Txileren eskaera historiko bati erantzunez, 1973an herrialdean gertatutako estatu kolpeari buruzko bi dokumentu desklasifikatu ditu AEBetako Gobernuak. Irailaren 11n eman zuten kolpea militarrek, eta orain sekretua kendu diete zerbitzu sekretuek Etxe Zuriko orduko maizter Richard Nixoni (1969-1974) irailaren 8an eta 11n bertan bidali zizkioten txostenei. Kolpe saiakeraz ohartarazten dute aurrenekoan; eta bigarrengoan nabarmentzen dute saiakera babestekoak direla «funtsezko zenbait unitate militar».
Kolpearen 50. urteurrenaren atarian desklasifikatu dituzte bi dokumentu horiek, eta AEBetako Estatu Departamentuak atzo ohar batean azpimarratu zuenez, horren helburua da bi herrialdeek partekatzen duten harremanaren «ulerpen sakonago bat ahalbidetzea». Txileko Gobernuak eskerrak eman dizkio Washingtoni, eta Atzerri Ministerioko idazkariorde Gloria de la Fuentek adierazi zuen dokumentuei sekretua kentzeak «egiaren bilaketa» sustatzen duela. Testuinguru horretan, aintzat hartu behar da Txileko Diputatuen Ganberak proiektu bat onartu zuela, joan den abuztuaren 9an, eskatuz Atzerri Ministerioari kudeatzeko kolpearekin lotura duten AEBen dokumentuak.
Kontuan hartu behar da Bill Clinton AEBetako presidente zen garaitik (1993-2001) AEBetako zerbitzu sekretuek Txileri buruz osatutako milaka dokumentu desklasifikatzen joan direla. Horien bidez ezin da frogatu Nixonek estatu kolpean esku hartu zuenik, baina horietan argi ikus daiteke ez orduan Etxeko Zuriko maizter zenak, ez Henry Kissinger AEBen Segurtasun Nazionalerako aholkulariak ez zutela gustuko Salvador Allende Txileko presidentea (1970-1971). Esaterako, Allende presidente izendatua izan baino bost aste lehenago, hori eragozteko konplot bat agindu zuen Nixonek, CIAk, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak, babestuta. Azkenean, baina, ez zuten aurrera eraman. Horren berri ematen dute iaz desklasifikatutako txosten batzuek.
Hain zuzen, desklasifikatutako dokumentuetako batek, irailaren 8koak, azpimarratzen du Allendek uste duela bere jarraitzaileek ez dituztela behar adina arma armadari aurre egiteko, eta, horrenbestez, irtenbideak politikoa izan behar duela. Dokumentu horretan, aurrez desklasifikatu dituzten beste batzuetan bezala, pasarte batzuk beltzez ezabatuta daude. Txilek Washingtonen duen enbaxadore Juan Gabriel Valdesek beltzez ezabatuta dagoena ere irakurri ahal izatea eskatu zuen, duela aste batzuk, Efe berri agentziak egin zion elkarrizketa batean. «Horrela jakingo genuke orduan AEBetan agintzen zutenek zer pentsatzen zuten».
Irailaren 11ko dokumentuari dagokionez, zerbitzu sekretuk ohartarazi zuten militarrek, agian, ez zutela «plan eraginkor eta koordinatu bat», modu horretan «jada zabalduta zegoen oposizio zibila baliatzeko». Adierazi zuten, bide batez, Allendek pentsatzen zuela gatazka saihesteko moduan zirela artean: «Itxaropentsu zen». Irailaren 11n bertan, arratsaldean, bere buruaz beste egin zuen Allendek, eta 1990era arte Augusto Pinochet militarra buru izango zuen diktadura hasi zen. Datu ofizialean arabera, hamazazpi urte horietan 40.000 bat pertsona torturatu zituzten, eta 3.000 bat exekutatu; horien heren bat desagertuta daude oraindik.