Lurrikara Marokon

Marokoar askok kalean egin dute lo, lurrikara batek 2.000 pertsona inguru hil ondoren

Ostiral gauean izan zen lurrikara, 23:11n, Marrakextik 70 kilometro hegoaldera.

Eraikin bat lurrikaren ostean, Marrakexen. MARíA TRASPADERNE, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano
2023ko irailaren 9a
07:10
Entzun

Richter eskalako 6,9 graduko lurrikara bat izan zen Marokon ostiral gauean, eta gutxienez 2.000 pertsona hil eta bete horrenbeste zauritu ditu. Marokoko Barne Ministerioak eman du datu horien berri, baina litekeena da datozen orduetan gehiago izatea, erreskate taldeak lanean ari baitira oraindik, eta asko dira etxe birrinduen azpian ezin atera dauden herritarrak. Jendez lepo daude ospitaleak; izan ere, «oso larri» daude zauritu gehienak, 1.400 baino gehiago. Oraindik tentsioa nabari da kalean; lurrikararen ondoren, milaka herritarrek kalean pasatu zuten gaua, gehiago egon zitezkeelakoan.

Lurrikara Marrakextik 70 kilometro hegoaldera izan zen, 23:11n, Al-Hauz probintzian. Hain justu, hor izan da hildako gehien, gutxienez 542; Tarudanten, 321; Txitxauan, 103; Uarzazaten, 38; Marrakexen, 13; Azilalen, 11; Agadirren, 5; Casablancan, 3, eta Al-Yussufian, bat, atzo emaniko datuen arabera. Epizentroa Ighil udalerrian izan zen. Minutu batetik bestera, hainbat etxe eta horma behera erori ziren, eta kalteak larriak dira. Ezbeharra gertatu zenean, Marrakexen zegoen Lur Uribarren mendi gidaria. Euskadi Irratian esan duenez, hiriko plazan pasatu zuten gaua, milaka pertsonarekin batera. «Kaosa handia zen. Gau osoan aritu dira anbulantziak alde batera eta bestera, eta poliziak horiei bidea emateko zeuden».

Ezbeharraren harira, gobernuak agindu du larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu guztiak lanean has daitezela, «berehala». Nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunde ere erreskate lanetan laguntzen ari dira: besteak beste, Mugarik Gabeko Suhiltzaileak. Halaber, Azpiegituren eta Uraren Ministerioak lurrikarak hautsitako errepideak itxi ditu.

Zaurituei laguntzeko, berriz, gobernuak eskatu die herritarrei joan daitezela odola emateko zentroetara. Hemezortzi urtetik gorako herritarrek dute odola emateko aukera. Edonola ere, kalte handiak eragin ditu lurrikarak, eta kostako da zauria ixtea. Gaur bertan, hiru eguneko dolua iragarri du Marokoko Errege Mohamed VI.ak.

Azken hamarkadetakolatzena

Gertatu baino minutu gutxi lehenago iragarri zuen lurrikara Marokoko Geofisika Institutuak. Baina, ordu horretan, etxean edo jatetxeetan afaltzen zeuden herritar andana. Atzo jakinarazi zuenez, lurrikara gertatu ondoren ehunka erreplika izan ziren, baina ez ziren izan lehendabizikoa bezain handiak. Espainiako Institutuak, berriz, Marokon izan zen 4,8 graduko lurrikara baten berri eman zuen. Horrek Berrechid izan zuen erdigune, eta Espainia hegoaldean ere sumatu zen.

Afrikako inguru horretan bi plaka tektonikok jotzen dute elkar, Afrikakoak eta Eurasiakoak, eta ohikoak izaten dira mugimenduak. Hildakoen eta zauritutakoen kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, jada jakina da azken hamarkadetan Marokon izan den lurrikara latzena izan dela. Duela 60 urte pasatxo, 1960ko otsailaren 29an 5,7 graduko lurrikara batek Agadir hiria suntsitu zuen, eta 15.000 pertsona hil zituen. 2004ko otsailaren 24an, berriz, Al-Hoceiman 6,4ko lurrikara batean 628 hildako izan ziren.

Mugatik gertu ere, Aljerian, izan zen ostiralekoaren antzeko ezbehar bat: 2003ko maiatzaren 21ean, 7,3 graduko lurrikara bat izan zen, eta 2.500 pertsona hil eta 300.000 zauritu zituen. Egoera bertsua dute orain Marokon, eta, agian horrexegatik, Marokoko herritarrei eskua luzatu die Aljeriako Gobernuak. Aireko espazioa berriro irekiko dutela iragarri du, Marokora giza laguntza «eta bestelakoak» bidaltzeko eta zaurituak lekualdatzeko.

Edonola ere, inor gutxik esperotako keinua izan da Aljeriarena. Izan ere, azken urteotan bi herrialdeen arteko harremana ez da bereziki ona izan. Aljeriak eta Marokok harreman diplomatikoak eten zituzten duela bi urte, 2021ean. Ordutik, Aljeriak itxita mantendu du bere aireko espazioa: zibilentzat, militarentzat, eta Marokon matrikulatutako hegazkin guztientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.