Osasuna

Galdu egin du Osasunak Konferentzia Ligako joanekoan

Lehen kolpea gogorra izan da gorritxoentzat, baina berdinketa lortu dute. Bigarren golari, ordea, ezin izan diote erantzun

jarraia232079.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko abuztuaren 24a
22:53
Entzun

Gehiegizko zigorra jaso du Osasunak, Konferentzia ligako atarikoaren joanekoan.  Partida orekatua izan da, baina gorritxoek garesti ordaindu dituzte egindako akatsak. Lehen zatian gehiago izan da Osasuna, baina bigarrengoan Europan daukan esperientzia erakutsi du Bruggek. Kanporaketa, baina, ez dago erabakita. Datorren ostegunean irabazi egin beharko dute gorritxoek Belgikan, txapelketan aurrera egin nahi badute.  

5.964 egunen ostean berriro jokatu dute gorritxoek partida bat Europan. Konferentzia ligan jokatzeko asko izerditu behar izan zuten iragan sasoian. Jokalariek lehendabizi, eta klubeko langileek ondoren. Horregatik, behin helburua lortuta, zaleek ez dute hutsik egin; tenperaturagatik beroa zegoen giroa gehiago berotu dute. Goraino bete da Sadar egun handirako. Eta, nola ez, UEFAren aurkako aldarriak ere entzun dira. Epailearen erabaki batzuen ostean batez ere.

Jokoari dagokionean, hasieratik ahalegindu da Jagoba Arrasateren taldea ohikoa duen joko zuzena egiten. Ezequiel Avila Chimy eta Ruben Garcia atzelarien bizkarrean aurkitzea zen prestatzailearen nahia, eta hala saiatu dira gorritxoak. Bi horiek izan dira jokalari arriskutsuenak, eta haien oinetatik iritsi dira Osasunaren lehen barnealdiak. Hala ere, area barruan sartzea lortu badute ere, Mignoletek ez du lan askorik izan lehen zati horretan. 17. minutuan izan du Chimyk lehen aukera garbia. Area kanpotik punpa-lasterrean egin du errematea, baloia zetorkion bezala joz. Baina kanpora joan zen. Bruggeren jokoa bestelakoa zen. Oso desberdinak dira bi taldeen estiloak. Atzetik baloia jokatuta ateratzea gustatzen zaio Ronny Deilari, baina aukera askorik ez dio utzi Arrasateren taldeak. Lan ona egin dute presioan gorritxoek.

Esperientziak balio du

Oso trabatua zegoen partida, baina halako batean, lehen zatiko azken hamar minutuetan gertu izan dute gola bi taldeek. Ruben Garciak bi aukera izan ditu hiru minutu eskasean. Lehendabizi, Aitor Fernandezek luze jotako baloi bat ederki kontrolatu du hegalekoak, eta oso urrutitik loratutako baloia langaren ondotik kanpora joan da. Bigarrengoan buruz-buruko jokaldi batekin sartu da area barruan, baina berriro ere, gutxigatik kanpora.  Bruggek ere izan du berea lehen zatia amaitzear zela, baina Zinckernagelen burukada gora joan da.

Bigarren zatia hasi eta berehala izan du beste aukera bat Osasunak, baina 49. minutuan iritsi da Sadar isilarazi duen gola. Skov Olsenek buruz buruko jokaldia egin du eskuin hegaletik, eta gol ederra sartu du. Kamuts aritu dira Johan Mojica zein Moi Gomez, barneraketa nahi bezala egiten utzi diote Bruggeko danimarkarrari.  Kolpe gogorra izan da gorritxoentzat, eta ordu laurden bat behar izan dute aurrerapauso bat emateko.

Ura edateko egindako geldialdiaren ostean iritsi da berdinketaren gola. Bruggek bosgarren atzelari bat zelairatua zuen ordurako, baina Moncayolaren erdiraketa bat buruz bidali du sareetara Chimyk.  Festa piztu du golak Sadarren. Baina berehala gelditu dira zaleak hitzik gabe, Berdindu eta minutu eskasera bigarrena egin du Bruggek. Gorritxoen atzeko lerroa gaizki kokatuta harrapatu dute bisitariek, eta Maxim De Cuyperrek ez du barkatu. Osasuna saiatu da partida berdintzen, baina ezin izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.