Futbola

Harridura eragin du Athleticen partida aurreko otoitzak

Espainiako Ligako kamerak aldageletan sartzen hasi dira, eta argitara atera da Athleticeko jokalarien ohitura: 'Gure aita' gazteleraz errezatzea.

Athleticeko jokalariak otoitz egiten, atzo, Real Madrilen aurkako partidaren aurretik. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 13a
10:13
Entzun

Futbol taldeen aldagelak sakratuak izan dira orain arte. Hedabideak ezin ziren sartu, eta gutxi hitz egiten zen barruan zer gertatzen zen eta zer ez. Garai berrien aitzakiaz eta ikuskizunaren mesedetan, ordea, Espainiako Ligako kamerak baimena eman duten taldeen aldageletan sartuko dira aurrerantzean, haietan zer gertatzen den erakusteko. Irudi deigarriak utzi ditu horrek lehen jardunalditik. Eta kontu bat baieztatu da: Athleticen aldagela, kamerekin ere, sakratua da.

Atzo, Real Madrilen aurkako partidaren aurretik izan zuten solasaldian, Gure aita errezatu zuten jokalari zuri-gorriek, gazteleraz. Amaitutakoan, animoak emateko oihu bat bota, eta jokatzera. Sareetan oihartzuna izan du bideoak, eta harrituta utzi ditu zale asko; baita beste askoren gaitzespena jaso ere.

Partiden aurretik Gure aita errezatzea ia mende bat duen ohitura zaharra da Athleticen; emakumezkoen taldeak ere egiten du. Zale gehienek, ordea, ez zekiten. Denetariko iritziak zabaldu dira sareetan, eta zabalik dago eztabaida. Ez da izango aldageletako irudiek eragingo duten azken polemika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.