Hainbat hilabetetako heltze prozesuaren ostean, mahatsa jasotzeko garaia gerturatzen ari zaie txakolindegi askori. Irailaren erdialdean hasi ohi dira uzta biltzen, eta aurten ez da oso ezberdin izango. Getariako Akarregi Txiki upategian datorren astean hasiko dira mahatsa biltzen, beltza lehenengo eta zuria gero. Aurtengo sasoian arazoak izan badituzte ere, uzta ona datorrela uste du Iker Eizmendi upategiko bazkideetako batek.
«Konplikatua izan da aurtengo uzta, baina azken asteetan hobera egin du, eta gustura gaude. Uste dut lehengo urtean adina mahats ez dugula izango, baina kantitate dezentea izango da», dio Eizmendik.
Hondarrabi beltza biltzen hasiko dira lehenbizi, irailaren 18an edo 20an, eta, hori amaitzean, astebeteren buruan-edo, Eizmendiren aurreikuspenen arabera, hondarrabi zuria biltzeari ekingo diote, dena biltzen amaitu arte.
Uztarako baldintzak
Uzta on batek sekretu gutxi dituela iritzi du Lander Garrastazuk, upategiko beste bazkideetako batek, baina gertatzea zaila dela ere badaki: «Eguzkia eta euria behar dira, baina bietatik gehiegi ere ez da ona. Hezetasun handiarekin, adibidez, neguan, sufrea oraindik bota ez duzunean, gaitz asko hartzen dituzte mahastiek, Getarian mildiua batez ere. Eta oraingoa bezalako giro bero heze honekin, non aleek azukre asko duten eta nahiko helduta dauden, usteltzeko joera izaten du mahatsak». Beraz, Garrastazurentzat, egoerarik «onena» egunez lehorra egotea eta gauez «euri pixka bat» egitea da.
Aurreko urteko mahats bilketa izan zen horren adibide, eta zaila ikusten dute maila hori gainditzea, nahiz eta aurtengoa gertu ibiliko dela aurreikusi duten. Iazko urtea «oso lehor» joan zen, Garrastazuren hitzetan, baina bildu baino hilabete lehenago euria egin zuen, eta mahats-mordoak gizendu: «Kristoren mahats urtea izan zen».
Nekazaritzan ia ezinezkoa da, batetik, arazorik gabeko urtea izatea, eta, bestetik, zer egon daitezkeen arazoak aurreikustea; eta hori garbi du Garrastazuk. Aurtengo denboraldia hasieratik «oso konplikatua» izan da: «Goizez eguzkia egiten zuen, eta arratsaldean lainobera sartzen zen. Getariako behe aldean nahiko ondo joan da, baina, zenbat eta gorago joan, orduan eta okerrago izan da».
Gaitzak ere eragin die, mildiua izan baitute mahastiek, eta, Eizmendiren hitzetan, «ohi baino goizago» sartu da aurten, fumigatu aurretik. Hala ere, hobera egin du egoerak udaberrian eta udan, eta arazorik gabeko uzta izango dela uste dute.
Aurten izaten ari diren beste arazoetako bat langile falta da. Normalean, 45 edo 50 sasoikako langile inguru hartzen dituzte irailean, mahats bilketarako, baina azken urteetan lanerako jendea topatzeko arazoak dituztela adierazi du, etsipenez, Garrastazuk: «Oso zaila da jendea topatzea. Oraingo jendeak ez du lanik egin nahi, edo ez dakit... segituan trabak jartzen dituzte».
Txakolinak badu merkatua
Getariako Txakolinaren salmentak goraka doaz. Hala laburtu dute merkatuaren bilakaera Eizmendik eta Garrastazuk. Pandemia izan zen inflexio puntua: «Garai zaila izan zen, baina kanpoko salmentak salbatu zuen. Hemen, tabernak eta bestelakoak itxita zeudenez, ez zen asko saldu, baina kanpoan, bai. Horrek salbatu zuen gehienbat», azaldu du Garrastazuk.
Ordutik, esportazioen joera mantendu, eta, are gehiago, «handitu» egin da, Garrastazuren hitzetan. «Uste dut jendeak oraindik baduela txakolina edateko joera. Bodega gero eta gehiago gaude, eta litroak ere gehiago egiten dira, eta egindako horiek saltzen dira», azaldu du Eizmendik.
Nahiz eta joera hori goranzkoa izan, Akarregi Txikin goia jo dutela adierazi du Garrastazuk: «Goia jo dugu, eta, oraingoz, ez dugu gehiago landatzeko asmorik. Guk hamazazpi hektarea hauek ondo mantendu nahi ditugu: mahatsaren kalitatea ondo begiratu, ondo saldu eta gure bezeroak zaindu».