«Balletaren Everest da». Halaxe deskribatu du Dany Leveque koreologoak Beltxargen aintzira, Preljocaj balletak gaur estreinatuko duen lan klasikoa. Angeline Preljocaj koreografoak, Everest horretara igo nahian, obraren bertsio berritzaile bat sortu du, eta horixe aurkeztuko du gaur 20:00etan haren balletak, Kursaal auditoriumean. Jatorrizko kontakizunean, maitasun istorio bat da ardatza, eta, horri pisurik kendu ez badio ere, naturak garrantzi handiagoa hartzen du Preljocajen bertsioan.
Piotr Ilix Txaikovskik dantzarako musikan egindako lehen obra izan zen, 1877an sortua, eta musika klasikoko lanik nabarmenetako bat da. Dena dela, sortu eta hogei urtera egin zen ospetsu obra, konpositorea hil ondoren. Obra klasikoan, Rothbart aztiak beltxarga zuri bihurtzen du Odette printzesa, sorginkeriaz. Sigfrido printzea bere lagunekin dago urtebetetzea ospatzen, eta, halako batean, ikusten du beltxarga zuri horietako bat nola bihurtzen den neska eder bat. Maitemindu egingo dira, eta Odettek sufritzen ari den sorginkeria kontatuko dio Sigfridori: egunez beltxarga bat da, eta gauez bakarrik bihurtuko da printzesa, sorginkeria hausten ez den bitartean behintzat.
Preljocaj Balletaren bertsioak, ordea, Beltxargen aintzira-ko musikaren %90 du bakarrik; beste %10, berriz, Txaikovskiren beste obra batzuen zatiak edo musika garaikidea dira. Aldaketarik nabarmenena, ordea, animaliek obran duten garrantzia da; izan ere, animalien heriotzak kezkatu egiten zuen Preljocaj, eta ikuspegi ekologiko batetik sortu du koreografoak pieza berria, petrolioaren mundu iluna eta naturaren edertasuna kontrajarri nahian. Jaialdiaren antolatzaileen ustez, publikoa Beltxargen aintzira-ren bertsio klasikora ohituta dago, eta, oraingo honetan, molde hori alde batera utzi gabe, «klasikoarekiko oreka perfektu bat» lortu dute Preljocajekoek. «Apurtzailea da. Obra klasikoan ez da animaliez hitz egiten: printzesaz eta printzeaz bakarrik hitz egiten da. Baina animaliek aintziran duten rola eta garrantzia oso interesgarria da bertsio berrian», adierazi du Isabel Garciak, Beltxargaren rola beteko duen dantzariak.
Preljocajek gogoko du bere koreografien bidez ipuinak kontatzea. Edurnezuri eta Romeo eta Julieta obrak ere balletera eraman ditu, eta 2020an, pandemia betean, Beltxargen aintzira-rekin hasi zen lanean. «Sorkuntza bizia izan zen, bai Angelinentzat, bai dantzariontzat, ez baikenekien gero zer gertatuko zen», adierazi du Garciak. Preljocajek Marius Petipa ––pieza klasikoaren koreografiaren sortzailea–– omendu nahi du bere bertsioarekin, eta, bere ustez, haren sormen prozesua berrasmatzea zen omentzeko modurik onena.
Roletan ere aldaketak
Koreografo frantziarrak 2018tik zuen ballet hori berriz pizteko asmoa, eta obrako protagonisten istorioa aldatzeari ekin zion. Printzesa eta printzea dira jatorrizko laneko protagonistak, eta hori ez da aldatu. Dena dela, printzearen rola jokatuko duen dantzari Leonardo Cremaschik adierazi duenez, «naturaz gehiago kezkatuko da Sigfrido» bertsio berrian. Halaber, printzearen gurasoek aldaketa batzuk dituzte oraingo honetan; adibidez, printzearen aita boterea besterik axola ez zaion tirano bat da, aintzirarentzat ezer onik ekarriko ez duena, eta ama, aldiz, babeslea. Rothbart pertsonaia ere ageri da bertsio berrian, baina orain naturarekiko lotura handiagoa du, eta gizartearentzat kaltegarriak izan daitezkeen jarduerak egiten dituzten industrialariak irudikatzen ditu.
Preljocaj balletak 30 dantzari iraunkor ditu gaur egun, eta 120 emanaldi egiten ditu urtean, bai Frantzian eta bai nazioartean. 2021eko azaroan egon zen konpainia Donostian azken aldiz, Kursaal Eszenaren programazioan, Franz Schuberten Die Winterreise liederren zikloa eta Wilhelm Mullerren poemak oinarri dituen Winterreise obra aurkezten.