Donostiako 71. Zinemaldia hasteko hilabete eskas falta den honetan, jaialdiko atal guztietan erakutsiko dituzten filmen zerrendak aletzen jarraitzen dute antolatzaileek. Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko dutenak jakinarazi dituzte gaur, hain zuzen ere. Lehiaketarik irekiena izaki, askotariko proposamenak bilduko ditu aurten ere, sailak ez baitu araurik, ezta estilo edo denbora mugarik ere. Horiek horrela, hamabost film luze, zortzi film labur eta bi ertain lehiatuko dira aurten. Guztira 25 lan izango dira, eta gehienak Berlinen, Cannesen, Locarnon, Venezian eta beste zinema jaialdi batzuetan aurkeztu ondoren erakutsiko dituzte Donostian.
Yui Kiyohara zinemagile japoniarraren lan berriak, Subete no youru wo omoidasu / Remembering Every Nihgt izenekoak, inauguratuko du saila. Zuzendariaren bigarren lan luzea da, eta Berlinalen aurkeztu ondoren erakutsiko da Donostian. Inaugurazio saioan erakutsiko dute, halaber, Jean-Luc Godard zuzendariaren hil ondoko film labur bat ere: Film annonce du film qui n'existera jamais: 'Drôles de Guerres' / Trailer of the Film That Will Never Exist: 'Phony Wars'. Zinemaren historiako izen handietako bat da; nouvelle vague mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, eta iaz hil zen, 91 urte zituela.
Ulises de la Orden zinemagile argentinarraren dokumental batek amaituko du saila, berriz. Fikziozko lanak ez ezik, ez-fikziozko lanak ere biltzen baititu sailak. Argentina mendean hartu zuen Junta Militarraren aurka 1985ean egin zen epaiketaren xehetasunak kontatzen ditu El juicio / The Trial filmak. Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zuen filma.
Argentina eta argentinarren nortasuna hizpide ditu Andres di Tella herrikidearen lanak ere: Mixtape la Pampa aurkeztuko du Donostian. Aurrez behin baino gehiagotan parte hartu du zuzendariak Zinemaldian: hirutan lehiatu da Zabaltegi-Tabakalera sailean, eta epaimahai lanetan ere jardun du Horizontes Latinos eta Nest sailetan.
Horizontes Latinos sailean aipamen berezia lortu zuen, hain zuzen ere, Rodrigo Moreno argentinarraren El custodio (2006) filmak. Zinemaldira itzuliko da zuzendaria aurten, bada; Cannesen aurkeztu duen Los delincuentes / The Delinquents film luzea erakutsiko du Zabaltegin.
Cannestik Donostiarako bidea egingo du, halaber, Ilia Povolotski zinemagile errusiarrak ere. Fikziozko bere lehen film luzea aurkeztuko du: Blazh / Grace. Bere estreinako lanarekin lehiatuko da Delphine Girard quebectarra ere: Quitter la nuit / Through the Night filma erakutsiko du, zeinak Oscar sarietarako izendatu zuten Une soeur / A Sister film laburra duen oinarri. Venezian aurkeztuko du pelikula aurrena.
Debuteko lanekin lehiatuko dira, halaber, Alberto Martin Menacho espainiarra, An Pahm Thien vietnamdarra eta Philip Sotnytxenko ukrainarra ere. Antier noche / Nights Gone By, Ben Trong Vo Ken Vang / Inside the Yellow Cocoon Shell eta La Palisiada film luzeak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren, hiru zinemagileek.
Berlinalen lau sari eskuratu zituen —tartean, Epaimahaiaren sari berezia—Paul B. Preciado zinemagile espainiarraren Orlando, mi biografía política / Orlando, My Political Biography filmak. Virginia Woolfen eleberria du abiapuntu filmak, eta generoari lotutako gaiak ditu hizpide.
Epaimahairen saria eskuratu zuen Eleonore Saintagnan zinemagile frantsesak Locarnoko jaialdian Camping du lac filmari esker, eta Donostian aurkeztuko du lana orain. Locarnon bertan, urrezko Boccalino saria eskuratu zuen filma ere Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da, Eduardo Williams argentinarraren El auge del humano 3 / The Human Surge 3, zehazki. Berlinalen eta Marseillako jaialdian saritutako beste bi film ere izango dira lehian: Bas Devos belgikarraren Here eta Damien Manivel frantsesaren L'Ile / The Island.
Film laburren sorta
Zabaltegi-Tabakaleran hainbat film labur ere emango dituzte. Hain zuzen ere, Xue Yun / Absence bere lehen film luzeaz gain, Duan Pian Gu Shi / Short Story pelikula ere aurkeztuko du Wu Lang zinemagile txinatarrak Donostian. Gizon bat da film laburreko protagonista, eta aspalditik ikusi ez duen emazteak agur esango diola amets egiten du.
Locarnoko jaialdian aurkeztu zuen bere lehen film laburra Atsuhi Hirai zinemagile japoniarrak, Return to Toyama izenekoa. Donostian, baina, bere lanik berriena erakutsiko du: Oyu. Bere bigarren film laburrarekin lehiatuko da Shalylee Atary israeldarra Zinemaldian ere: Or panas yachid / Single Light lana erakutsiko du, Jerusalemgo jaialdian estreinatu ostean.
Rati Onelik badaki zer den Donostian sari bat eskuratzea: 2020ko Zinemaldian urrezko maskorra irabazi zuen Dasatskisi / Beginning filmeko ekoizlea, gidoigilea eta aktorea baita. Zuzendari lanetan parte hartuko du aurten, ordea; Gamopituli Khalkhi / We Are The Hollow Men film laburra aurkeztuko du.
Aurrez Zabaltegi sailean parte hartu du Kohei Igarashi japoniarrak ere. Aurten lehian izango den Damien Manivelekin batera zuzendutako La nuit ou j''i nage / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam filmarekin lehiatu zen 2017an. Suigyo no majiwari / Two of Us film laburra aurkeztuko du oraingoan; Manivelek berak ekoitzi du pelikula, gainera.
Irati Gorostidik (Eguesibar, Nafarroa, 1988), berriz, Contadores pelikula aurkeztuko du. Cannesko Kritikaren Astean parte hartu du zinemagileak film horrekin, eta Kimuak programaren katalogoan ere sartu dute.
Ion de Sosa izango da Zabaltegi sailean parte hartuko dutenetako beste euskal herritar bat. Urnietako (Gipuzkoa) zinemagileak, Mamántula film ertaina aurkeztuko du. Haren aurreko lana, Leyenda dorada, Berlinalen lehiatu zen, Zabaltegi-Tabakalera sailera iritsi aurretik.
Azkenik, Ashmita Guha Neogi indiarrak ere film ertain bat erakutsiko du: Silan. Duela bi urte Zinemaldiko Nest saila irabazi zuen zuzendariak, CatDog filmari esker.