Protesta

Ernaik protesta egin du Bilbon eta Gasteizen, Barbado eta Zelaia espetxeratzearen aurka

Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan aritu dira, eta Ertzaintzaren Gasteizko egoitzan. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Arabako hiriburuko protestan. Guztira, ehun pertsona baino gehiago identifikatu dituzte.

Protestaren une bat. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 22a
08:44
Entzun

Gaur goizean protesta ekintza abiatu du Ernai gazte erakundeak Bilbon. Espainiako Gobernuak Moiua plazan duen egoitzaren aurrean eserialdia egin dute, 07:30ak aldera, eta trafikoa moztu. Hainbat gazte lepotik kateatu dira. Horrez gain, Gasteizen ere protesta egin dute ordu berean, Ertzaintzaren egoitzan. Bertan ere, gazte batzuk eraikinera lotu dira. Arratsaldean ere zenbait protesta egin dituzte; besteak beste, gazte talde batek errepide bat moztu du Hernanin (Gipuzkoa).

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteek joan zen astean jasotako espetxeratzeko aginduen kontrako protesta izan da. «Aitorrek eta Galderrek lau urte daramate espetxe arriskuan, eta horrek erantzule zuzena du», gogoratu dute Ernaiko kideek Bilbon. Izan ere, «ankerkeria horren erantzuleak jopuntuan» izan dituzte, eta espetxeratzea «euskal gazteriaren eta herri honen duintasunaren aurkako erasotzat» jo dute. Argi utzi dutenez, lau urte hauetan bezala, «azken txanpa honetan ere kaleetan» jarraituko dute.

«Ez dugu euskal gazteriaren aurkako erasorik onartuko! Militantzia politikoa ez da delitua!», adierazi du Ernaik sare sozialetan.

Ertzaintza errepidean eserita zeudenen aurka oldartu da, eta banan-banan identifikatu ditu eserialdian parte hartu dutenak.

Lepotik lotuta zudenen kateak metalerako aizturrekin mozten saiatu da Ertzaintza, baina ezin izan du. Azkenean, suhiltzaileak heldu dira, eta haiek moztu dituzte kateak. 11:10 aldera amaitu da protesta.

Loturik dauden ekintzaileetako bat, ertzainez inguraturik. Olatz Silva / BERRIA

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak 92 pertsona identifikatu ditu Bilbon. Gasteizen, berriz, hiru pertsona atxilotu dituzte, eta beste 42 identifikatu.

Arratsalderako ere zenbait protesta deituak zituen Ernaik. Esaterako, mobilizazioa egin dute Bilbon, eta Hernanin errepide bat moztu dute. Azken protesta horretan, gutxienez lau lagun identifikatu ditu Ertzaintzak. Datorren larunbatean, berriz, mobilizazio nagusia egingo dute Gasteizen: 18:30ean aterako dira, Artiumetik. Ernaik bertara joateko deia egin du: «Milaka pankarta, milaka eskuorri eta milaka kontzentrazio egin ditugu herrietan. Gaur ere, horrela salatu dugu. Hurrengo larunbatean, Gasteizko kaleak beteko ditugu. Aitor eta Galder aske!».

Ez dira Barbadoren eta Zelaiaren kontrako espetxeratze agindua salatzeko lehen protestak izan. Astelehenean, protesta egin zuten Agurainen, Amurrion (Araba) eta Gasteizen, Ankerkeriari Stop plataformak deituta, eta ehunka lagunek bat egin zuten. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere elkarretaratzeak egin dituzte. .

Espainiako Auzitegi Nazionalak launa urteko espetxe zigorra ezarri zien Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei, lehergailuak egiteko materiala edukitzea leporatuta. «Militante politiko izateagatik zigortu nahi gaituzte», adierazi izan dute gazteek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.