ELA eta LAB sindikatuei ez zaizkie gustatu EAJko agintariek Alderdi Egunean greben inguruan esanikoak. Sindikatu subiranistek erantzuteko baliatu zituzten atzoko agerraldiak, eta Iñigo Urkulluri gizartetik «deskonektatuta» egotea leporatu zioten, eta gogoratu zuten greba egitea ez dela «gutizia bat» langileentzat. Biek nabarmendu zuten sektore publikoan antolaturiko bi greba egunek —urriaren 25erako eta abenduaren 19rako— zilegitasun osoa dutela.
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak ere erantzun zion lehendakariari, eta egotzi zion «arazo bat» izatea onartzeko demokrazietan sindikatuak garrantzitsuak direla eta langileek borroka egiten dutela beren baldintzak hobetzeko. «Aurreko astean, Urkulluk berak galdetu zuen ea nola zen posible langileek baldintza onenak dituzten herrialdean antolatzea greba gehien. Bada, konturatu gabe erantzuna eman zion bere galderari».
Ikusi gehiago:Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk
Gai berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan deituriko grebak hartu zituen hizpide. Azaldu zuen funtzionarioen %49,4k behin-behineko kontratua dutela, badirela hamar eta hamahiru urte bitartean lan itun batzuk izoztuta daudela, eta tarte horretan erosketa ahalmena %20 murriztu zaiela langile horiei. «Zer gehiago behar da greba bat egiteko?», galdetu zuen, eta gehitu akordio onak lortzeko modu bakarra borroka egitea dela, eta patronala erakunde publikoak direnean askoz gehiago kostatzen zaiela akordioak lortzea.
ELAko idazkari nagusiak kritikan sakondu zuen, eta gehien sufritzen dutenei entzungor egitea leporatu zion Urkulluri: «Hipoteka ordaindu ezin dutenei, hilabete bukaerara iristen ez direnei...». Gizartearekin «deskonektatuta» egotea leporatu zion, eta horrek ondorio larriak izaten dituela salatu: «Zer gertatzen den ikusten ez duenak kostata konponduko du. Gizartean dagoen ezinegona ez da artifiziala. Osakidetzara doanak badaki zer gertatzen ari den».
LAB: «Greba ez da gutizia bat»p>
LABeko ordezkariak ere oso kritiko mintzatu ziren. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak herenegun esan zuen «aberria askatzea eta justizia soziala bermatzea» dela alderdiaren helburu nagusia. Igor Arroyo sindikatuko koordinatzaile nagusiak, ordea, zalantzan jarri zituen haren hitzak: «Nolako justizia soziala eskaini daiteke horrelako neurriak garatzen baldin badira?». Eta segidan eman zuen erantzuna: «Ezin da eskaini». Azken egunotan diskurtsoa aldatzeak ez duela ezertarako balio salatu zuen, eta «benetako erreforma estrategikoa» egiteko eskatu zien jeltzaleei.
Ikusi gehiago:Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari
Horretaz gainera, Urkulluk esandakoari ere erantzun zion Arroyok, eta argi utzi nahi izan zion sektore publikoko grebak ez direla sindikatuen «bat-bateko gutizia bat». Sektore publikoko langileek behar bezalako baldintzak behar dituztela azpimarratu zuen, eta gogora ekarri zaintza sistemaren aldarrikapenak ere: «Baliabideak izan baditugu, baina behar bezalako politika publikoak garatu behar dira».