Euskal Herriko hainbat eragilek «kezka» agertu dute Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. Uste dute EITBren telebista kate eta irratietan gaztelerazko edukiei lehentasuna ematen zaiela, eta, euskara, aldiz, «zokoratuta» dagoela. Hori dela eta, EITBri galdegin diote euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde «gidoia aldatzeko», eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, duin, eguneratua eta erakargarria» osatzera premiatu dute.
Euskal Herri osoko 31 eragilek bat egin dute eskaerarekin. Gaur eguerdian agerraldi jendetsua egin dute Gasteizen, eta iragarri dute kanpaina bat abiatuko dutela Eusko Jaurlaritzari eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Aldatu Gidoia Euskararen alde leloa izango du kanpainak. «Masa kritiko sendo bat artikulatu nahi dugu euskara eta euskarazko kultura erdigunean jarriko dituzten politen alde», adierazi dute. Horretarako, Euskal Herri osoko gizarte eragile eta norbanakoekin bilduko dira, eta sinadura bilketa abiatuko dute Change.org plataforman atxikimendu gehiago batzeko.
Era berean, iragarri dute Eusko Jaurlaritzarengana eta alderdi politikoengana joko dutela datorren urteko kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat har ditzaten eskatzeko. Kanpaina borobiltzeko, manifestazio batera deitu dute datorren urteko maiatzaren 18rako. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzatik irtengo da, 17:30etik aurrera. Aldarri argia izango du: euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITBren alde egitea.
EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arrangura eragin die kanpaina sustatu duten eragileei. Iritzi diote sorrerako helburuak «baztertu» dituela, eta «Espainiako markoa» gailendu dela guztiz: «Gaztelerak eta gaztelerazko telebista eta irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik».
Halaber, kritikatu dute «hanka sartze larria» dela Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik euskarazko ikus-entzunezkoetara baliabide gutxi bideratzea. Azpimarratu dute EITBri dagokiola herritar guztiei euskarara sarbide unibertsala bermatzea, eta hartarako, «sendo» behar duela egon, euskara lehen hizkuntza hartuta, euskal kulturan ardaztuta, herritarrentzat «erreferentzia» bilakatuta eta euskarazko programazio «oso, kalitatezko eta orekatua» eskainita. Egun, baina, gaztelerazko eskaintza euskarazkoa baino askoz gehiago zaintzen dela salatu dute:«El Conquis, En Jake, Akelarre eta bestelako erdarazko saioak dira EITBren kutunak».
Eta zineman eta streaming plataformetan ere lehengo lepotik burua, eragileen ustez. «Euskarak fikzioa behar du berandu baino lehen», ohartarazi dute. Erakundeei eskatu diete lan egiteko euskarazko edukiek euskarri guztietan tokia izan dezan: «Estrategikoa deritzogu euskarazko eskaintza duina jendea dagoen tokietara eramateari: telebistara, zinema estreinaldietara eta, bereziki, streaming plataformetara».
Aurrekontuaren %5
Horiek hala, hainbat eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Batetik, galdegin diote Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzeko, euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko eta zinema eta plataformetako edukiak euskarara bikoizteko diru laguntza lerro propioak sortzeko. Halaber, ondorengo eskaerak egin dituzte: EITBk urtean edukietara bideratutako diru partidaren %75 euskarazko programetara zuzentzea; helduentzako film eta telesailen emanaldien erdia gutxienez euskaraz eskaintzea; Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea; bi urtean, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea; euskarazko bikoizketa urtean 1.500 orduko produkzio mailara itzultzea eta ikus-entzunezko lanak finantzatzeko diru partiden %75 euskarazko ekoizpenak laguntzera bideratzea.
Inklusioaren eta hizkuntza normalizazioaren ikuspegitik, berriz, azpidatzien erabilera politikak diseinatzea eta horiek orokortzea eskatu dute. Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak«iraunkorki promozionatzea» funtsezkoa dela uste dute, eta baita euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa «babestea, zaintzea eta hedatzea» ere.
Horrekin batera, euskarazko kulturarentzat eta sortzaileentzat «lehentasunezko tokia» izan beharko luke EITBk, haientzako «gutxieneko kuotak» ezarrita, eragileen ustez. Sarean dauden plataformetan, berriz, euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak egon beharko liratekeela iritzi diote.
Orobat, euskarazko bideo-jokoen alde egiteko eskatu diote EITBri. Besteak beste, bideo-jokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea proposatu dute, euskararen presentzia bermatu aldera. Eta garrantzitsutzat jo dute lan egitea sektoreko puntako enpresen bideo-joko kontsolek nahiz gailuek euskara interfaze grafikoan txertatu daitezen, eta dendetan euskara etiketa berezituarekin ager daitezen.
Atxikimenduak
Hurrengo eragileek babestu dute Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina:
ELA
LAB
Steilas
Iratzar Fundazioa
Euskalgintzaren Kontseilua
UEMA
Euskal Herrian Euskaraz
AEK
Ikastolen Elkartea
Gazte Euskaltzaleon Sarea
IKA euskaltegiak
BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkartea
EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Sortzen
Pantailak Euskaraz
Naziogintza
Netflix Euskaraz
(H)Itzartu EITB
Zer non ikusi
Euskal Encondings
Zinemak Euskaraz
Game Erauntsia
Arnas Dezagun
Administrazioan Euskaraz taldea
Zappingzalea
Mangaberri
Alkartasuna Fundazioa
Hau Pitti Hau Bilboko konpartsa
Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma
Lanartea
Euskal Aktoreen Batasuna