Hiruhileko batetik bestera indarra galtzen ari da oraindik ere Nafarroako ekonomia, baina oraindik hazkunde tasa sendo bati eusten dio. Nastatek gaur emandako datuen arabera, urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,3 hazi da, eta %2, berriz, iazko bigarren hiruhilekoarekin konparatuz gero.
Nastatek zuzendu egin du uztailean aurreratutako datua, orduan esan baitzuen %2,1 hazi zela azken urtean.
Sektore guztiak ari dira hazten, baina batez ere nekazaritza (+%3,5) eta zerbitzuak (+%2,4). Industriak ere tasa positiboa du urte arteko tasan (+%1,3), baina negatiboa hiruhileko artekoan (-%4,2), sektore hori ari baita gehien nozitzen inflazio handiak euroguneko ekonomiari eragiten ari zaion pattalaldia.
Eskariari begiratuz gero, familien kontsumoa da argi eta garbi ekonomiaren motorra (+%3,2), administrazio publikoen (+%1,7) eta enpresen inbertsioaren gainetik (+%1,4).
Nastatek irabazien banaketari ere erreparatzen dio, eta, azkenaldian bezala, ziurtatu du gehiago handitzen ari direla enpresen mozkinak eta autonomoen errentak (+%6,9) soldatapekoen errentak baino (+%6).