideo batean azaldu duenez, operazio militarrak hainbat arrazoi ditu: batetik, «erantzun bat» da, Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen kontrako «erasoen» aurkakoa; eta, bestetik, preso palestinarren egoera geroz eta okerragoaren ondorio bat —horietako batzuk gose greban daude—. Gerora, Ghazi Hamad Palestinako organizazio politiko islamistaren bozeramaileak Al-Jazeera telebista kateari esan dio gaur abiaturiko operazioa «mezu bat» ere badela Israelekin harremanak normalizatzen ari diren herrialde arabiarrentzat: «Uste dut hori egitea lotsagarria dela haientzat». Hain justu, hilabeteak dira Saudi Arabia negoziazioetan ari dela hori egiteko.

Erasoaren eskalak eta koordinazioak, eta lehen erreakzioek agerian utzi dute Israelgo zerbitzu sekretuek ez zutela horren arrastorik, eta gobernuak eta armadak erantzuna inprobisatu behar izan dute. «Etsaiak inoiz ikusi gabeko prezioa ordainduko» duela adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta herritarrei esan die «gerran» daudela, eta gatazka hori «irabaziko» dutela. Horretarako, zera jarri du helburutzat Netanyahuk: erasoa jasan duten eremuetan «bakea eta segurtasuna berriz ezartzea», eta zona horiek «infiltraturiko etsaiez garbitzea».

Israelgo oposiziotik, Yair Lapid gobernuburu ohiak batasun gobernu bat eratzea proposatu dio lehen ministroari, betiere eskuin muturreko alderdiak koaliziotik botatzen baditu, eta Netanyahuren Likud alderdiak baiezkoa erantzun dio. Hori baino lehen, gobernuak jakinarazi du Gazarako elektrizitate hornidura etetekoa zela.

Bien bitartean, Israelgo armadak ahalik eta azkarrena hasi du kontraerasoa. Gazako osasun iturrien behin-behineko datuen arabera, gutxienez 313 palestinar hil ditu bonbardaketetan, eta beste 1.990 zauritu. Middle East Eye atariaren berriemaileek esan dute zerrendako herritarrak «egoerarik okerrenerako» prestatzen ari zirela, eta askok etxetik ihes egin dutela, «leku seguruagoetara». Al-Jazeera telebista kateak, berriz, esan du zibilek «luzera begirako» eraso bat espero dutela Israelgo militarren partetik.

Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalak premiazko bilkura bat egin du, eta PANeko presidente Mahmud Abbasek «terrorismotik eta okupazio indarretatik» defendatzeko eskubidea aldarrikatu du. Palestinari «babes emateko» beharraz ere aritu da, eta «duintasuna berreskuratzeko» erasoalditzat deskribatu du Gazako milizien operazio militarra, Al-Aqsa uholdea deiturikoa. Gainera, PANen segurtasun indarrei «palestinar guztiak babesteko» agindua eman die.

Hamasen eta Israelgo goi kargudunen adierazpenak ikusirik, badirudi gatazka armatuak luze iraungo duela. Horren erakusle, batetik, Deifen adierazpen bat: «Lurreko azken okupazioa amaitzeko borrokarik handienaren eguna da»; eta, bestetik, Al-Jazeera telebista kateari Palestinako organizazio politiko islamistaren buruzagiorde Saleh al-Arurik esandakoa: «Espero dugu borrokak segituko duela, eta borroka frontea zabaldu egingo dela. Helburu nagusi bat dugu: gure askatasuna eta gure leku sakratuen askatasuna». Estrategia hori baieztatu du Hamasen buruzagi Ismail Haniyehk, azaldu baitu borroka Zisjordaniara eta Jerusalemera «zabaldu» nahi dutela.

Gerora, Al-Aruri berriz mintzatu da telebista kate horrekin, eta mezu bat helarazi die preso palestinarrei: haiek askatzeko «nahikoa» militar israeldar bahitu dituztela. «Esku artean dugunak aske utziko zaituzte». Hamasen bozeramailearen arabera, «dozenaka» dira, eta Gazako tuneletan dituzte; Tel Avivek baieztatu egin ditu bahiketak, eta esan du zibilak ere badirela tartean.

