Lanera itzultzea gogorra izaten ari da. Iraila %3,5eko inflazioarekin amaitu zen Espainian, INE estatistika erakundeak ostegun honetan argitaratutako datu aurreratuaren arabera. Abuztuan baino bederatzi hamarren handiagoa da, eta ekainetik hirugarren igoera da jarraian. Orduan, %1,9koa izan zen; 2022ko ekainetik hilabete bakarrean erregistratutako hazkunderik handiena. Eta mailarik altuenean dago apiriletik; % 4,1era heldu zen orduan.
Alde positiboan, azpiko inflazioa, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituena. Irailean % 5,8koa izan zen, abuztuan baino hiru hamarren gutxiago, eta txikiena 2022ko ekainetik; % 5,5ekoa izan zen.
KPIa elektrizitatearen prezioa igo izanaren ondorioz igo da, duela urtebete jaitsi egin baitzen, eta, neurri txikiagoan, erregaiak garestitu izanaren ondorioz. Elikagai batzuen prezioen igoeragatik ere gertatu da, batez ere oliba olioagatik, lehorteak nabarmen murriztu baitu haren produkzioa.
Datua aurreratua denez, estatistikak ez du produktu eta sektorekako xehetasunik ematen. INEk hilaren erdialdean emango ditu datu horiek eta Hego Euskal Herriko KPIa.
Adituek ohartarazi dutenez, datu horiek adierazi dezakete igoera datozen hilabeteetan gertatuko dela. Espainiako Gobernuak energiarako laguntzak kentzea aurreikusten du, eta gasaren eskaria ere gora egiten ari da, neguaren etorreraren ondorioz.