Zerga sistema

3,2 milioi eurotik gorako ondareen jabeek ordainduko dute zerga berezia

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek fortuna handien gaineko zergaren baldintzak hitzartu dituzte.

Aldundietako eta Jaurlaritzako ogasun arduradunak, duela urtebeteko Finantzen Euskal Kontseiluan. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 5a
15:16
Entzun

Espainian baino urtebete geroago, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere aplikatuko da fortuna handien gaineko aldi baterako zerga berezia.

Zerga hori arautzen duten foru arauen proiektuaren aurrekoak gaur onartu dituzte hiru foru gobernuek, eta asmoa da urtea bukatu aurretik onartua izatea.

Batzar nagusietako eztabaidan aldaketarik gabe aurrera egingo balu, 3,2 milioi eurotik gorako ondarea dutenek pagatuko dute zerga hori, eta progresiboa izango da.

Ordaindu beharreko tasetan, ordea, bada alderik. Bizkaian, %1,5eko tasa dute 3,2 eta 6,4 milioi arteko ondareek, eta Gipuzkoan eta Araban, berriz, %1,7koa. Azken bi lurralde horietan erdibideko tasak (%2,1 eta %2,5) handiagoak dira Bizkaian baino (%1,75 eta %2); azkenekoan, ordea, ez (%3,5, hiru lurraldeetan).

Fortuna handien gaineko zerga, hain zuzen, ondare zergaren osagarria izango da hiru lurraldeetan. Hau da, ondarearen zergan dagoeneko ordaindu dutenaren adinako kenkari bat ezarriko diete fortuna handien gainekoan, zergapekoek ez dezaten bi aldiz ordaindu kontzeptu berarengatik (ondarea).

Zerga iheslariak

Berez, zerga hori sortzeko arrazoia izan da ondare zergari izkin egin diotenek beren ondare handiaren truke zerga bat ordaintzea. Hori ez da gertatzen Hego Euskal Herrian, baina bai PPren esku dauden Espainiako erkidego batzuetan, azken urteetan zero tasa bat jarri baitiote ondare zergari. Politika horrek eragin du dirudun asko Madrilen helbideratzea.

Hasieran, zerga bi urterako izatea proposatu zuen Pedro Sanchezen gobernuak, eta hala onartu zuten Espainiako Gorteek ere, baina ez da baztertu behar zerga finko bihurtzea. Hori eskatu du, esaterako, Sumarrek.

Aldundiek eta Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin hitzartutakoaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean egongo da Espainian indarrean iraun bitartean.

Elkarrekin Podemosen botoak

Gaur proposatutako foru arauak ez luke aurrera egingo Bizkaiko Batzar Nagusietan, han gehiengo osoa baitute foru gobernua osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE). Bi talde horiek daude agintean Arabako eta Gipuzkoako aldundian ere, baina ez dute gehiengorik batzar nagusietan, eta gutxienez beste alderdi baten babesa beharko lukete.

Pentsatzekoa da Elkarrekin Podemos taldeko batzarkideek —hiru Araban eta bi Gipuzkoan— arauak babestuko dituztela, Espainian haiek proposatu baitzuten zerga hori.

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bezala, Nafarroak ere lortu zuen iaz Madrilen erabakitako zerga bere sistema fiskalean gehitzeko eskubidea. Hala ere, Maria Txibiteren gobernuak ez du zerga berria sortu nahi izan, eta, horren ordez, ondare zergaren tasak handitu ditu, EH Bildurekin lortutako akordio baten ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.