Ibrahim Gambari diplomatiko egipziarra, NBEren ordezkari berezia, iritsi da Myanmarrera. Agintean den Junta Militarrarekin batzartzeko asmoa du, eta erregimenaren aurka kalera atera diren milaka herritarren aurkako errepresioa geraraztekoa. Junta Militarrarekin izango duen elkarrizketak "fruituak ematea" espero du Gambarik, Rangunera abiatu aurretik Singapurren esan duenez.
Iazko azarotik Myanmarren sartzen den lehendabiziko aldia da, Junta MIlitarrak ez baitzion orain arte bisita egiateko baimenik ematen.
Bitartean, herritarrek Rangungo kaleetan erregimen militarraren aurka protestan jarraitzen dute. Lekukoen arabera, armadak tiroka hartu ditu manifestazioak edo elkarretaratzeak egiten ahalegindu diren herritarrak. Enfrentamendu horietan haur bat hil dela eta bi gizonezko zauritu direla zabaldu du oposizioak.
Azken egunetan soldaduek gogor hartu dituzte kalera atera diren milaka herritarrak, eta ehunka lagun atxilotzeaz gain,hamahiru hil dituzte tiroka iturri ofizialen arabera-besteak beste, argazkilari japoniar bat-. Iturri ofizialek hamahiruko datu hori eman badute ere, hildakoak askoz ere gehiago direla agertu dute oposizioko eta nazioarteko diplomaziako iturriek. Ehunka direla dio oposizioak.
Irailaren 17an hasi ziren herritarren manifestazioak Myanmarren, Junta Militarrak erregaiak eta oinarrizko zenbait ondasun garestitzea erabaki duela-eta. Erregimenaren aurkako protesta bihurtu dira manifestazio horiek, eta azken hiru egunetan oso bortitz eraso die armadak. Monje budistek parte hartze handia izan dute protesta horietan.
Mundua
NBEren ordezkari berezia Myanmarren da
Junta militarrarekin batzartzeko asmoa du, eta negozioazioak emankorrak izatea espero du. Herritarrek Rangungo kaleetan erregimenaren aurkako manifestazioak egiten jarraitzen dute, eta armadak haien kontra tiroka. Oposizioko iturrien arabera, haur bat hil da enfrentamenduetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu