Bizkaiko itsasoan ainguratuta dagoen lehen sorgailu eoliko flotagarria argindarra ekoizten hasia da. Iragan abuztuan itsasoratu zuten Demosath haize errota, Armintzako (Bizkaia) kostaldetik bi miliara, eta, aurreikusi bezala, haren turbina gaur hasi da haizearen indarrarekin mugitzen. Beste mugarri bat ezarri du proiektuak hala, arduradunek azaldu dutenez.
«Energia sortzen hastea proiektuaren une gorena da», azaldu du David Carrascosa Saitec Offshore Technologiesen zuzendari nagusiak, Bermeon (Bizkaia) egindako ekitaldian.Eta zera erantsi du: «Honek balioko digu benetako esperientzian oinarritutako ezagutza eskuratzeko eta etorkizuneko proiektuetan eskala handiagoan aplikatzeko».
Izan ere, prototipo bat da, eta itsasoko haize erroten teknologiari buruz gehiago jakiteko balioko du. Proiektuaren arduradunak bi urtez ariko dira datu horiek guztiak biltzen eta ikertzen. Espero dute informazio hori baliagarria izatea 2026an haize errota gehiago jartzeko, besteak beste. Baita sorgailuak itsasoko ekosisteman izan dezakeen eragina neurtzeko ere, tresna espezializatuak baititu horretarako.
Oraingo prototipoa ia 70 metro garai da, eta olatuen indarrari eusteko gai den plataforma baten gainean dago. Plataforma hori itsas hondoan finkatzen aritu dira azken asteetan, hain zuzen ere, eta haize errota kable bidez sare elektrikora lotzen. Oraingoz, argindar gutxi sortzeko gai da: 2 megawatt,hau da, bi mila etxek urtebetean kontsumitzen dutena adina.
Hurrengoak handiagoak izatea espero da, hala ere, zeren 15 megawatt argindar sortzeko gai diren hiru errota jartzea baitu xede enpresak, hau da, 15.000 etxerentzako beste. Haize errota horiek 200 metro baino gehiago izango lirateke garai, eta haien palak 100-120 metro luze izango lirateke. Hori, baina, hurrengo urratsa izango da. Oraingoz, 2030erako 3 megawatt argindar sortzeko gai diren errotak jartzea da erronka.
Atzera-bueltarik ez
Eusko Jaurlaritzak ere hartu du parte proiektuan: Energiaren Euskal Erakundearen eta SPRI agentziaren laguntza jaso du, hain zuzen ere. Bada, Iñigo Urkulluk ekitaldian adierazi du energia berriztagarrien aldeko apustua «argia eta irmoa» dela, eta ez duela «atzera-bueltarik». «Badakigu horrelako azpiegiturak itsasoan edo gure mendietan ez direla atseginak. Inori ez zaio gustatzen norbera bizi den lekutik hurbil kokatzea. Baina klima aldaketa, tamalez, luzerako etorri da, eta erreakzionatu egin behar dugu».