Legealdiari begirako egonkortasuna eskaini dio UPNk Txibiteri

UPNren zuzendaritzak gehiengoz onartu du PSNri biltzeko eskatzea. Sozialistak prest baleude, mahai gainean jarriko lukete «EH Bildu erabakigarri ez izatearen truke» gobernuari eta udalei egonkortasuna bermatzea.

UPNren zuzendaritzaren bilera. IñAKI PORTO / EFE
2023ko uztailaren 26a
20:22
Entzun

«Baliagarriak izan nahi dugu». Bezperan Javier Esparza UPNko presidenteak egindako proposamen «pertsonala» babestu du UPNren zuzendaritzak, arratsaldean egindako bileran. «Orain, biltzeko eskatuko diot Txibiteri, eta eskua luzatuko diot. Bilduk erabakirik hartzen ez duen bitartean, hitz egiteko prest gaude. Guk nahi dugu lurralde honek aurrera egitea». Hori da haien baldintza nagusia.

Uztailaren 23aren ondoren, Esparzari nabarmen zaildu zaio Nafarroako Jauregira iristeko aukera. Komunikabide baten bidez atzo jakinarazi zen UPNko presidentearen eskaintza, eta Ramon Alzorriz PSNko Antolamendu idazkariak berehala baztertu egin zuen proposamen hori, etengabe haiek iraindu ostean ez duela sinesgarritasunik argudiatuta.

Orain Esparzak azaldu du atzo arratsaldean telefonoz hitz egin zuela Alzorrizekin. Nahiago izan du solasaldi horren xehetasunik ez eman. Ez du argitu ere zer tonutan erantzun zion Alzorrizek.

Arratsaldean, 17:00etan, UPNren zuzendaritza bildu da uztailaren 23ko emaitzak aztertu eta hauteskunde osteko agertokia aztertzeko. Bertan, Esparzaren proposamena babestu dute zuzendaritzako kide gehienek. Eskaintza horren bidez, UPNk nahi du gobernuari egonkortasuna ematea, «eta udalei ere bai». «Gure ustez, egonkortasuna izateko beharrezkoa da EH Bilduren menpe ez egotea». Esparzaren arabera, «PSNri dagokio erabakitzea» UPNrekin hitz egin nahi duen edo ez.

Jendaurrean Alzorrizek atzo emandako iritziak erakusten du oso zail duela mugimendu horrek arrakasta izatea. Batetik, PSNk Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin gobernua osatzeko konpromiso argia adierazi du, eta hori kontrako bide politikoan doa; bestetik, Madrilen, Pedro Sanchezek EH Bilduko sei diputatuen eta EAJko bosten babesa beharko du bere inbestidura aurrera ateratzeko.

Aldiz, ez du UPNren beharrik, eta Esparzak gaineratu du Alberto Nuñez Feijooren inbestidura babestuko duela. «Guk emandako hitza bete egiten dugu», azpimarratu du.

Hausteskundeetako emaitzez

1989tik 2019ra UPNk zein hark gidatutako eskuineko koalizioek irabazi dituzte bozak 30 urtez, Nafarroan. Esparzaren arabera, igandeko emaitzean zerikusi zuzena izan du bereizita joateak, eta hori PPren ardura dela argi utzi nahi izan du. «PPk erabaki zuen nahiago zuela bakarrik aurkeztu». Gogora ekarri du, ekainaren hasieran egindako saiakeran, orain arteko lau hauteskundeetan hitzartutako akordio bera proposatu ziola UPNk PPri, eta Cuca Gamarrak ezezkoa eman ziela.

Haren irudiko, praktikan, ez du ondorio handirik izan «bereizita edo elkarrekin» bi diputatu lortuko lituzkeelako. Hala ere, salatu du hauteskundeotan «inkesta interesatuak» kaleratu direla PPren mesedetan, boto baliagarriaren bila, eta, egoera horrek zein kanpainako polarizazioak bultzatuta, UPNko hainbat boto emailek bere botoaren zentzua aldatu zutela. Esparzaren arabera, zail egin zaie Kongresuan «ahots propioa» izatearen garrantzia nabarmentzea.

Halaber, salatu du PPk UPNren gaineko Erosteko Eskaintza Publikoa egin duela eta enpresen arteko mekanismoa aipatuz haiek xurgatzeko asmoa dutela gaitzetsi du, hortaz.

Nahiz eta azkenean diputatu bat eta senatari bat lortu, Esparzak onartu du boto kopuruan jaitsi egin direla eta ez zutela halakorik espero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.