PSNko idazkari nagusi eta lehendakarigai Maria Txibite, Geroa Baiko Uxue Barkos eta Zurekin Nafarroako Begoña Alfaro eguerdian agertu dira prentsaren aurrera. Bart erdietsitako ituna sinatzeko elkartu dira Nafarroako Parlamentuan. Atzo iragarri zuten moduan, PSNk zortzi departamenturen ardura izango du, Geroa Baik laurena, eta Zurekin Nafarroak Etxebizitza Departamentua kudeatuko du. Bestetik, gaur jakinarazi dute talde bakoitzak lehendakariordetza bat izango duela eta Espainiako Senatuan Nafarroako ordezkaria Geroa Baikoa izanen dela.
Txibiteren arabera, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa uztartu nahi dituzte, eta, aurreratu duenez, aukeren berdintasuna bermatzerakoan, zerbitzu publikoen «sendotasuna» izango da Gobernuaren zutabeetako bat. Enplegu arloan, gizarte talde ahulenengan jarriko dute azpimarra. Gainera, «bizikidetza balioak ardatz» izango dituzte, eta «gobernu feminista izango da», berdintasun politikak garatzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko edo LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzeko.
Ikusi gehiago: Euskararen Legea berritzeko aukera hitzartu dute
Beste hainbat lehentasun zerrendatu ditu, azkar. Tartean daude Osasun Legea, elkarbizitza plana, berrikuntza eta 4.0 industria. Gogorarazi du eurena bestelako gobernua izango dela eskuinaren eta eskuin muturraren aldean: «Herritarrek konfiantza izan dezakete Nafarroaren aurrerabidearen alde egingo duela. Eskubideetan, zerbitzu publikoan, berdintasunean aurrera egingo dugu, atzerapausorik gabe».
Barkosek eta Alfarok hartu dute hitza ondoren. Geroa Baiko buruaren arabera, «ez dago zalantzarik» gobernuak nahikoa babes izango duela, eta txalotu egin du hirugarren legealdian jarraian «gobernu plural eta aurrerakoia» osatu dutela. Aitortu du bi hilabete «zail» izan direla eta hainbatetan egin dutela «talka», baina eskerrak eman dizkie hiru alderdietako lantaldeei.
Zurekin Nafarroako bozeramaileak ere lankidetzan lortutako ituna goraipatu du: «Guretzat garrantzitsua zen akordio programatiko on bat lortzea, eta uste dut lortu dugula». Emaitzarekin pozik agertu arren, aitortu du «atzera egin behar izan» dutela hainbatetan, eta akordio «sakonago» bat lortu nahi zutela. Halere, hau gehitu du: «Zera dagokigu: egonkortasuna ematea gobernuari, hura osatzen den lehen unetik lanean jartzea, eta atsekaberik ez eragitea maiatzaren 28an indar aurrekoiei botoa eman ziguten herritar guztiei».
Euskararen inguruan galdetuta, Barkosek zehaztu du 2015eko agintaldiko gobernuak, iragan legealdikoak eta oraingoak «beti» eman diotela babesa euskarari: «Bestela, Geroa Bai ez litzateke hemen egonen. Argi eta garbi esango dut gainera. Nafarroan inoiz ikusi gabeko hazkundea izan da: ez soilik aurrekontuetan, baizik eta euskararen babeserako politika publikoetan. Egia da bide luzea dela oraindik. Egia da bazkideen arteko jarrerak ere ez direla berberak puntu honetan». Txibitek ere izan du euskara mintzagai; «euskararekiko errespetua» aipatu du, baina «legea oinarri hartuta».
Galdeketa EH Bilduko militanteei
Izan ere, akordioa sinatu duten hiru taldeen artean, parlamentuko 50 eserlekuetatik 21 dituzte; beraz, beharrezkoa dute EH Bilduren baiezko botoa edo, gutxienez, abstentzioa, Txibite berriro ere lehendakari izendatzeko. Gauerditik aurrera izango du aukera EH Bilduren militantziak Txibiteren inbestiduran abstenitzearen alde dagoen erabakitzeko.
24 orduko epea izango dute, galdeketa modu telematikoan egingo da, eta emaitzak ostegunean jakinaraziko dituzte. Gobernu osaketa blokeo egoeran zegoenean, baiezko botoa ematea aztertu zuten. Orain, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bart akordioa lortu ostean, abstentzioaren alde egin nahi duten galdetuko diete militanteei. «EH Bildu prest azaldu da gobernu aurrerakoi bat ahalbidetzeko. Ikusiko dugu zer dioten bere militanteek», adierazi du gaur Txibitek. PSNko lehendakarigaiak azaldu du asmoa dutela koalizio subiranistarekin batu eta akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Barkosek ere azpimarratu du «garrantzitsua» dela EH Bildurekin adostasunetara iristea eta «ez beste aldearekin», eskuineko alderdien aukerari atea itxiz irmo.
Koalizio subiranistak bederatzi eserleku ditu. Txibitek nahikoa du EH Bildu abstenitzea berriro ere Nafarroako lehendakari izateko. UPNk, PPk eta Voxek hogei diputatu baitituzte hiruren artean. EH Bilduk alde bozkatu ordez abstentzioaren alde eginez gero, Txibiteren inbestidura egun bat luzatuko litzateke. Bi egun iraungo luke, lehen itzulian gehiengo osoa eskatzen baitzaio, eta, lortuko ez balitz, biharamunean gehiengo soila lortu behar luke.
Inbestidura noiz izango den argitzeke dago oraindik. Unai Hualde parlamentuko presidentea bihar elkartuko da talde guztietako bozeramaileekin baieztatzeko lehendakarigairen batek nahikoa babes duela. Ondoren, behin eledunekin bilduta, gutxienez hiru egun igaro behar dira osoko bilkura egin aurretik. Beraz, asteburura arte behintzat, inbestidura ez da gauzatuko.
«Apurtuta jaio den gobernua», UPNrentzat
UPNko idazkari nagusi Javier Esparzaren ustez, «Txibitek EH Bilduren esku utzi du berriz ere Nafarroa». Gainera, gobernu berria «apurtuta jaio» dela adierazi du. EH Bilduk aurreko legegintzaldian baino «botere eta eragiteko gaitasun handiagoa» izango duela gaitzetsi du eta, bere ustez, Txibitek lehendakari izaten jarraitzeko «interes gehien duena EH BIldu da». Esparazaren arabera, PSNk eta EH Bilduk gobernuaren osaera horrela izatea adostu dute asmoa Geroa Bairi indarra kentzeko helburuarekin: «EH Bildu Txibiteren erreskatatzeko prest agertu zen, Geroa Bai behartuz PSNren azken proposamena onartzera». Horrela, Esparzaren arabera, EH Bilduk PSNren «bazkide nagusia» izaten jarraituko duela, «inolako higadurarik gabe».
Bestetik, azken hilabeteetako negoziazio prozesua «espektakulu lotsagarri» gisa definitu du. Esan du «besaulkiak salerosteaz eta boterea partitzeaz» arduratu direla, eta honako hau galdegin du: «Akordio honek benetan herritarren nahiari erantzuten dio edo alderdi zein pertsona jakin batzuen interes ekonomikoei?». Bere alderdiak PSNri «eskua luzatu ziola» ere jakinarazi du. Horrela, «Nafarroa EH Bilduren eskuetan» geratzea ekidin nahi izan zutela esan du.