X sare sozialean zabaldutako prentsa ohar baten bitartez, Karabakh Garaian «terrorismoaren aurkako» operazio militar bat hasi duela iragarri du Azerbaijango Defentsa Ministerioak. Handik minutu gutxira zabaldu dira zibilek grabatutako lehen bideoak: kea eta etxe birrinduak. Azerbaijango Defentsa Ministerioaren arabera, herrialdearen «ordena bermatzeko eta estruktura konstituzionala berrezartzeko» jarri dute abian operazioa.
Goizeko erasoei dagokienez, bertsio bana zabaldu dute. Azerbaijango Defentsa Ministerioak esan du «helburu militar legitimoei soilik» egingo diela eraso, ez herritar edo azpiegitura zibilei. Karabakh Garaiko Atzerri Ministerioak, ordea, salatu du hiriburua eta beste zenbait herri ere «masiboki» bonbardatu dituztela. Guegam Stepanian hango arartekoak X sare sozialaren bidez jakinarazi du 25 direla hildakoak; tartean, bi zibil.
Iluntzean istiluak izan dira Erevanen, Armeniako hiriburuan. Hango hedabideen arabera, manifestari talde bat gobernuaren egoitzara sartzen ahalegindu da, eta Poliziak, besteak beste, granada itsutzaileak jaurtiz erantzun du.
Armeniaren eta Azerbaijanen arteko soka gero eta gehiago tenkatu da azken hilabeteotan, baina zerk bultzatu du gaurko erasoa? Jojavand eskualdean Azerbaijango bi zibil eta lau militar hil ziren atzo, pertsonen kontrako mina batzuk lehertu ondoren. Azerbaijanek Armeniako armadari leporatu dizkio sei heriotza horiek. Gero, hasiko zuten operazioaren berri eman, eta Laçid pasabidea berriro irekitzeko eskatu dute, giza laguntza alde batetik bestera eraman ahal izateko, eta zibilek «arrisku eremua» utzi ahal izateko.
Azerbaijan is shelling civilian residential areas of #Stepanakert This is a building next to us with no military target in vicinity. pic.twitter.com/EZtJsAEBNg
— Siranush Sargsyan (@SiranushSargsy1) September 19, 2023
Hain justu, bi herrialdeen arteko liskarren beste eragileetako bat da Laçingo pasabide hori. Izan ere, horrez gain Armeniak ez du beste biderik Karabakh Garaira iristeko, eta urte hasieratik pasabidea blokeatuta eduki du Azerbaijango Gobernuak. Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak birritan salatu du Karabakh Garaiko ospitaleek eta osasun etxeek ez dituztela nahikoa baliabide, baita herritarrek oinarrizko elikagaiak falta dituztela ere. Erevanen arabera, Azerbaijanek azkenaldian izan dituen «ekintza probokatzaileen eta oldarkorren adibide bat» da pasabidearen blokeoa.
Bakuk, berriz, leporatzen dio Azerbaijango lurraldetik Armeniako militarrak erretiratu ez izana, bi aldeen arteko tentsio militarrak areagotzea, eta «ekintza terroristetan» parte hartzea. Azerbaijango Defentsa Ministerioaren arabera, ekintza horiek guztiek «arriskuan jartzen dute eskualdeko egonkortasuna», baita 2020an adostutako su etena ere. Edonola ere, gaurko erasoa baino lehen, tentsioak etengabe egin du gora bi aldeen artean, eta birritan leporatu diote elkarri 2020an sinatutako su etena urratzea.
Gaur ia hiru urte, 2020ko azaroaren 10ean, sinatu zuten akordioa. Horrek amaiera eman zion Karabakh Garaiko bigarren gerrari, zeinak ia bi hilabete iraun zuen. Orduan, Armeniak lehenengo gerran eskuratutako zenbait eskualde berreskuratu zituen Azerbaijanek. Karabakh Garaiak, berriz, 1991n izendatu zuen bere burua errepublika independente. Ordutik, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko liskarren erdigunean izan da. Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, Azerbaijanen parte da lurraldea. Han bizi diren etnia armeniarreko 120.000 lagun baino gehiago, ordea, ez datoz bat horrekin.
Nazioarteari laguntza eske
Erasoa aurrez planifikatua zegoela argudiatu du Armeniako Gobernuak, eta aho batez ukatu pertsonen kontrako minekin «inolako zerikusirik» izatea. Erantzun posible bati dagokionez, nazioarteari eskatu dio laguntza: NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, batetik; eta Errusiari, bestetik. «Urrats argiak eta zehatzak eman behar dira Azerbaijanen indarkeria behin betiko gelditzeko».
Errusiaren bitartekaritzarekin adostu zuten su etena Azerbaijanek eta Armeniak. Bada, orain, egun hartako deklarazioan onartutakoa bete dezala galdegin dio Armeniako Atzerri Ministerioak Errusiari: «Adierazpenaren arabera, eskualdean dauden Errusiako bakerako tropek neurriak hartu behar dituzte Azerbaijango erasoari amaiera emateko». Azerbaijango Defentsa Ministerioak ere egin dio keinu Errusiari. Haren arabera, Karabakh Garaian operazio militar bat hasiko zuten «jakinaren gainean» zegoen Errusia. Baina halakorik ukatu du Atzerri ministro Maria Zajarovak: «Erasoak hasi baino minutu gutxi lehenago iritsi zen informazio hori».
Zirt edo zart egin ordez, Errusiako Gobernuak eskatu die liskarrak «berehala» eteteko, eta dituzten desadostasunak «eztabaidaren, politikaren eta diplomaziaren bidetik» konpontzeko. «Karabakh Garaiko gatazkari irtenbide baketsu bat aurkitzeko eman beharreko pauso guztiak hiru aldeek 2020an sinatutako adierazpenean daude jasota», adierazi dute gobernuaren Telegram aplikazioko kontuaren bidez. Errusiaren ildo bera jarraitu dute beste nazioarteko bitartekari batzuek, hala nola Frantziak eta EB Europako Batasunak. Operazio militarrak eteteko eskatu die Azerbaijani, eta, bi aldeei, hitz egitera esertzeko.