Iran

Moralaren Poliziaren ustezko eraso baten ondorioz koman dagoen neska baten afera ikertzeko eskatu dute

Ilea estalita ez eramateagatik bultzatu zuen Moralaren Poliziak, Teherango Metroan, lekukoen arabera. Agintarien arabera, berez erori zen, «tentsio jaitsiera batek zorabiatuta».

Ezkerrean, Armita Geravand 16 urteko ikaslea. Eskuinean, lagunak haren gorputza trenetik ateratzen. BERRIA
2023ko urriaren 5a
18:39
Entzun

Igandean gertatu zen, Irango hiriburuko Shohada metro geltokian. Zabaldu dituzten zaintza kameretako irudietan ikus daitekeenez, neska talde bat sartu zen trenean. Ilea bistan zuten lagunek. Baina, berehala, ikusten da nola neskek besoetan ateratzen duten haietako bat.

Armita Geravand da lurrean dagoen neska; 16 urte ditu, eta artea ikasten du, lagunek bezala. Haiek esan dutenez, trenaren barruan Moralaren Poliziako kide batzuekin egin zuten topo. Irango agintari erlijiosoek ilea estalita izateko agintzen diete emakumezkoei, Islamak hala agintzen duela argudiatuta, eta Moralaren Poliziako kideak kaleetan eta garraio publikoan patruilan ibiltzen dira, debekua betearazten. Horietako batek, lekuko baten arabera, kargu hartu zion Geravandi, ilea bistan eramateagatik. Neskak bakean uzteko erantzun zion. Poliziak, orduan, eraso egin zion gazteari, eta metroko bagoiaren barretako baten kontra bultzatu zuen.

Gazteak konortea galdu zuen, eta erietxe militar batera eraman zuten. Koman dago orduz geroztik.

Agintariek adierazi dute «tentsio jaitsiera batek zorabiatuta» erori zela gaztea, eta ez zuela inolako arazorik eduki Moralaren Poliziarekin.

Irango Giza Eskubideak eta Kurdistango Hengaw taldeek trenaren barruko kamerek harturiko irudiak argitaratzeko eskatu diote Teherango Gobernuari. Horrez gain, nabarmendu dute Irango hedabide publikoetan zabalduriko irudietan 100 segundo falta direla, bideoan agertzen den erlojuari erreparatuta.

«Nazioarteko ikerketa independente bat egitea ezinbestekoa da, xehetasunak azaltzeko», adierazi du Irango Giza Eskubideak taldeak, eta munduko gobernuei eskatu die estu hartzeko Iran, Nazio Batuen Erakundearen ikerketa misio bat onar dezan.

Beste Amini bat?

Duela gutxi hasi da Moralaren Polizia berriz lanean, hainbat hilabetez kaleetatik at egon ostean; hain zuzen, gobernuak agindua zion hori, duela urtebete Mahsa Amini gaztea antzeko gertaera batean hil zela eta.

22 urteko neska kurdua atxilotu egin zuen Irango Moralaren Poliziak, iazko irailaren 13an, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ospitalean hil zen, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek salatu zuten ez zegoela gaixo atxilotu aurretik.

Hurrengo egun eta asteetan, Teherango indar armatuek gutxienez 185 pertsona hil zituzten Kurdistanen eta Iranen izandako protestatan.

Orain koman dagoen gaztea ere, Geravand, kurdua dela esan du Hengaw elkarteak. Salatu dute segurtasun handiko erietxe militar batera eraman zutela, eta senideei telefonoak kendu dizkietela. Taldeak esan du ama atxilotu egin dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.