Futbola

Osasunak bigarrenez irabazi du Euskal Herria Txapela

Catenak egin ditu gorritxoen hiru golak, eta Momo Chok txuri-urdinena, denak lehenengo zatian.

Oier Sanjurjo David Garciari txapela janzten, ondoan Asier Illarramendi dutela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 21a
23:03
Entzun

Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapela, lehen zatian hiru gol sartuta. Oldarkor aritu dira Osasuna zein Reala, baina geldikako jokaldietan lotsagorritu egin du Catenak Reala.  Hiru gol egin ditu atzelariak, denak geldikako jokaldietan. Bi taldeek lehen taldeko zein bigarren taldeko jokalariak erabili dituzte, eta oldarkor aritu dira, batez ere lehenengo zatian. Denboraldiaurreko partidetan gutxitan ikusten da halakorik, eta zaleek eskertu egin dute. Gorritxoek bigarrenez irabazi dute udako txapelketa hau.

Partida hasierak erritmo bizia izan du. Azken urteetako gorritxoen zigilua lehen lerroetan egiten duten presioa izan da, eta, oraingoan ere, ondo baino hobeto egin du Jagoba Arrasateren taldeak. Aukera ugari izan dituzte gorritxoek lehenengo gola egiteko, eta hamargarren minutua bete baino lehen aurreratu dira. Catenak egin du, azkar ateratako korner bat orpoarekin errematatuta. Pixkanaka, baina, Realak lortu egin du baloi jabetza bereganatzea, eta jokaldiak ongi lantzea lortu dute txuri-urdinek. Momo Chok berdindu du partida. Buruz buruko jokaldia egin ostean, bat-bikoa egin du Gorrotxategi gaztearekin, eta frantziarrak sareetara bidali du baloia.

Lehen zatiko azkeneko hamar minutuetan iritsi dira Catenaren beste bi golak. Buruz egin ditu bi horiek; falta bat errematatu du lehenengoan, eta korner bat bigarrenean. Bigun aritu dira txuri-urdinak geldikako jokaldi horietan, eta Osasunak Realak utzitako erraztasunak probestu ditu. 22 jokalariak aldatu dituzte atsedenaldian bi prestatzaileek, eta beste partida bat ikusi da Galen. Erritmoa nabarmen jaitsi da, eta bi taldeek aukerak izan badituzte ere, markagailua ez da mugitu.

Bi taldeek prestaketarekin jarraituko dute orain. Realak bi neurketa jokatuko ditu datorren astean. Asteartean, Portugalen, Sportingen aurka. Eta larunbatean Anoetan, Bayer Leverkusenen aurka. Gorritxoek, berriz, Frantziara egingo dute. Girondins eta Okzitaniako Tolosa izango dituzte aurkari, ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.