Beasaingo (Gipuzkoa) CAFek hiru pabiloi itxi ditu, horietako baten teilatuaren desmuntatzeko lanetan amiantoa agertu delako. Zuzendaritzak kontrakoa jakinarazi arte han lan egiten duten langileak —200 inguru— ez dira lanera itzuliko. Enpresaren arabera, nabe horietako baten sabaia kentzeko lanak abuztuan hasi zituzten. Prozesu horretan amianto kopuru «oso txikiak» aurkitu dituzten arren, hiru nabeak ixtea erabaki dute, badaezpadako neurri gisa. Enpresa garbiketa lanak egiten ari da hiru pabiloietan, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko lantalde espezializatu batekin batera. Amiantoa oso material arriskutsua da osasunerako, amianto fibrak edo hautsak arnasteak minbizia eragiten baitu.
Langile batzordeak ohar bat igorri du, enpresaren kudeaketa gogor kritikatuz. Eskatu du harik eta segurtasuna «%100e ziurtatu arte», hiru pabiloi horietako langile bakar bat ere ez dadila bere lanpostura itzul, eta galdutako lanegunak osorik eta langileei inolako kalterik eragin gabe ordaintzeko. Salatu du zuzendaritzak ekoizpena lehenetsi duela «berriro ere» langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, eta «egoeraren arduradun nagusiak» kargugabetzeko eskatu du; ez du baztertzen auzitara jotzea. Osalanen «utzikeria» ere salatu du.
Akabera sekzioko 7., 8. eta 9. nabeetako beharginei eragin die erabakiak, eta haserre handia sortu du. Langile batzordearen arabera, «egun hauetan gertatutako guztia ekidin zitekeen zentzugabekeria hutsa da».
«Utzikeria»
Kaltetuek astearte honetan jaso dute etxera joateko agindua, nahiz eta enpresak egun batzuk lehenago detektatu amiantoarekin kutsatzeko arriskua zegoela. Langile batzuk astebete lehenago jaso zuten abisua, 8. nabekoek. Eta astearte honetan ezagutarazi du enpresak han hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dutela. Horren ostean erabaki du 7. eta 9. nabeetako langileak ere etxera bidaltzea.
Sindikatuek salatu dutenez, denbora tarte horretan nabe horietako jarduera etetea eskatu zuten, eta enpresaren ezezkoaren ondoren, beste neurri batzuk galdegin zituzten: beharginentzako segurtasun eta kontrol neurriak handitzea, airearen kalitate frogak egitea eta tailerretako hainbat puntutan zeuden hauts laginak aztertzea. Horiek ere ez zituen onartu. «Erantzun zuen Osalanekin koordinatuta ari zela lanean eta jarraibide eta protokolo guztiak betetzen ari zirela». Osalanen jarrera salatu du langile batzordeak, agertutako kezka eta desadostasunei «garrantzia kendu» dielako.
Aspaldiko ezaguna
CAFen aspaldiko ezaguna da amiantoa. Gaur egun ez dute erabiltzen, baina 1990eko hamarkadara arte ohiko zen han ekoizten dituzten trenetan isolatzaile gisa erabiltzea. Osalanen arabera, amiantoarekin luzaroan jardundako langileen %10 inguruk dute mesotelioma garatzeko arrisku handia, eta gaitzak jotakoen %80ek luzaroan zan dute kontaktua amianto zuntzekin.
Beasaingo lantegiarekin loturik 61 pertsona hil dira mineral hori arnasteak eragindako gaixotasunengatik; haietako hiru beharginen bikotekideak dira. Hori epaitegiek aitortutako kopurua da, baina, sindikatuek diotenez, ehunka dira gaixotutakoak. 640 pertsonako zerrenda bat dute, eta horiei osasun azterketa bat egiten diete urtero CAFek eta Osakidetzak. Horrekin batera, instalazioetan amiantoa dagoen lekuen mapa bat dute, eta material hori kentzeko plan bat du enpresak. «CAFen amiantoaren inguruan dugun ibilbidearen jakitun, bereziki larria da orain gertatutakoa bezalako egoerak gertatzea», salatu du langile batzordeak.