Zinemaldia. Dokumentala

Errespetuzko tentsioa ‘No me llame Ternera’-n

Prentsarentzako estreinaldia izan da gaurkoa, eta, haren inguruan polemika egon bada ere, lasai joan da proiekzioa. Errespetuzko tonua gailentzen da elkarrizketan une oro, baina ez dira gutxi tentsio uneak. Ez da txalorik egon amaieran. Bihar eta etzi bina emanaldi izango dira jaialdian.

'No me llame Ternera' filmaren pasarte bat.
itziar ugarte irizar
2023ko irailaren 22a
14:29
Entzun

Azken asteetako polemikaren ondotik, gaur goizean aurkeztu dute No me llame Ternera filma, Donostiako 71. Zinemaldiaren lehen egunean. Kursaaleko areto txikian izan da, prentsarentzako emanaldian, eta hainbat komunikabide bildu dira amaieran filma ikusi dutenen iritziak biltzera.

Ordu eta berrogei minutu ditu lanak, eta Josu Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAko kide ohi eta ETAren ordezkari izandakoari egindako elkarrizketa da haren bizkarrezurra. Jordi Evole kazetariak egiten dizkio une oro galderak Urrutikoetxeari —Evole eta Marius Sanchez dira zuzendariak, Del Barrio ekoiztetxeko kideak—, eta estu hartzen saiatzen da zenbait puntutan, batik bat hilketa kasu ezagunen aurrean. Urrutikoetxeak behin baino gehiagotan esaten du «benetan sentitzen» duela, eta «ETAren akatsak» izan zirela horietako zenbait. Berak ez duela inoiz inor hil eta ez dela inoiz ETAko zuzendaritzako kide izan, garbi esan ditu biak Urrutikoetxeak, eta ETAren parte izan denean, haren ibilbideareren ardura bere gain hartzen duela ere aipatu du. Errespetuzko tonua gailentzen da elkarrizketan une oro, baina ez dira gutxi tentsio uneak.

Ikusi gehiago:Josu Urrutikoetxea: «Gure gatazka politikoan tresna izan beharko luke komunikazioak»

Urrutikoetxearen militante ibilbidean hiru etapa bereizten badira —1971-1989 artean ETAko militantea zela klandestinitatean (1968an sartu zen ETAn); 11 urte preso; eta 2002tik aurrera konponbidearen aldeko lanean—, batez ere, lehen bi etapa horietan ETAk egindako ekintzen inguruan galdetzen dio Evolek —Hipercorrekoa, Zaragozakoa, Vicekoa eta Miguel Angel Blancorena, besteak beste—. Azken etapari buruz ere galdetzen dio pelikularen hasieran eta amaieran, modu laburragoan. Urrutikoetxeak esaten du jardun armatuaren bukaera (2011) bere ustez lehenago iritsi behar zela, eta pentsatzen zuela agian 2005ean iritsiko zela.

Urrutikoetxeaz eta Evolez gain, beste pertsona bat ere ageri da kamera aurrean: Francisco Ruiz ETAren bikitma. 1976an ETAk Victor Legorburu Galdakaoko (Bizkaia) alkatea hil zuenean —otsailaren 9an—, hura babesten zuten bi udaltzain ere zaurituak izan ziren, eta horietako bat da Ruiz. Urrutikoetxea ez zuten eraso harengatik auzipetu —ETAko beste hiru kide bai—, eta kasu hura itxi egin zuen Espainiak, 1977ko Amnistia Legeagatik. Dokumentalean, Urrutikoetxeak aitortu du atentatu harekin zerikusia izan zuela.

Ruizek ematen dio pelikulari hasiera eta bukaera, eta tartean ikusten da Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa. Amaieran, Ruizek eskertzen du Urrutikoetxeak ematea ezagutzen ez zituen jakingarriak, baina ez du uste damua azaltzen duenik, eta nahiko luke argitu gabe dauden ETAren 330 hilketak argitzeko informazioa ere ematea taldeko kide izandakoek.

Prentsarentzako estreinaldia izan da gaurkoa, eta bihar eta etzi bina emanaldi izango dira jaialdian. Ondoren, Netflix telebista plataforman eskainiko dute; oraindik ez dute datarik zehaztu. Elkarrizketa iazko udaberrian grabatutakoa da, Lapurdin.

«Zentsura» saiakera

Polemikaz inguratua egon da filma. Artean lana ikusi gabe, filma ez emateko eskatu zuten bostehun lagun pasak gutun baten bidez. Baina eskaera ez du aintzat hartu Zinemaldiak; Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak adierazi du «zentsura» litzatekeela halakorik egitea. «Hitzari ez zaio beldurrik izan behar; hitza ematea ez da arrazoia ematea», esan zion BERRIAri.

Ikusi gehiago:Uzta oparotik, aukera sorta bat

Urrutikoetxeak berak ere hartu du hitza BERRIAn. Esan du ez dela «espero zuen emaitza». Elkarrizketarako eskaintza egin ziotenean, «proiektu anbiziotsu» bat zegoen atzean, Urrutikoetxearen esanetan, eta «gero erori egin zen». Bere helburua gatazka politikoaren jatorria azaltzea izan zela esan du, eta, batez ere, «hari politikoa» hartu duela falta Evole eta Sanchezen lanean: «Niretzako falta dena da hari politiko hori. Uste dut testuingurua jartzea falta zaiola, eta azaltzen dena da gertakizun, ekintza gogor batzuen aurrean nire iritzia». Dena den, esan du ez dela haien lanean sartuko, «nik beste ikuspegi bat daukat eta beste ideia bat lan horri buruz, baina errespetu osoz esaten dut hori».

Filma hasi aurretik, Voxek, Urrutikoetxearen aurkako orri bat zabalduz, elkarretaratzea egin du Kursaalaren atarian. Dozena erdi bat lagun bildu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.