Lan istripuak

Lau pertsona hil dira upategietan itota azken hiru urteetan

Karbono dioxidoa mehatxu ezaguna da sektorean. Ardoaren hartzidurak eragiten du, eta, asko arnastuz gero, hilgarria da. Lantziegon igandean gertaturikoaren antzeko istripu bat egon zen Lapuebla de Labarcan duela hiru urte.

Igandeko istripua izandako Lantziego upategia. R. M. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko urriaren 2a
14:09
Entzun

Ardoaren hartzidurak karbono dioxidoa eragiten du, eta, asko arnastuz gero, hilgarria da. Igandean Lantziegon (Araba) hildako bi gizonak hura arnastuta hil ziren. Hildakoetako bat upelaren barruan erori zen, eta hura sorostera joan zenean hil zen bigarrena. Beste bat ere joan zen, eta hura ere larri eraman zuten Logroñoko ospitalera. Lantziegoko alkateak azaldu duenez, hainbat herritar bertaratu ziren laguntzera, eta haiek atera zuten hirugarrena, baina beranduegi zen lehen bien heriotza eragozteko.

Karbono dioxidoa, baina, mehatxu ezaguna da sektorean. Urrunago joan gabe, duela hiru urte beste bi pertsona hil ziren modu berean, Lapuebla de Labarcan egondako istripu batean. Espainia iparraldeko upategietan —Euskal Herriko hegoaldekoen oso antzekoa dira— ere ohikoak dira horrelako kasuak. 2019an hiru lagun hil ziren Zaragozako upategi batean eta iaz bat Leonen. Normalean upategi txikietan izaten dira, upeltegi berri gehienek karbono monoxidoari irteten uzteko arnasbideak dituztelako.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gaur azaldu duenez, azken urteetan asko murriztu dira kasuak, hein handi batean upeltegiek segurtasun neurriak jarri dituztelako. Hala ere, esan du ulertuko lukeela «beldurra zabaltzea», are gehiago mahats uzta betean egonda. Karbono dioxidoa, izan ere, ez da erraza aurkitzen, ez du usainik, eta neurgailu berezirik izan ezean ezin da detektatu.

Upeletan sartzeko, leku itxietan lan egiteko gomendio eta araudiak bete behar dira. Putzu septiko, estolda... eta antzekoetako berak dira. Hasteko, non sartu behar den jakin behar da, ingurunea ezagutu. Osalanek hainbat gomendio ematen ditu halakoetarako: inoiz ez bakarrik sartu, ahal bada lotuta, gas neurgailuekin, eta, beharrezkoa bada, arnasa hartzea erraztuko duten gailuekin. «Botilak behar dira, edo arnasbide bat. Halakoetan, maskara ez da nahikoa», azaldu du Mari Nieves de la Peña: «Maskarak beste gasak ez arnasten lagundu diezazuke, baina, oxigenorik ez badago, konortea galtzeko arriskua dago».

Lantziegoko kasua istripua izan zen. Lehen hildakoa erori egin zen, eta bestea presaka sartu zen. Kasu arruntetan, baina, ohikoa da kandela, txiskero edo su txiki batekin sartzea. Hori, baina, ez da nahikoa, De la Peñak nabarmendu duenez: «Baliteke suak piztuta irauteko nahikoa oxigeno egotea, baina ez arnasa hartzeko. Edota oxigeno horrekin batera karbono monoxidoa egotea. Eta, halakoetan, gorputzak oxigenoa baino bizkorrago xurgatzen du monoxidoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.