Energia erosteko laguntzak amaitu behar dira. Eta amaitu egin behar dira energia fosilen kontsumoa murriztu ahal izateko eta, horrela, ingurumen helburuak bete ahal izateko. Hala dio NDF Nazioarteko Diru Funtsak.
Iaz, erregai fosilentzako diru laguntzak 7 bilioi dolarrenak izan ziren mundu osoan. Gobernuek energia erosten laguntzeko diru gehien gastatu duten urtea izan zen. Petrolioa, ikatza eta gas naturala erosteko emandako diru laguntzak munduko barne produktu gordinaren %7,1 izan ziren. Eta gobernuek urtero hezkuntzan gastatzen dutena baino gehiago da hori (munduko errentaren %4,3), eta osasunean gastatzen dutenaren bi heren inguru ( %10,9).
Produktuaren arabera, diru laguntzen ia erdiak (%47) petrolio deribatuak erosteko erabili ziren, %30 ikatzerako, %18 gaserako eta %5 elektrizitaterako.
Txina izan zen erregaietarako diru laguntza gehien eman duen herrialdea (2,2 bilioi dolar); ondoren, AEBak (760 mila milioi), Errusia (420 mila milioi) eta Europako Batasuna (310 mila milioi).
Gobernuak pandemiaren osteko inflazio handiari aurre egiteko hasi ziren ematen energietarako laguntzak. Eta NDFk uste du horiek ezabatzeko edo erreformatzeko unea dela. Gizarteko sektorerik ahulenetara mugatu behar direla, ezin direla orokorrak izan.
Euskal Herriari dagokionez, desagertu dira erregaia erosteko Espainiako eta Frantziako gobernuek ezarritako deskontuak. Indarrean jarraitzen dute, berriz, argindarraren faktura arindu duten neurriek. Hegoaldean, argindarraren BEZa %5an dago, eta %21ean zegoen. Horrekin batera, etenda dago konpainia elektrikoek ordaintzen duten argindar sorkuntzaren %7ko zerga, eta %5,11tik %0,5era igaro da kontsumitzaileek pagatu behar duten zerga berezia. Azken neurri hori gutxienez abenduaren 31 arte luzatu du Madrilek. Bonu sozialaren deskontua %25etik %65era igaro da. Ipar Euskal Herrian, berriz, argindarraren kostua gehienez %4 emendatzea baimendu zuen iaz Frantziako Gobernuak, eta gehienez %15 aurten.
Zergak, trantsiziorako
Ostegun honetan argitaratutako txosten batean, NDFk nabarmendu du erregai fosilen kontsumoak ingurumen kostu izugarriak eragiten dituela, eta gogorarazi du diru laguntza gehienak inplizituak direla, ingurumen kostuak ez baitira erregai fosilen prezioetan islatzen, ikatzean eta gasolioan bereziki. «Erregai fosilek prezio okerrak dituzte herrialde gehienetan. Prezio optimoak erregaiaren erabileraren kostu sozial guztiak islatu beharko lituzke».
NDFko analisten arabera, kontsumitzaileek ingurumen kostuengatik 5 bilioi dolar baino gehiago ordaintzeari utzi zioten iaz, eta azpimarratu dute kopuru hori ia bikoitza izango litzatekeela Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten irizpideak erabiliz gero.
Hala, uste dute gobernuek diru laguntza horiek kendu eta kutsadurarekin lotutako zerga gehiago ezarriko balituzte erregaien prezioak igo egingo liratekeela baina, horren ondorioz, enpresek, familiek eta norbanakoek ingurumen kostuak kontuan hartuko lituzketela kontsumoari eta inbertsioari buruzko erabakiak hartzeko orduan, eta isuriak nabarmen murriztuko liratekeela. «Energiaren prezioak igotzea erronka politikoa izan daiteke. Hala ere, laguntzak kentzetik datorren aurrezkiaren zati bat baliagarria izan daiteke pertsona kalteberenentzako eta diru sarrera txikiak dituztenentzako laguntzak finantzatzeko». Duela gutxi, Europako Batzordea antzera mintzatu zen.
NDFren arabera, erregaien prezioaren «erabateko erreforma» batek munduko BPGaren %3,6 inguruko diru sarrerak sortuko lituzke. Karbono emisioak % 43 murriztuko lirateke 2030ean, eta eragotzi egingo luke kutsadura atmosferikoak 1,6 milioi inguru lagun hiltzea aurten.