Pentsioak

Batez besteko pentsioa 50 eta 60 euro artean igoko da Hegoaldean 2024an

Hirugarrenez jarraian KPIaren arabera eguneratuko ditu Madrilek: aurtengo batezbestekoa %3,8 da. Igoera eskas gera daiteke urte hasierarako espero den inflaziorako. Erretiro pentsioak 1.700 eurotik gorakoak izango dira, batez beste; alarguntza pentsio minimoa, 630 euro.

Pentsiodunen protesta bat Donostian. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko irailaren 28a
18:24
Entzun

Hego Euskal Herriko pentsiodunek lasai lo egin dezakete: haien nominak igo egingo dira urtarriletik aurrera, ordurako Espainian gobernurik osatu ez arren, edo, osatuta ere, aurrekonturik gabe jarraitzen badu ere. Zenbat igoko diren ere aurreratu daiteke: batez beste 50 eta 60 euro artean.

Espainiako Gorteek 2021an onartu zuten erreformak bertan behera utzi zuen PPren gobernuen garaiko eguneraketa sistema —hainbat urtez %0,25 igotzea eragin zuena—, eta inflaziora lotu zuen berriro. Zehatzago esateko, aurreko urteko abenduko eta ondorengo urteko azaro bitarteko batez besteko inflazioaren arabera handitzen dira.

Abenduaren erdialdean argitaratuko da azaroko KPIa eta orduan jakingo da zehazki pentsioak zenbat igoko diren. Dena den, behin-behineko kopuru bat aurreratu daiteke jada.

Ostegun honetan jakinarazi zuen INE Espainiako estatistika erakundeak iraileko inflazioa —%3,5ekoa, abuztuan baino bederatzi hamarren handiagoa—. Hortaz, iazko abendutik aurtengo irailera arteko batezbestekoa %3,85ekoa da. Espainiako Bankuaren arabera, litekeena da inflazioak behera egitea hurrengo bi hilabeteetan, eta azarora arteko batezbestekoa %3,6ra jaistea. Baina hark eta beste erakunde batzuek ez dute baztertzen igotzea ere, energien prezioen gorabeherengatik, irail honetan gertatu den moduan. Dagoeneko ia ziurra da %3,5 eta %4 artean kokatuko dela KPIaren batez besteko igoera, eta horrekin batera pentsioena.

Azken hamabost urteetan bitan baino ez da igoera handiagorik izan: %8,5ekoa aurten eta %4,1ekoa 2008an. Ikusteko dago, baina, aski izango da hurrengo urteko prezioen gorakadari aurre egiteko, bereziki urte hasieran, abenduaren 31n amaitzen baitira Espainiako Gobernuak energia erosteko laguntzak. Espainiako Bankuak kalkulatu duenez, horrek 1,5 puntu igoko luke inflazioa. 2024ko batezbestekoa aurtengoaren pare amaitzea aurreikusten du: %4,1.

Erretiro pentsio gehiago

Orain arteko urteko inflazioaren bilakaera kontuan hartuta, sistemaren batez besteko pentsioa — erretiroarena, elbarriena, alarguntzarena, umezurtzena eta senideen aldekoa barne hartzen dituena — hilean 56 euro handituko litzateke: gaur egun 1.456 euro dira hilean Hego Euskal Herrian. Igoera handiagoa izango lukete erretiro pentsioek: 64 euro. Gaur egun, erretiro pentsioen batezbestekoa 1.657 eurokoa da.

Pentsioen bi heren erretiro pentsioak dira, 480.000 inguru. Eta azken urtean horiek bakarrik hazi dira, biztanleria zahartzen ari delako eta orain erretiroa hartzen ari direnen artean kotizatzaile gehiago daudelako duela hamarkada batzuk baino.

Alarguntza pentsioak, berriz, 165.000 inguru dira Hegoaldean, eta 1.021 euro jasotzen dituzte, batez beste. 39 euroko igoera izango lukete urtarriletik. Alarguntza pentsio minimoek, berriz, igoera handiagoa izango dute, martxoan EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin pentsioen erreforman onartutako aldaketaren ondorioz. Gaur egun, 593 eta 906 euro artean jasotzen dituzte hilean, kargura dituzten senideen arabera. Akordio horri esker, 2024an, pentsio indibidualak 40 euro igoko dira (%6,7) eta 126 euro (%13,9) haien kargura senideak dituztenenak. Igoera hori progresiboa izango da hurrengo hiru urteetan. 2027an, neurria erabat aplikatzen denean, kargak dituen pertsona batentzako gutxieneko alarguntza pentsioek %30 igoera izango dute guztira.

Kotizatzen ez duten pentsioak, berriz, ez daude lotuta inflazioaren igoerari, eta gobernuak zehazten du zenbatekoa bere aurrekontuetan. Iaz EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostutakoaren arabera, 2024an ere %15eko igoera izango lukete, aurten bezala.

Era berean, genero arrakalaren osagarria kobratzen dutenek ere igoera izango dute, inflazioarekin loturikoa gehi %10: 35 euro inguru guztira seme-alaba bakoitzeko.

Igoera kotizazioetan

Inflazioaren igoerak gehieneko kotizazioei ere eragingo die, gobernuak lehen zeukaten muga kendu egin baitu. Aurten, lehen aldiz, igoera automatikoki azarriko da urtarrilean pentsioen erreformak jasotzen duen moduan, eta Espainiako Gobernuak ez du erabaki beharko kuotak igotzen dituen ala ez eta zer portzentajetan. Arau berriaren arabera, gehieneko kuotak % 1,2 igoko dira urtero batez besteko inflazioaren gainetik, eta, orain arteko bilakaera ikusita, %5etik gorakoa izango da igoera. Horrela, gehieneko kotizazioa 4.495 eurotik 4.700 eurora pasatuko da hilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.