Nazioarteko erreakzioak

Hamasek abiaturiko erasoaldiak denetariko erreakzioak eragin ditu nazioartean. Batzuk palestinarren alde agertu dira, eta beste batzuk, Israelen alde. Ekialde Hurbileko estatuei dagokionez, esaterako, Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Nasser Kanaanik esan du bere herrialdeko gobernuak Hamasen eta Jihad Islamikoaren operazioa babesten duela, eta adierazi du eraso hori «mugarri» dela Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan. «Honek berriz ere erakusten du sionistak zeinen hauskorrak diren operazio serio bat dagoenean, eta ez dutela erresistentziarako beharrezko izpiriturik», Kanaaniren ustetan.

Hezbollah Libanoko talde xiitak ere babesa helarazi die Palestinako miliziei, eta esan du «Israelen okupazio iraunkorrari erantzun irmoa» eman diotela; talde horrek ere adierazi du Israelekin harremanak «normalizatzen» ari diren eta hori egin nahi duten herrialde arabiarrentzako «mezu bat» ere badela erasoaldia.

Erreakzioak ugaritzen ari ziren bitartean, Egiptoren erantzunak bereganatu du arreta, iraganean izandako borroketan bitartekari lana egin baitu. Oraingoan ere horretan ari dela ziurtatu du Kairok, eta arrakasta izateko «moderaziorik handiena» eskatu die bi aldeei; azaldu duenez, harremanetan da Israelekin eta Gazarekin oldarraldia baretzen saiatzeko, eta nazioarteko eragileek esku hartu dezaten galdegin du.

Beste herrialde batzuek Palestinako milizien erasoa salatu dute. Kasurako, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Israelen aliatuetako batek; Antony Blinken Estatu idazkariak helarazi du mezu hori, eta gerora argitara atera dute Joe Biden AEBetako presidentea eta Israelgo lehen ministroa telefonoz mintzatu direla. Elkarrizketa horretan, Bidenek Netanyahuri esan dio «eskubidea» dutela «beren burua defendatzeko», eta Israelgo lehen ministroak erantzun dio borroka «luze eta sendoa» beharko dutela «irabazteko»; horren ondoren, Israelgo lehen ministroak Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Mark Rutte Herbehereetako gobernuburuarekin ere hitz egin du, kasurako.

Europako Batasunari dagokionez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea ere izan da Hamasen eta Jihad Islamikoaren erasoa gaitzetsi duten beste agintarietako bat; hark ere esan du Israelek «defendatzeko eskubidea» duela milizien operazioan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, aldiz, «eusteko» eskatu die bi aldeei: «Baztertu ditzatela tentsioa okertzea ekarriko duten neurriak». Bide beretik, NBE Nazio Batuen Erakundeak «indarkeria amaitzeko» eskatu die Israelgo armadari eta Palestinako miliziei, eta Brasilek jakinarazi du erakunde horren Segurtasun Kontseiluaren bilera batera deitu duela —bihar elkartuko da—.

Maiatzeko erasoaldia

Atzo abiaturiko borrokaren aurretik, azken talka armatua joan den maiatzekoa izan zen, Israelgo armadak Jihad Islamikoaren kontrako Ezkutua eta gezia operazioa abiatu zuenekoa —hilketa selektiboen» zerrendan jasotako izenak zituen helburu—. Bost egun iraun zuen, eta 30 palestinar baino gehiago hil zituzten tarte horretan; biktima guztiak ez ziren talde armatuko kideak, zibilak izan baitziren gehienak, adingabeak tartean. Egiptok lortu zuen bi aldeek menia adostea.

Baina baliteke gaurkoaren eskala iragan maiatzekoarena baino handiagoa bilakatzea, eta antzekotasunak izatea 2021eko maiatzean gertaturikoarekin, edo hura ere gainditzea. Hamar egun iraun zuen borrokak orduan, eta Israelgo armadak gutxienez 230 palestinar hil zituen Gazan, eta 1.700dik gora zauritu; kalte materialak ere handiak izan ziren, bonbardaketek 264 milioi euroren kalteak eragin baitzituzten, Gazako Informazio Ministerioaren datuen arabera. Israelen, berriz, hamabi lagun hil eta 336 lagun zauritu zituzten Hamasen suziriengatik.

Jerusalemgo Al-Aqsa meskitaren inguruan izandako tentsioaren ondorioz lehertu zen indarkeria hori duela bi urte inguru, eta oraingoan ere horrek eragin du Palestinako milizien erasoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.