Euskara

Espainiako Gobernua prest da EBn hizkuntza gutxituak ofizial egitearen kostuak bere gain hartzeko

Heldu den asteartean bozkatuko dute Bruselan euskara, katalana eta galiziera ofizial egitea edo ez. Aho batez onartu behar dute EBko 27 kideek. Badira neurriari muzin egin dioten herrialdeak.

Europako Parlamentuko bilkura bat, Estrasburgon (Frantzia). JULIEN WARNAND / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko irailaren 16a
12:27
Entzun

Hiru egun besterik ez dira geratzen EB Europako Batasuneko 27 herrialdeetako Atzerri ministroek zera eztabaidatzeko: ea euskara, katalana eta galiziera EBko hizkuntza ofizialen zerrendan sartzea. Ez da erraza izango. Europako Kontseiluko 27 kideek aho batez onartu beharko dute neurria, eta badira zalantzak dituzten herrialde ugari. Dena den, Espainiako Gobernuak aurre hartu die: prest agertu da kostu horiek bere gain hartzeko.

Erreparoz hartu dute proposamena zenbait kidek, eta batzuk harekiko kezka adierazi dute. Esaterko, Suediak eta Finlandiak. Argudiatu dute kostu ekonomikoa handitzea ekarriko lukeela hizkuntza gutxitu horiek onartzeak, baita lan karga administratiboa areagotzea ere, erakundearen jarduna «motelduz». Horiek horrela, uste izatekoa da trabak jarriko dizkiotela hizkuntza eskubideen aldarriari.

Ikusi gehiago:Euskara EBn: garrantzia, prestigioa eta «onura errealak»

Kide diren herrialdeetako hainbat enbaxadoreek atzo egindako bileran, asteartekoaren atarian, denbora gehiago eskatu zuten erabakiren bat hartzeko. Patxadaz aztertzea nahi dute zer eragingo lukeen EBn 24 hizkuntza ofizialetik 27ra igarotzea. Bilera horretan iragarri zuten Espainiako Gobernuak asmoa zuela kostuak bere gain hartzeko, bide batez, ofizialtasunerako bidea erraztu nahian. Berez, EBren arduratzen da kostu horiez.

Bruselan hilabete izan dute eztabaidarako. Hain justu, gaur duela hilabete egin zuen eskaria Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak euskara, katalana eta galiziera EBren hizkuntza erregimenean sartzeko. Hala eskatu zion Junts per Catalunya alderdiak, PSOEko Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidente hautatzearen truke.

Espainiako Kongresuan, laster euskaraz

Heldu den astearteak emango zu zeresana: Bruselan aipatu bozketa egingo dute; eta, aldi berean, hizkuntza gutxituak erabili ahalko dira Espainiako Kongresuan. Oraindik debeku da gaztelania ez beste edozein hizkuntza erabiltzea gabera horretan. Hiru egun barru irauliko da egoera. PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG taldeek aurkeztu zuten araudia aldatzeko lege erreforma, joan den astean. Berez, ERCk eta JxCk, biek negoziatu zuten PSOErekin Espainiako Kongresuan ere euskara, katalana eta galiziera erabili ahal izatea.

Aste honetan ebazpena sinatu du Francina Armengolek kongresuan hizkuntza gutxituak erabili ahal izateko. Behin-behinean antolatuko dute itzultzaileen sistema; Senatuan erabiltzen dituztenen pareko sistema ezarriko dute. Senatuan badago aukera hizkuntza gutxituak erabiltzeko, modu mugatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.