joxerra senar
Nafarroako inbestidura saioa

Bide bat irekita, besteak itxita

2023ko abuztuaren 16a
07:30
Entzun

Apirilean, Nafarroako foru hauteskundeen kanpaina eta ondorengo agertoki politikoa irudikatzean, argi zegoen prozesu guztia abuztu hasieran-edo burutuko zela. Gero, Pedro Sanchezek Espainiako Gorteetako bozak uztailaren 23ra aurreratu zituenean, kinieletan epeak are gehiago atzeratu ziren: abuztuaren erdialdera edo amaiera aldera, hilaren 28ko amildegitik gertu. Gertuegi.

Ikusi gehiago:Maria Txibite lehendakari izango da EH Bilduren abstentzioari esker

Orain, guztia amaitu den honetan eta aurreikuspen horiek errealitate egin diren honetan, askori geratu zaien sentsazioa zera da, udako folletoi turkiar amaigabe horietako bat bukatu dela. Elkarrizketa politikoek kazetariak eta herritarrak nekatzen eta higatzen dituzte. Gauzak berehala eduki nahi diren garaiotan politikariei ja gobernu bat osatzea galdegitea arriskutsua izan daiteke, baina. Negoziazioetan, batzuen eta besteen asmoek talka egiten dute, eta inoiz ez dago argi gogaikarri suerta daitezkeen interes alderdikoiak non amaitu eta proposamen politikoak noiz hasten diren. Gustuko izan zein ez, hor datza politikaren funtsa.

2011n, UPNren eta PSNren arteko akordioaren dokumentuak bi orrialde eskas zituen. Urtebete iraun zuen koalizio gobernu hark. Oraingo akordio programatikoak 57 ditu, eta aurreko legealdietako biek, 70etik gora. Orokorkeria eta asmo ugari ditu oraingo honek, baina aurreko lau urteetako norabidean aurrera egiteko borondatea islatzen du.

Bide batean aurrera egiten den bezala, beste bideak ixten dira. Adibidez, betiereko blokeoa. Nafarroako gizartea askotarikoa bezain konplexua da, eta kolore politiko ugariko panorama uzten du beti, baita maiatzaren 28an ere. Horregatik, alderdi bakoitza bere lubakian kateatuz gero, dena korapila daiteke, eta, gizartearen erronkei eta arazoei aurre egiteko gai ez bada politika, hartatik are gehiago aldendu ditzake herritarrak. Blokeoak indarra eman diezaieke irtenbide demagogiko errazei, edo, zuzenean, iraganeko aliantza bat berpizteko aukerari bide eman.

Izan ere, oraingoz itxi den beste aukera UPNren eta PSNren arteko lankidetzarena da. Biek 26ko gehiengoa osa zezaketen, baina sozialistek ez dute nahi izan. Eta hemen datza oharkabean pasatu diren aldaketetako bat. UPNk barneratu egin du ez duela beste lau urtez gobernatuko. Orain, bi ardatz lehenesten ditu: batetik, duen botereari kosta ahala kosta eustea —hots, udalei; batik bat Iruñekoari— eta EH Bilduren jarduna ahalik eta gehiena eragoztea. Ikusteko dago alderdi osoa konformatzen den Javier Esparzak proposatutako paradigma berri horrekin, edo, isilean irakiten ari den eltze baten gisa, krisia pizten den.

UPNren lehen mugimenduok zantzu bat ematen dute hurrengo legealdian zer dagoen jokoan. Maiatzaz geroztik elkarrizketaren esparrutik at alboratua izan ostean, EH Bildurentzat interesgarria da egungo agertokia. Hala ere, Geroa Baik hasieratik markatu duen bezala, ikusi beharko da gobernu honek gehiengoa bilatzeko orduan «alde bati» soilik (EH Bilduri) erreparatuko ote dion, edo sozialistek tentazioa izango duten besteari (UPNri) ere begiratzeko, hain gogoko duten geometria aldakorra sustatuz. Aldi berean, joko horrek erakutsiko du kale itsu batera eramaten duen hautatu berri den bide honek edo beste lau urtez aurrera egin dezakeen.

