Erreakzioak

Atsekabea eragin du Etxebehereren heriotzak

Besteak beste, nabarmendu dute «bakegile nekaezina», «konprometitua» eta «eskuzabala» izan zela.

Jeff Mateo, Terexa Lekunberri eta Graxi Etxebehereren ongietorria Ortzaizen, 2015ko uztailean. ISABELLE MIQUELESTORENA
edurne begiristain
2023ko abuztuaren 30a
13:50
Entzun

Bakearen alde ibilbide oparoa eginik zendu da Graxi Etxebehere, eta, sareetan, dolumin eta atsekabe mezu ugari izan dira heriotzaren berri izan ondoren.

«Emazte handi bat joan zaigu! Bakegile nekaezina! Milesker emandako guziagatik. Adiorik ez, Grazi», adierazi dute Bakegileek.

Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak Etxebehereren «eskuzabaltasuna», «humanismoa» eta «abertzaletasuna» azpimarratu ditu, eta baita haren «indarra» ere. «Monumentu bat joan zaigu», idatzi du Lopepek sare sozialetan. «Milesker, Graxi, herri honi eman diozun guziagatik. Milesker zure ondoan ikasitako guziagatik. Agur eta ohore!», erantsi du.

EH Baik berak ere zabaldu du dolumin mezua. Etxebehereren hitzak paratu ditu sare sozialetan, haren militantzia goresteko: «Emateak ekarri dit zoriona; ez hainbeste jasotzeak». Eta ondorengoa erantsi du: «Euskal Herriaren aldeko borrokan segituko dugunongan bizi-bizirik iraunen duzu, Grazi».

Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak sare sozialetan utzi duen mezuan azpimarratu du Etxebehere militante «nekaezina, zintzoa eta leiala» izan zela, eta baita «eskuzabala eta maitekorra» ere. Hark egindako ekarpena «handia» izan zela esan du, halaber.

Bide beretik jo du Sortuk ere. Etxebehere «abertzale militantea eta konprometitua» zela gogoratu du, eta presoen aldeko dinamikaren balioak «ezin hobeki gorpuzten» zituela ere bai. «Izar berri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean», idatzi du alderdiak sare sozialetan. «Herria egiteagatik» eskerrak eman dizkio, gainera.

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek Etxebehereren «konpromisoa» eta «eskuzabaltasuna» nabarmendu ditu, eta doluminak eman dizkie haren lagun, senide eta burkideei.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere gogoan izan du zendutako bakegilea. Hark erakutsitako «konpromisoa» goratu nahi izan du Otegik: «Emakume handia, konprometitua, militantea, abertzalea eta ezkertiarra. Bake artisaua eta betiere burkide eta laguna». EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, «ohore handia» izan da Etxebehererekin «askapen prozesuaren bidean» lan egitea.

EH Bilduko beste kide batzuek ere agertu dute atsekabea heriotzagatik. Besteak beste, Bel Pozueta diputatuak idatzi du mezua sare sozialetan: «Justizia, nafartasuna eta euskara. Bizitza osoan tinko defendatu dituzun aldarriak oztopo guztien gainetik». Emakume «borrokalari, nekaezin, eredugarri eta baikorra» izan zela gaineratu du Pozuetak.

Sarek ere doluminak agertu ditu. Bakegile eskuzabala eta nekaezina izan zela gogoratu du, eta hark hasitako bidean aurrera jarraituko dutela gaineratu. «Garena egin gaituzu, Graxi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.