Osasunak Konferentzia liga jokatuko du 2023-2024 denboraldian. Klubak azaldu bezala, Osasunak Konferentzia ligan parte hartzearen defentsan aurkeztutako froga berriak ikusita, Europako Futbol Federazioak (UEFAk) ondorioztatu du «Osasuna duela ia hamar urte izandako gertakarien biktima» izan zela, eta erakundeak gertakari horiek argitzeko egin zuen ekimena «baloratu» du. Ondorioz, UEFAk talde gorritxoaren parte hartzea onartu du Europako txapelketan. Osasuna, beraz, abuztuaren 7an egingo den Konferentzia ligako kanporaketetako zozketan izango da. Abuztuaren 24an eta 31n jokatuko ditu partidak.
COMUNICADO OFICIAL | El Club Atlético Osasuna disputará la Conference League 2023/24.
— C. A. OSASUNA (@Osasuna) July 25, 2023
Hil honen lehen astean UEFAren Apelazio Batzordeak atzera bota zuen erakunde horren Kontrol, Etika eta Diziplina Batzordeko ikuskatzaileek Osasunarentzat proposatutako zigorraren aurka klubak aurkeztutako helegitea. Ikuskatzaileek datorren denboraldian Konferentzia liga jokatu gabe zigortu zuten Osasuna, klubeko zenbait agintari ohik 2013-2014ko denboraldiko Espainiako Lehen Mailako bi partidaren emaitzak adostu zituztelako. Osasunak Kirola Arbitraje Auzitegira zuen orduan, «klubaren eskubideen aurkako erasoa» dela argudiatuta.
Hala ere, UEFAk diziplinazko prozedura bat ireki dio Osasunari prozesu horretan zuzenbide arruntera jotzeagatik, baina horrek ez du eragotziko klubak Europako lehiaketan parte hartzea. Klubak adierazi du UEFAk ezartzen dion zigorra onartuko duela, eta ez du helegiterik aurkeztuko.