Enpresak

Eroskik merkatuetara joko du bankuei ordaintzeko

600 milioi euro arteko bonu bat jaulkiko du, datorren urtean itzuli beharreko zorra amortizatzeko.

Eroskik bere bidaien adarra saldu behar izan zuen zorrari aurre egiteko. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 22a
17:45
Entzun

Eroskik beste bide bat aurkitu du bankuekin duen zorra kitatzeko: dirua finantza merkatuetan biltzea. Kooperatibako kontseilu errektoreak eskatuta, Eroskiko batzar nagusia urriaren 10ean bilduko da, eta hor eztabaidatu beharko du 600 milioi euro arteko zor bonu bat jaulkitzea.

2000eko hamarkadan egindako hedapen prozesuan pilatutako zor handia txikitzen aritu da azken urteetan Eroski, enpresaren geroa eta bere izaera kooperatiboa bera arriskuan jarri zuelako. 2009az geroztik 2.514 milioi euro itzuli dizkie banku hartzekodunei, bere zorraren hiru laurden.

Horretarako bere negozioaren diru-sarrerak erabili ditu, baina baita bere aktiboen salmentak ere: merkataritza guneak saldu ditu, If lurrin-denden katea utzi zuen Douglasen esku, Eroski Bidaiak Iberostarrek erosi zion, eta Capraboren erdia saldu zion Txekiar Errepublikako talde bati.

Desinbertsioen bidea ia agortuta ikusten du Eroskik —Forum kirol denden zati bat saltzeko prest legoke—, eta horregatik joko du orain finantza merkatuetara. Hori bai, haren zorra soilik inbertitzaile instituzionalek erosi ahal izango dute, hau da, bankuek, funtsek, pentsio planek eta halakoek.

Ekarpenen auzia gogoan

Eroskik esperientzia txarra izan zuen XX. mendearen hasieran herritarren diruen bitartez bere hedapena finantzatu nahi izan zuenean. 600 milioi euro bildu zituen finantza ekarpenen bidez, baina produktu horiek erosi zituzten 30.000 lagunetatik askok salatu zuten beren bankuek engainatu egin zituztela, gordailu baten moduan saldu zizkietela, eta uste zutela inbertsioa nahi zutenean berreskura zezaketela. Ez ziren hala, ordea, baizik eta eperik gabeko produktu bat, errentagarritasun bat bermatuta zuena —Euriborra gehi %3 eman zien Eroskik lehen bi jaulkipenetan, eta Euriborra gehi %2,5 2007koan—.  Hainbat urte iraun zuen ika-mika garratz baten ondoren, Eroskik ekarpen horiek erosteko eskaintza egin zuen, eta erosleen gehiengo batek onartu egin zuen. Egin ez zutenei interesak ordaintzen jarraitzen du kooperatibak.

Eroskik azaldu duenez, 2023ko lehen sei hilekoaren amaieran 858 milioi euroren zorra geratzen zitzaion ordaintzeko. Horren zati handi bat, 503 milioi, 2024ko uztailaren 31rako kitatu behar du. Beste 200 milioi, berriz, 2027ko uztailerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.