Karabakh Garaia

Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako lehen ministroak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. ROMAN ISMAYILOV / EFE
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 28a
09:42
Entzun

Azerbaijan indartsuagoa da militarki, eta ez Errusiak, ez Mendebaldeko herrialdeek ez diote Armeniari lagundu. Horrenbestez, Karabakh Garaiko errepublika desegitea erabaki dute hango agintariek. Samvel Xahramanian presidenteak dekretu batean nabarmendu duenez, «estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Armeniako hedabideek jaso dute testua, eta, haren arabera, egoera politikoa «larria» delako eta Karabakh Garaiko herritarren —gehienak, armeniarrak— «segurtasuna bermatzea» lehentasuntzat daukatelako egin dute hautua. Duela hiru hamarkada Sobietar Batasuna desegin zenetik izan da Azerbaijan barruko errepublika independente bat de facto, nahiz eta nazioarteak ez duen aitortu.

Irailaren 19an eremu horren kontra hasitako bonbardaketa eteteko Azerbaijanek mahai gainean jarri zituen baldintzetako bat bete du, horrenbestez, Karabakh Garaiak. Izan ere, 1991ko independentzia eta errepublika aldarrikapena bertan behera uztea eta Azerbaijanen parte dela onartzea izan zen Bakuren eskaeretako bat operazio militarra amaitzeko.

Hurrengo egunean, irailaren 20an, sinatu zuten menia bi aldeek, eta ordutik 65.000 bat armeniarrek ihes egin dute handik, eta Armeniara iritsi dira; hau da, populazioaren erdiak baino apur bat gehiagok alde egin du, Erevanek emandako azken datuak kontuan hartuta. Eta, horrekin lotuta, dekretuan azpimarratu dute Karabakh Garaian jarraitzeko asmoa dutenek Azerbaijanek planteatutako «berregokitzeko baldintzak barneratu» beharko dituztela eta erabaki bat hartu beharko dutela: edo han jarraitu edo alde egin.

Bakuk ez du adierazi, ordea, zeintzuk diren baldintza horiek. Erevanek ohartarazi du «garbiketa etnikoa» jasateko arriskua dutela han geratuko diren armeniarrek. Azerbaijango Gobernuak ukatu egiten du. Gaur, baina, ebazpen esanguratsu bat kaleratu du Bakuko auzitegi batek: «terrorismoa» finantzatzea, legez kanpoko talde armatuak sortzea eta Azerbaijango muga legez kanpo zeharkatzea egotzi dio 2002tik aurtengo otsailera arte Karabakh Garaiko lehen ministro izandakoari, Ruben Vardaniani. Lau hilabeteko behin-behineko atxiloaldia ezarri diote, eta 20 urteko kartzela zigorra jar diezaiokete delitu horiengatik.

Eta, egoera aintzat hartuta, Armeniako hedabideek gaur jaso dute Nikol Paxinian herrialdeko lehen ministroak esan diela gobernukideei «garrantzitsua» dela nazioarteak Azerbaijanen jarrera gaitzestea; hori bai, «urrats zehatzak» egin beharko lituzkeelakoan dago. Nazioarteak, oro har, armeniarren giza eskubideak errespetatzera deitu du Ilham Aliyev Azerbaijango presidentea, baina garbiketa etniko batez mintzatzea saihestu du. Hain zuzen, Paxinian eta Aliyev datorren ostegunean, urriaren 5ean, dira biltzekoak, Granadan (Espainia), definitzen hasteko zer-nolakoa izango den etorkizunean bi herrialdeen arteko harremana. Armeniako oposizioa egunero ari da protestak egiten Paxinian kargugabetua izan dadin.

Errusia, haserre

Karabakh Garaitik Armeniara iristen ari diren herritarrei harrera egitea du lehentasun gobernuak, Paxinianen esanetan. Kabineteak esan du, bide batez, desplazatu gehienek etxe bat dutela Armenian, edo hartuko dituzten senideak. Gainerakoak aterpetxeetara, hoteletara edo ostatu emateko egokitutako eraikinetara bideratu dituzte.

Bestalde, datorren urriaren 3an, asteartearekin, Armeniako Parlamentuan eztabaidatuko dute ea Erromako Estatutua berresten duten ala ez; hau da, ea herrialdea Nazioarteko Zigor Auzitegiaren jurisdikziopean egongo den ala ez. Eta Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur nabarmendu du Armeniak «etsaikeria» plazaratuko lukeela estatutua berretsiko balu. Kremlineko burua atxilotzeko agindua emanda dauka Hagak, gerra krimenak egotzita.

Gaiztotuta dago Erevanen eta Bakuren arteko erlazioa. Moskuren orbitapeko herrialde bat izan da Armenia Sobietar Batasuna desegin zenetik, baina Ukrainako gerrak eragindako testuinguru sozioekonomikoak bultzatu du Errusia Azerbaijanekin loturak estutzera. Armeniak igarri egin du, eta duela bi aste pasa aurrenekoz egin zituen maniobra militarrak AEBekin.

KRONOLOGIA

1923. Karabakh Garaiko probintzia autonomoa sortu zen Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren barrenean.
1987. Karabakh Garaiko armeniarrek dozenaka mila sinadura bidali zituzten Moskura, probintzia Armeniako Sobietar Errepublika Sozialistan sartzeko.
1988. Manifestazioak ugaritu ondoren, Karabakh Garaiko Sobietak Moskuri eskatu zion Armenian sartzeko. Moskuk eskaera ukatu, eta lehenbiziko borrokak piztu ziren azeriarren eta armeniarren artean.
1991. Azerbaijanek autonomia kendu zion Karabakh Garaiari, eta gehiengo armeniarrak independentzia aldarrikatu zuen erreferendum bidez. Gerra hasi zen.
1994. Errusiaren bitartekaritzarekin, Azerbaijanek su etena sinatu zuen Armeniarekin eta Karabakh Garaiarekin. Karabakh Garaia independente bihurtu zen de facto.
2016. Gerraz geroztiko borroka gogorrenak piztu ziren apirilean. Hilabetean, bi aldeetako ehundik goiti lagun hil zituzten.
2020. Irailaren 27an gerra piztu zen berriro, eta 44 egun iraun zuen, azaroaren 10era arte. Egun horretan su etena sinatu zuten Armeniak, Azerbaijanek eta Errusiak. Armeniak lehenengo gerran eskuratutako zenbait eskualde berreskuratu zituen Azerbaijanek. 5.600 bat pertsona hil ziren gatazkaren ondorioz. Bi aldeetako hildako kopurua antzekoa izan zen; gehien-gehienak, militarrak.
2023. Azerbaijanek operazio militar bat hasi zuen irailaren 19an. 200 bat hildako eragin zituen; gehienak, militarrak. Hurrengo egunean, su etena adostearen truke, Karabakh Garaiak men egin zien Azerbaijanen eskakizunei. Errepublikan bizi ziren armeniarren erdiek baino gehiagok ihes egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.