Bikotearen Kanboko etxebizitzan gertatu zen erasoa, iragan larunbatean. Gizonak andreari labana batekin eraso egin zion, eta belaunean eta eskuan larriki zauritu zuen. Frantziako Polizia erasoa gertatu eta gero sartu zen etxebizitzara, eta gizona atxilotu zuten berehala. Andreak auzoen etxebizitzan babestu zuen bere burua. Atzo epaitu zuten gizona Baionako auzitegian.
Epaileak prokuradorearen eskariarekin bat egin zuen. Hamar hilabeteko presondegi zigorrera kondenatu du gizona, eta, gainera, bost urtez ezingo da Frantziako Estatuan egon —Ingalaterrakoa da gizona—. Arma bat eramatea ere debekatua izanen du denbora tarte horretan. Epaileak erran duenez, presondegi zigorraren ondotik «Frantziatik kanporatuko» dute.
Erasoa salatu eta indarkeria matxistaren kontra egiteko, elkarretaratzea eginen dute arratsalde honetan, Kanbon, 18:30ean herriko etxe aitzinean.