Funtzio publikoa

EAEko langile publikoak grebara deitu dituzte urriaren 25ean eta abenduaren 19an

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek antolatu dituzte lanuzteak. Soldatak %10 igotzea eta behin-behinekotasuna %8ra jaistea dira aldarri nagusiak

Grebak iragartzeko gaurko deialdia, Bilbon ELAk duen delegazioan; aurrean, Sonia Aldabe CCOOko kidea, Igor Izagirre ELAko Funtzi Publikoko arduraduna eta Irati Tobar LABeko Hezkuntza sindikatua. ARITZ LOIOLA / FOKU
iraia vieira gil
2023ko irailaren 15a
15:33
Entzun

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek iragarri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan greba egingo dutela urriaren 25ean eta abenduaren 19an. Uste dute zerbitzu publikoek «okerrera» egin dutela azken urteotan eta horrek, ezinbestean, eragin zuzena izan duela herritarrei eskainitako arretan. Egoera hobetu ahal izateko, beste gauza batzuen artean, 2024rako soldaten %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8ra jaistea eskatzen dute. «Asko dira hobetu nahi ditugun kontuak, eta horretarako neurri eraginkor eta errealak behar ditugu», azpimarratu du Irati Tobar LABeko Hezkuntza arduradunak.

Orain arteko protesta gehienak arloka egin dituzten arren (hezkuntza eta osasun arloetan, esaterako), sindikatuek ez dute hitzarmenik berritzea lortu, eta borroka dinamika aldatzea erabaki dute. «Egoera zeharkakoa denez eta antzeko beharrak ditugunez, bat egitea erabaki dugu», berretsi du Igor Izagirre ELAko Funtzio Publikoko arduradunak. Orotara, 150.000 langilek egiten dute lan sektore publikoan eta grebara deitu dituzte guztiak. «Ez da momentuko erabakia izan, baizik eta azken urteetan pilatzen joan diren kontuei erantzuna». Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalak, adibidez, %25ekoa izaten jarraitzen du.

Horrez gain, «soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak» Eusko Jaurlaritzaren esku egon beharko liratekeela uste dute. «Madrilek hartzen ditu erabakiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoaren inguruan, zergatik?», galdetu du Izagirrek. Jarraian eman du berak erantzuna: «Borondate politikoko kontua da; Gernikako Estatutuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak du horretarako eskuduntza». Zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzea, lan baldintzak hobetzea eta galdutako erosahalmena berreskuratzea aurrekontuetan zehaztutako helburuak izan beharko liratekeela uste dute talde guztiek.

Negoziazio mahaietan adostu ezin izan dituzten neurriak ere «behingoz» zehaztu nahi dituzte Jaurlaritzarekin. Hainbat aipatu dituzte agerraldian: azken bi urteetako erosahalmena berreskuratzeko soldata %10 igotzea; lanpostuak kontsolidatzea; behin-behinekotasuna %8ra jaistea; pribatizazioa amaitze; lanaldi partzialak erregulatzea; erretiro kontratuak bermatzea; lan kargak murriztea; euskararen ezagutza bermatuko duten formakuntzak emateko planak adostea; langileen osasun kudeaketa publikoa ahalbidetzea; berdintasunerako «benetako» urratsak ematea; 32 orduko lanaldia zehaztea eta bestelako lanaldi murrizketak bermatzea.

Datu zehatzak

Izan ere, sindikatuek emandako datuen arabera, %20 murriztu da azken bi urteotan langile publikoen erosahalmena. Soldaten igoera zuzenarekin, %10eko igoera lortu nahi dute sindikatuek; gainerakoa Jaurlaritzak zortzat hartzea eta etorkizunean berreskuratuko dutela ziurtatzea nahi dute. Bestalde, Zerbitzu publikoetako lan kontratuen %40 behin-behineko direla adierazi dute eta 100.000 langile azpikontratatu dituztela.

Gizarte premiak «larritzen» ari diren heinean, ordea, bankuen irabaziak inoiz baino gehiago hazi dira sindikatuen arabera. Izagirrek berak eman ditu datu zehatzak: «2023ko diru bilketa izan da azken urteotako errekorra; gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta daude». Diru hori soldatak igotzeko, euskarazko formakuntzak ahalbidetzeko edota emakume eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzeko bidera zitekeela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.