Patxi Angulo

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Patxi Angulo. GORKA RUBIO, FOKU
unai zubeldia
2023ko irailaren 22a
14:09
Entzun

Ia oharkabean hasi zen Patxi Angulo (Pasai Antxo, 1960) mundu guztiko joko klasikoak biltzen, eta “mila baino gehiago” dauzka jada pilatuta Jokoenea munduko jokoen museoan, Donostiako Antigua auzoan. Nahi duenak zabalik ditu ateak, lasai ederrean inguratu eta, euskaraz, jokoen bidez mundua ezagutzeko.

Jokoenea, munduko jokoen museoa. Nondik nora sortutako egitasmoa da?

Aspaldikoa da ideia. Jokoak erosten hasi nintzen pixkanaka, beste batzuk oparitu egiten zizkidaten… Inolako asmo berezirik gabe hasi nintzen biltzen, baina 1998an Londresera joan nintzen, eta kalitate handiagoko jokoak ikusi nituen han. Jendeak jokoak gorde egiten zituela ikusi nuen, azoketan ere saltzen zituztela… Londrestik bueltan jada mundu osoko jokoen bilduma bat egitea erabaki nuen. Horrela sortu zen ideia.

Ideia izatea gauza bat da, eta gauzatzea beste bat.

Londresen ikusi nuen jendea pubetan oso lasai egoten dela, bakoitza bere txokoan, garagardo batekin… Horixe bera egin nahi nuen nik ere: txoko bat, jokoekin, kafe bat edo garagardo bat hartzeko prestatuta… Museo eta kafetegiaren proiektua etorri zitzaidan burura hasieran, baina museo bat jartzea erabaki nuen azkenean.

Zenbat joko dauzkazu guztira?

Katalogoa eginda daukat, eta, tira, mila baino gehiago dira jada. Joko klasikoak dira; modernoak, baina klasikoen antzekoak. Hau da, hemen ez dago rol jokorik edo istorio oso luzeko karta jokorik. Xakea, damak… estilo horretakoak dira gehiago.

Ateak zabalik daude nahi duenarentzat, ezta?

Bai, bai. Lokal honetan, batetik, museo bat dago, gauzak ikusteko eta informazioa jasotzeko; eta, bestetik, ikasitakoa praktikan jartzeko mahai bat dago, jokorako. Atea irekita badago, sarrerarik ordaindu gabe sar daiteke eta jokoak aukeratu. Eurek jokatu behar dute, hori bai; euren ekimena izan behar du.

Jokoak eta jolasak haurrekin lotzen dira gehienetan, baina, begiratu batera, zureak ez dira haurrentzako jokoak bakarrik.

Ez. Joko hauek ez dira haurrentzako. Berez, hemen gazteak sartzea da helburua; 10-12 urtetik aurrerakoentzat oso egokia da gune hau. Haurrak ere sartzen dira eta aritzen dira joko batzuetan, baina askotan ezinezkoa izaten dute, zailtasunagatik. Gurasoak ez dira sartzen normalean, eta pena da. Horrez gain, zehaztu gabe dago, baina euskara hutsean dago dena; euskaraz aritzea da helburua.

Gaur egun gehienei kostatu egiten zaie jokoetan aritzea?

Ikusi egin beharko zenuke haurrak lokalean zein lasai sartzen diren; ez dira urduri egoten, ez dute sakelakorik behar izaten… Oso giro lasaia egoten da.

Museoa bera bai, baina webgunea ere badauka proiektuak: Jokoenea.eus. Nola funtzionatzen du zure egitasmoak?

Nire ideia da gauza presentzial bat egitea, eta ez Interneten jokatzea; horretarako badaude enpresak. Hemen [lokalean] elkartzea eta jokatzea da asmoa; printzipioz, joko hauek ez dira etxera eramatekoak. Webgunean, berriz, museoko joko guztien katalogoa eta joko bakoitzari buruzko informazioa dago: bakoitzaren historia eta arauak.

Jokoak bakarrik ez, jokoei buruzko liburuak ere badauzkazu museoan.

Jokoei buruzko ehun liburu baino gehiago dauzkat, jokoen historiari buruzkoak, jokoen garapen psikologiko eta matematikoei buruzkoak… Hortik ateratzen dut informazioa webgunerako.

Badago bereziki txunditu zaituen jokoren bat?

Zaila da bat esatea, baina badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak, Egipto eta Mesopotamia inguruko indusketetan lortutakoak. Oso bitxiak dira. Kopiak dauzkat nik.

Bidaiatzeko beste modu bat da jokoena. Zein herrialdetara iristea falta zaizu?

Asko falta zaizkit, asko. Buruan ditut, adibidez, Eskandinaviako bizpahiru joko; Pazifiko inguruko irletan dauden jokoak, berriz, oso ezkutukoak dira, eta zaila da informazioa lortzea; museoetan dauden beste hainbat joko…

Hainbat jarduera ere egin izan dituzue, Euskaraldiaren testuinguruan, esaterako, ezta?

Saiatu izan gara, baina ez dute izan arrakastarik. Auzoan partxis txapelketa bat antolatu genuen iaz, adibidez, eta inor ez zen etorri. Ibai ikastola, Santo Tomas lizeoa, Jakintza, Luberri… horiekin saiatu nahi dut orain mugimendu pixka bat sortzen.

Zer mezu bidaliko zenieke haur eta gazteei?

Hemen joka dezaketela lasai asko, eskolatik kanpoko eremu batean, euskaraz.

Eta haur horien gurasoei?

Seme-alabekin etortzeko eta eurekin jokatzeko. Plazan korrika ibiltzea da errazena, futbolean jokatzea edo sakelakoa hartzea; ondo dago ariketa fisikoa egitea, beharrezkoa da, baina etor daitezela museoa ezagutzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.