Futbolean funtsezkoa da taldeek partidetan dituzten uneak aprobetxatzen jakitea. Realak eta Athleticek bereak izan dituzte, baina txuri-urdinek soilik jakin dute ondo baliatzen. Partida distiratsurik jokatu gabe, 3-0 irabazi dute, Le Normandek, Kubok eta Oiartzabalek sartutako golei esker. Eraginkorragoa izan da Imanol Alguacilen taldea, eta festa betea izan da Realzaleentzat. Hirugarren garaipena erreskadan pilatu dute ligan, eta konfiantzaz beteta helduko diote asteartean Salzburgoren aurkako Txapeldunen Ligako partidari. Athletic, berriz, ondo lehiatu da minutu askotan, baina ez ditu bere gol aukerak aprobetxatu, eta futbolaren patua izaten da maiz barkatzen duenak ordaindu egiten duela. Hori gertatu zaio Valverderen taldeari. Burua altxatu, eta Almeriaren aurkako partidari begira jarri beharko dute orain.
Bi entrenatzaileek eman dute ezustekoren bat hamaikakoan. Imanolek Mikel Oiartzabal utzi du aulkian, eta Sadiq Umar zelairatu du. Ernesto Valverdek, berriz, Dani Garcia eta Nico Williams. Min hartuta egon da azken asteetan Williams anaien artean gazteena, eta ez zen espero hasieratik aritzea. Bizia eta intentsitate handikoa izan da norgehiagoka. Reala partidaren bila atera da. Baina Athleticek ondo eutsi die talde txuri-urdinaren lehen oldarraldiei. Gainera, baloia berreskuratu, eta Williams anaien abiadura baliatzen saiatu da. Minutuak aurrera joan ahala, partida parekatu egin da, eta abiadura eta intentsitatea izan diranagusi, joko landua baino gehiago. Reala saiatu da horretan, batez ere Braisen eta Merinoren bidez, baina horrek ez du islarik izan gol aukeretan. Athleticek, berriz, bizpahiru korner jaurti ditu segidan.
25. minutuan, Tierneyk min hartu du, eta Aihen Muñozek ordezkatu behar izan du. 30. minutuan iritsi da Realaren gola. Brais Mendezek bigarren zutoinera atera du falta bat. Baloia aske geratu da arean, eta Le Normadek aprobetxatu du baloia sareetara bidaltzeko. Realak gola sartu arren, partida ez da asko aldatu. Athletic pare bat aldiz gerturatu da Remiroren atera. Baina atsedenaldira 1-0 joan dira. Bigarren zatia hasterako, Valverdek Villalibre atera du Guruzetaren ordez. Eroa eta bizia izan da bigarren zatiaren hasiera. Iñaki Williamsek aukera argia izan du berdinketa egiteko, Nico anaiak buruz buruko jokaldi batean Traore atzean utzi ostean. Baina gutxigatik joan zaio kanpora errematea. Hurrengo jokaldian, ordea, Realak gola sartu du. Braisek erdiraketa egin du, Sadiqek pasatzen utzi, eta Kubok ez du barkatu (48. min).
Hirugarrena, Oiartzabalek
Athleticek ez zuen etsi, eta pare bat aukera argi izan ditu aldea murrizteko. Argiena Muniainek, 53. minutuan. Pase ederra eman dio Iñaki Williamsek kapitainari, baina Remirok ondo atera du. 66. minutuan iritsi da Realaren hirugarrena. Zubimendik pase sakon bikaina eman dio Oiartzabali. Hura bakarrik geratu da, eta, Unai Simoni izkin egin eta gero, gola sartu du. Hortik aurrera, partidaren erritmoa moteldu egin da apur bat. Ezinezkoa zen horri eustea. Dena den, bi atzelarik, Pradosek eta Traorek, aukera garbi bana izan dute gola sartzeko. Baina emaitza ez da aldatu.