Egia da apustu honek, UPN ahultzen duen bezala, PSN indartzen duela, eta haren logiken gatibu izateak gainerakoen proiektuak ahuldu ditzakeela. Aurreko legealdian eta oraingo elkarrizketetan, bere irizpideak inposatzeko eta ahalik eta gehiena lortzeko taktikari heldu dio. Lehen aldiz, solaskide batek tinko aurre egin dio. Ziurrenik, Geroa Bai izan da azken hilabeteotako eragilerik interesgarriena. Maiatzeko zein uztaileko bozetan zaplaztekoa hartu zuen, eta boto galera handiak zein aurreko lau urteetako gobernu barruko esperientziak jokoz kanpo harrapatu du. Testuinguru zail horretan, ahalegindu egin da negoziazioetan PSN estutzen. Batetik, gobernu barruko funtzionamenduan eta antolamenduan. Bestetik, edukietan.

Akordioa jakin denean, argi geratu da non zeuden Geroa Bairen duda nagusiak. Ezin da ahaztu UPNk euskalgintzari hutsaren hurrena ematen ziola eta aurrekontuetan jauzi handi bat eman dela urteotan —sei bider handitu da Euskarabideko aurrekontua—. Hala eta guztiz ere, hori ez da aski, inondik ere. Uxue Barkosek asteartean esan bezala, aurrera egiten ez duenak atzera egiten du. Eta akordioak erakutsi du PSNk ez duela borondaterik gehiago egiteko: zonifikazioa amaitzeko, administrazio publikoan euskarazko profila duten lanpostuak handitzeko edo meritu gisa hartzeko, eremu mistora aldatu nahi duten udalen erabakia errespetatzeko, eta abar. EH Bildu elkarrizketetatik alboratuta, aukera gehiago izan ditu, jakina.

Bere txarrean, polemikak erakutsi du euskararena dela elkarbizitzari begira konpondu gabe dagoen auzirik garrantzitsuena. Hortaz, EH Bilduk eta Geroa Baik, euren arteko diferentziak baztertu, eta euren hamasei parlamentariekin lan handia dute egungo immobilismo hori gainditzeko. Iruñeko Udalean gertatutakoaren ondotik Geroa Bairen kritikek edo «blokeoa gainditzeko» EH Bilduk inbestiduran baiezkoaren aukera esploratzeko prest zegoela iragartzeak erakusten du tentsioa egon dela bien artean, eta, zeharka, zerikusia izan dezake EAEn EAJk eta EH Bilduk duten lehiarekin. Alta, PSNren aurka, euskararen moduko gai estrategikoetan elkarrekin aritzeko prest izango al dira?

Akordioak ere egiaztatu ditu beste hainbat zailtasun. Zerga arloan azaleko kontuak sartu ditu, eta kontuan harturik aurki finantza publikoen gaineko arauak itzuliko direla, ikusi beharko da nola eragiten duen horrek aurrekontuetan dirua banatzean. Kalitateko enplegua hartzen dute lehentasun gisa, baina ez dute esaten nola lortu nahi duten hori. Azpiegituretan ere ez dira ur nahasietan sartu; «berdintasunaren bandera» astinduko dutela diote, baina ikusteko dago aldaketa sakonik egingo ote duten... Aldiz, sistema publikoari begira edo gizarte gaietan aurrera egiteko tartea dagoela ematen du. Osasunaren lege proiektua 2024rako aurkeztuko dela ziurtatu dute, kasurako.

Ziurrenik, ez da hasteko modurik hoberena. Ikusteko dago aurrerantzean zer gertatzen den PSOE barruan. Bidea agortzen ari ote den, sintoma batzuk antzeman daitezke; baina, aldi berean, garrantzitsua da hori benetan betetzen den egiaztatzea eta gizarteak ikustea eragile bakoitzak zer egiten duen. Aldiz, hasieratik ezezko bat emanez gero, eskuinari atea irekitzen zaio parez pare, eta begi bistan geratzen da nork egin duen hori. Ezin da ahaztu Nafarroan 25 urte kostatu zela UPNren botere hegemonikoari buelta ematea, eta, horregatik, kontraesan eta zailtasun guztiekin, gris tonalitate ugariko errealitatean igeri egiten jakin behar da. Eta PSNk atzera egin nahi badu, bere burua biluz dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.