mikel p ansa
Euskara

Bruselan eskubide gehiago Donapaleun baino?

2023ko abuztuaren 17a
13:59
Entzun

Alderdi katalanek PSOErekin hitzartu dute hizkuntza gutxituak Europako instituzio publikoetan ofizial bihurtzea. Ez dute hori Pedro Sanchezek eta Carles Puigdemontek erabakiko. Europako Batzordeko bilera batean erabakiko dute Europako estatuburuek, izatekotan, irailaren 19an, eta aho batez hartu behar dute erabakia. Ikusteko dago zertan bukatuko den, beraz, Frantziak ere onartu beharko baitu eskaria, besteak beste.

Ikusi gehiago:Euskara Europan ofizial izateko eskaria egin du Espainiak

Eta zer aldatuko litzateke eskariak aurrera egingo balu eta euskara Europako erakundeetan hizkuntza ofizial bilakatuko balitz?

Europako Batasuneko araudiaren 1/1958 artikulua aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak Bruselari. EB Europako Batasuneko instituzioetan ofizialak eta «lanerako hizkuntzak» zeintzuk diren zehazten du artikulu horrek. Hortaz, erabakiak aurrera egingo balu, edozein instituzio edo herritar zuzendu ahalko litzateke Europako instituzioetara euskaraz, eta haiek euskaraz erantzun beharko liokete.

Europako erakundeen dokumentazio guztia ere euskaraz jartzeko aukera legoke, eta ordezkari politikoek euskara erabiltzeko aukera izango lukete organo horietan. Baina ikusteko dago zehazki noraino iritsiko den Europa horretan, ez baititu agiri guztiak beti eta automatikoki hizkuntza ofizial guztietan ezartzen, eta baliabideak ere jarri beharko bailituzke euskaraz lan egin ahal izateko.

Eta ohar bat egitea komeni da: Europako instituzioetan izango litzateke ofiziala, ez Europako lurraldeetan.

Ikusi gehiago:PSOEren hautagaia izendatu dute Espainiako Kongresuko Mahaiko presidente

Hortaz, pauso sinboliko esanguratsua izan liteke, eta praktikan euskaldunen hizkuntza eskubide batzuk eta instituzioen artean euskara erabiltzeko aukera batzuk zabalduko lituzke. Baina oraingoz oso zaila da baloratzea zenbaterainokoak izango diren ondorio praktikoak, baldin eta azkenean euskara Europako hizkuntza ofizialen artean sartuko balitz.

Aldiz, urrats horrek oso agerian uzten du euskarak zer larritasun dituen arlo juridikoan. Bruselako instituzioei euskaraz zuzentzea posible izango litzateke, baina Donapaleukoei ez; edo Tuterakoei. Euskara Europako instituzioentzat hizkuntza ofizial izateak are nabarmenago jarriko luke Nafarroan zonifikazioak nola baztertzen dituen euskaldunak, eta Frantziako Gobernuak euskarari inolako ofizialtasunik ez aitortzearen atzean dagoen politika linguizida.

Ez baita onargarria oraindik ere euskara ofizial ez izatea Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta Nafarroan euskara ofizial izatea soilik leku batzuetan. Euskal hiztunek eskubide gehiago izan behar ote dituzte Bruselan, bizi diren herrian baino?

Bidegabekeria hori agerian uzteko balioko luke, gutxienez.

Ikusteko dago, beraz, Espainiako Gobernuak egin duen eskariak zer ondorio praktiko izango dituen. Baina euskaldunen eskubideen alde borrokan laguntzeko tresna bat bihur liteke, adibidez PSNri esateko ea nola den posible Europan ofizial izateko eskatu duten hori Iruñetik behera ez izatea ofizial. Eta Frantziako Gobernuari esateko zergatik eduki nahi dituen zangopean frantsesa ez beste hizkuntzak.

Besterik da ERCk eta PSOEk hitzartu duten akordioa. Espainiako Estatuko erakunde guztietan hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak errespetarazteko lege organiko bat egitea hitzartu baitute. Lege bat, baliabideekin eta diru funtsekin. Eta horrek eragina izan ahalko luke, esaterako, justizian eta Gizarte Segurantzan. Baina hori ere ikusteko dago. Agintaldia hasi ere ez da egin oraindik, Pedro Sanchez ez dute presidente inbestitu artean, eta PSOEk erraz egiten ditu promesak, eta erraz ahazten zaizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.