«Hain ertz ezberdinetan ibilitako jendearen bizipen, kezka, nahigabe eta minen ahotsa entzun nahi nuen. Eta uste nuen nik ere, beste guztiek bezala, nire ekarpen txikia egin nezakeela», Juanjo Uriaren hitzak dira. Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxeko oholtzatik eginak, atzo arratsaldean. Inguruan beste 11 lagun eserita, zirkulu erdi batean. Denak hizlariari so, esanak adi entzuten. Guztiek elkar ezagutzen dute, eta ezagutzen dute bakoitzaren historia. Lehen aldia da, baina, plaza publikoan horren berri ematen dutela, elkarrizketa prozesu errestauratiboak eskaini diena herritarrei plazaratzeko asmoz.
Hernaniko Herritar Foroak «entzute fase bati» ekin zion 2018an, «Hernani anitzak hurbiletik ezagutzeko» asmoz. Hala xehetu zuen Aitziber Blanco bideratzaile eta Lokarriko kide ohiak haren helburua: «Gatazka eta indarkeria politikoak gure herrian eta herritarren arteko bizikidetzan izandako eragina ezagutzea eta ulertzea». Eta horrek emaniko fruituetako bat da iazko maiatzean hamabi herritarrek zirkulu errestauratibo batean parte hartu izana. Rosa Pellejero, Elias Miner, Maddi Ugartemendia, Itziar Egiguren, Leo Lekuona, Jon Navarro, Estefania Morcillo, Juanjo Uria, Iratxe Ugalde, Kepa Pikabea, Felipe Etxeberria eta Lourdes Tranche. Tartean, Herri Batasunako alkate ohi bat, PSE-EEko zinegotzi ohi bat, presoen senideak… Talde plurala, baina Biteri kultur etxean lagun talde gisa aurkeztu zena.
Denak ere Duke Duchschererren gidaritzapean elkartu ziren, Viçens Rul·lan psikologoaren itzulpengintza lana lagun zutela. Duchschererrek beste zenbait gatazka eremutan izandako esperientzia baliatu zuen parte hartzaileentzat «gune seguru bat» eratzeko; non, eta Urnietako (Gipuzkoa) Salestarren ikastetxean. «Gune neutral bat izan zen».
Han elkartu ziren zenbait egunez hamabi lagunak, zenbait galderaren bueltan euren esperientziak kontatu eta gainerakoenak entzuteko. Eta berebiziko garrantzia izan zuen prozesuan azken elementu horrek, entzuteak. Hizlari bakoitzak arreta bereziz entzun behar zion kide bat aukeratu behar baitzuen, ondoren esanak laburtu zitzan.
Minerrek adierazi zuen Morcillo aukeratu zuela hari entzuteko. Preso baten senidea lehena, eta PSE-EEko zinegotzi izana bigarrena. «Kontrapuntua izango litzatekeena; pentsamendu politiko eta bizipen aldetik», azaldu zuen Minerrek. Halere, gehitu zuen hitz egiteak eta entzuteak agerian utzi diela gatazkak bien bizitzak baldintzatu dituela: «Sufritu dugunak elkartzen gaitu erdian».
Morcillok ere adierazi zuen bakoitzaren esperientzia kontatu ahala antzeman zuela afera komun ugari zituztela: «Gure herriko egoera politikoak haurrak ginenetik markatu gintuen. Txanpon beraren bi aldeak ginen: bakoitza posizio politiko batean, baina pertsona bezala izandako emozioak antzekoak ziren».
Halako elkarguneetara, baina, ez ziren bat-batean iritsi. Duchschererek azaldu zuenez, denak elkartu ziren lehen unea «tentsio handikoa» izan zen, eta partaideetako bat «sakonago» hitz egitera ausartu izanak eman zien behar zuten bultzada: «Hunkigarria izan zen nola amaieran esperientzia intimoak kontatzen zizkioten elkarri».
«Zertarako?»
