Enpresak

Celsari buruzko azken hitza berea dela ohartarazi du Espainiako Gobernuak

Epaile batek inbertsio funtsen esku utzi du altzairugintza taldea, baina, sektore estrategikoa denez, erabaki horrek bere baimena behar duela azaldu du Madrilgo gobernuak.

Inbertsio funtsen aurkako manifestazio bat, iaz,Santanderren. PABLO AYERBE / EFE
Iker Aranburu.
2023ko irailaren 5a
15:59
Entzun

Celsaren jabetzari buruzko partida ez da amaitu. Bazirudien haren kontrola galdua zuela haren orain arteko jabeak, Kataluniako Rubiralta familiak, Bartzelonako merkataritza arloko epaitegi batek ontzat hartu zuelako haren hartzekodunen eskaera: beren zorraren zati handi bat enpresaren akzio bihurtzea eta, hortaz, kontrola haien esku uztea.

Baina Rubiralta familiak babes politikoa izan du orain arte, eta ez duela erabat galdu uler daiteke Espainiako Gobernuaren oharra ikusita. Industria Ministerioaren iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, Celsa konpainia estrategikoa denez, Ministroen Kontseiluak du haren jabetzari buruzko azken hitza. Zehazki, legeak eskumena ematen dio enpresa estrategikoen akzioen %10 baino gehiago erostea onartzeko eta atzera botatzeko. Celsa ez dagoenez burtsan, baliteke Europako Batasunetik kanpoko inbertitzaileen esku hartzeak trabatzea. Halakoak dira Celsak bankuekin zuen zor handiaren —3.500 milioi euro— zati handi bat erosi zutenetako asko. Deskontu handiarekin erosi zuten, %80 ere merkeago, bankuak ohartu zirelako zaila izango zitzaiela zor hori bueltan jasotzea, altzairugintza taldearen egoera ekonomiko kaskarra ikusita.

Kontrola hartu nahi duten inbertsio funtsekin ez da fio Pedro Sanchezen gobernua, beldur baita etekin baten truke enpresa zatitu dezakeela, eta zenbait atal itxi. Jarrera hori du Eusko Jaurlaritzak ere. Esanguratsua izan da Kutxabanken jarrera ere: Celsaren hartzekoduna da, baina uztailean irten egin zen enpresaren kontrola hartu nahi zuten finantza erakundeen multzotik.

Konpainiaren zatiketa eragozteko eta ahalik eta enplegu gehien gordetzeko, Espainiako Gobernuak 550 milioi euroren erreskatea eskaini zuen iaz. Diru hori ez dutela eskatuko ziurtatu dute, ordea, inbertsio funtsek. Azken hilabeteetan altzairuaren sektoreko inbertitzaile baten bila aritu dira, Madrilen mesfidantza gutxitzeko, baina artean ez dute arrakastarik izan. Esan dute, ordea, erabakigunea eta lanpostuak blindatuko dituztela.

Hiru lantegi Euskal Herrian

Zazpi mila langileko talde bat da Celsa, eta haren kontrolerako borrokak badu garrantzia Euskal Herrian. Izan ere, Celsak hiru altzairutegi eta 650etik gora langile ditu Euskal Herrian: 329, Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia); 98, Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zen—; eta 200, Celsa Francen (Bokale, Lapurdi). Azken hori da hiruretan sendoena, talde osoaren fakturazioaren %9 ekartzen baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.