Kontu ekonomikoak

Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino

Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 25a
11:20
Entzun

Joan den astean kaleratu zituen Eustatek urteko bigarren hiruhilekoari buruzko kontu ekonomikoak, eta industriaren pattalaldiaren ondorioz hazkundea moteldu zela egiaztatu zuen. Eusko Jaurlaritzak, baina, irakurketa positiboa egin du orduko datu horri buruz, ekonomia «uste baino dinamikoago» portatu zela iritzita. Ondorioz, 2023rako hazkunde iragarpena hamarren bat igo du, ekainean iragarritako %1,6tik orain dioen %1,7raino.

Datorren urtera begira, ez du aldaketarik egin Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailak: BPGa %2,1 haziko dela uste du.

Pedro Azpiazuren taldeak uste du jarduera ekonomikoa hazi egin dela amaitzear dagoen hiruhilekoan, baina gero berriro motelduko dela urtearen amaieran. 2024 hasieratik aurrera, berriro hazkunde erritmoa bizituko du: %1,5 lehen hiruhilekoan, %1,7 bigarrenean, %2,3 hirugarrenean eta %2,9 laugarrenean.

Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Eustaten azken berrikuspenak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak 2022ko bigarren hiruhilekoan berreskuratu zuela pandemiaren aurreko maila, eta gaur egun hori baino bi puntu handiagoa dela.

Azken hiruhilekoetan industriak moteltzera egin duela aitortu du Azpiazuk, eta Europako beste herrialdeetan gertatzen ari den fenomenoa dela oroitarazi du. Azken hiruhilekoan uzkurtu egin zen (-%0,5), baina Jaurlaritzak ez du espero egoera hori asko luzatzerik. 2023 osorako %1,2ko hazkundea aurreikusi dio sektore horri, eta %1,5ekoa datorren urtean.

Egoera nahiko egonkorra izango da zerbitzuetan, %2ko eta %2,2ko hazkundearekin aurten eta datorren urtean.

Langabezia tasa, %7ra

Hazkunde hori nahikoa izango da enplegua sortzeko: 13.000 lanpostu aurten, eta beste 16.000 datorren urtean. Horrenbestez, langabezia tasak jaisten jarraituko du: batez beste %7,7koa izango da 2023an, eta %7ra jaitsiko da datorren urtean. Are gehiago, 2024ko hirugarren hiruhilekoan %6,5eko tasa baizik ez du espero, txikiena 2008az geroztik.

Lan merkatua ez ezik, prezioen igoera ere kezka handia izan da azken bi urteetan euskal herritarrentzat. Bada, problema hori arindu egingo dela uste du Azpiazuk, 2024an %2ra iritsi daiteke eta —hori da Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen kopurua—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.