Zirkulua eratu aurretik ere egin ziren urratsak. Izatez, Herritar Foroko kideak gerora zirkuluko partaide izango ziren zenbaitekin banakako elkarrizketak egin zituzten. Hala gogoratu zuen Lekuonak berak eta Tranchek foroko kideekin izandako bilkura: «Babestuak, entzunak, errespetatuak eta baloratuak sentitu ginen». Hilabete batzuk geroago jakinarazi zieten beste zenbait lagunen bizipenak ere jaso zituztela, eta elkartu nahi zituztela.
Taldean elkartzeak, baina, «kezkak» eta «zalantzak» sortu zizkien zenbaiti. Minerrek azaldu zuen ingurukoekin bere bizipenak konpartitzea «onuragarri» izan zaiola, baina prozesuak bestelako galdera batzuk ere sortzen zizkiola: «Non sartu naiz? Zertarako? Norekin topo egingo dut? Ulertuko dute nire egoera?». Kezka horiek, baina, beste zerbaiti egin zioten lekua: «Aberastasun pertsonal batekin ateratzen naiz hemendik».
Ez zuen berehalakoan baietz esan Morcillok ere. Hari Pellejerok, foroko kideak, luzatu zion gonbidapena. «Esan zidanean pentsatuko zuela eta zerbait esango zidala, korapilo bat egin zitzaidan», azaldu zuen Pellejerok. Eta erantzuna pentsatu behar horren arrazoiak eman zituen Morcillok: «Eszeptikoa nintzen. Ez nengoen ziur zerbaitetarako balioko ote zuen, eta gogorra egiten zitzaidan nire bizitzaren zenbait aspektu gogoratzea. Ez nuen nahi niretzat eta nire familiarentzat hain mingarria izan zen iragan batera itzuli».
Halere, Morcillok gaineratu zuen lehen aldia izan zela ezagutzen ez zuten pertsona batzuek «zinegotzi sozialista baten alaba eta zinegotzi sozialista gisa» bizi izandakoaren berri jakin nahi zutela. Horiek hala, baiezkoa eman zuen: «Nire aportazioak Hernaniko bizikidetzari laguntzea posible bazen, zalantzak uxatu eta parte hartu behar nuen».
Beste batzuek, berriz, argiago ikusi zuten hasieratik. «Halako ekimenak beharrezkotzat jotzen nituen lehen, eta beharrezkotzat jotzen ditut orain», azaldu zuen Uriak, eta gehitu «pozez eta ilusioz» hartu zuela gonbita. Kepa Pikabeak ere ez zuen zalantzarik egin. Izan ere, ez da halako esperientzia batean parte hartzen duen lehen aldia. Preso zela izan zituen elkarrizketak biktimekin: «Beti sentitu dut entzuteko beharra». Oraingoan, baina, entzuna ere sentitu da.
Foroko kideentzat ere ez zen erraza izan. «Urduritasun» hitza erabili dute egoera hura deskribatzeko. «Nola lortu bakarka sentitutako hori taldean denak biltzean ematea?». Hori zen Navarrok bere buruari egindako galdera. «Ez da erraza jende aurrean hitz egitea, eta gutxiago gai hauetaz», Pellejeroren esana.
Hala, denak ere «konfort eremutik» atera ziren bilkura haietan, Egigurenen esanetan, eta «etiketak eta klixeak» baztertuta egin zuten, Ugartemendiaren hitzetan. Horrek eman zien bide, «formatu intimo batean», barruan zituztenak atera eta elkar ulertzeko. «Pertsona gisa» hitz egin, eta bizikidetza «posible» dela elkarrekin ikusteko. Hori bileraz bilera lortu zuten, gerturatu ahala, Uriaren arabera: «Erakutsi digu pentsaera eta ibilbide ezberdinetako jendeen artean posible dela elkarlan zintzo eta aberats bat egitea. Bizikidetzaren funtsa da».
Bilkura hartatik «ekintza plan bat» ere atera zuten, eta haren ondorioetako bat da Biteri kultur etxean egindako agerraldia. «Diskrezioz» egindako «elkarrizketa sakon eta zintzoaren» eraginak eta ondorioak herritarrei plazaratzea. «Denok ditugu historia gogorrak, eta denok eman dugu urrats zail baina beharrezkoa», azaldu du Morcillok.