Busturialdeko herritarrei ur kontsumoa txikitzeko eskatu die partzuergoak

Bilbao Bizkaia ur partzuergoak eskatu du ezinbestekoa denean soilik erabiltzeko ura. Iazko udan murrizketak izan zituzten eskualdeko hamasei herrietan.

Joan den abuztuan Bilboko portutik eraman zuten ura Busturialdera. BUSTURIALDEKO HITZA
2023ko abuztuaren 10a
12:31
Entzun

Bilbao Bizkaia ur partzuergoak Busturialdeko hamasei udalerriei eskatu die uraren kontsumoa mugatzeko edo debekatzeko, ezinbestekoak ez diren erabileretarako. Kaleak garbitzeko, lorategiak ureztatzeko, ibilgailuak garbitzeko eta igerilekuak betetzeko debekatzeko aholkatu du, este baterako.

Eskualdeak arazo handia du ur hornidurarekin, eta erakundeak herritarrei eskatu die «eremu pribatuan erabilera arrazoizko bat» egin dezatela. Partzuergoak iaz hartu zuen bere gain Busturialdeko uren kudeaketa, eta denbora honetan hogei milioi euro gastatu ditu: haren hitzetan, sistemak eta hoditeriaren ihesak konpontzeko. Hala ere, «eskura dagoena baino ugariagoak dira hornidura beharrak».

Busturialdean ez da ura biltzeko azpiegiturarik, eta, beraz, ezin ditu euri urak bildu. Ibaien emariak eta akuiferoak zaintzera behartzen du horrek, partzuergoak adierazi duenez.

Joan den urtean ere arazoak izan zituen eskualdeak ur hornidurarekin. Murrizketak ezarri zituzten, eskas zegoelako ura, eta, azkenerako, itsasontzi batean eraman zuten ura Busturialdera, Bilboko portutik. Zenbait herritar eta talde ekologistak salatu izan dute uraren kudeaketa okerra egin dela urteetan, akuiferoak zaindu gabe; pinu eta eukalipto landaketek eta turismoak uraren galeran duten eragina ere nabarmendu izan dute.

Partzuergoak dei egin dien hamasei udalerriak hauek dira: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz-Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta. 45.000 pertsona inguru bizi dira herri horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.