Barbadoren eta Zelaiaren aurkako espetxeratze agindua salatu dute ehunka lagunek

Bi gazte arabarrei elkartasuna agertu diete Amurrion, Agurainen eta Gasteizen.

Gaur arratsadean Amurrion egin duten protesta. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko irailaren 18a
20:32
Entzun

Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aldeko elkartasun oihuak ozen entzun dira gaur Araban. Ankerkeriari Stop plataformak deituta, ehunka lagunek bat egin dute arratsaldean bi gazteren aurkako espetxeratze aginduak salatzeko Agurainen, Amurrion eta Gasteizen deitutako elkarretaratzeekin. Aguraingo San Juan plazan, Amurrioko Herriko plazan eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren enparantzan egin dituzten protestak.

Ostiral arratsaldean egindako premiazko agerraldi batean, Ankerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuen espetxeratzeko agindua jaso dutela bi gazteek. Agindua jasota, hamar eguneko epea dute borondatez espetxeratzeko; bestela, atxilotze agindua martxan jarriko du Espainiako Auzitegi Gorenak, maiatzean berretsitako lau urteko espetxe zigorra betearazteko.Auzitegi Nazionalak 2021ean ezarri zien zigorra, «armak eta munizioak gordetzea» egotzita.

Gazteen askatasuna aldarrikatzeko hainbat deialdi egin dituzte. Hilaren 29ra arte, Euskal Herriko herri, auzo eta ikastetxeetan mobilizazioak antolatzeko eta elkartasun keinuak zabaltzeko deia luzatu dute. Irailaren 30ean, berriz, manifestazio batera deitu dute Gasteizen, 18:30ean.

Horrez gain, elkartasun kamisetak hainbat lekutan salgai jarri dituzte: Amurrioko herriko tabernan, Aguraingo herriko tabernan eta Gasteizko Garraxi tabernan.

Ankerkeriari Stop plataformaren baliabide kutxa ere eskuragarri jarri dute sarean, herrietan antolatzen diren mobilizazioen eta elkartasun dinamiken komunikazio bitartekoekin. Halaber, sare sozialetan #EuskalHerriakAurrera eta #AitorEtaGalderAske traolak erabiltzen jarraitzeko deia luzatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.