Kooperatibismoa

Ekhilurren ordainketa sistemak milioi baten eragiketak egin ditu

Diruaren kontrola herritarren eskuetan egotea nahi dute Ekhilur kooperatibakoek. Visa, Bizum eta halako sistema orokortuei aurre egitea du helburu egitasmoak. Bilbon berrogei saltokik dute sistema hori.

Bilboko Erriberako Merkatuan dagoen Rosi okindegia, ekhilurren kartela eskuetan duela. EKHILUR
Mikel Garcia Martikorena.
2023ko uztailaren 21a
12:40
Entzun

Ekhilurren ordainketa sistemak guztira milioi bat euroko eragiketa bolumena lortu du bere proba pilotuan. Bilbon egoitza duen egitasmoa 11 hilabetez egon da Bizkaiko hiriburuan eta Hernanin (Gipuzkoa) proiektua martxan jartzen. Alex Lopez Ekhilurreko teknikariak dio espero zuten baino “lehenago” heldu direla kopuru horretara. Proiektuaren helburua argi dute Ekhilurren: alde batetik bestera doan diruaren gaineko kontrola herritarrek izatea. Izan ere, ordainketa sistemaren funtzionamendua “komunitateak erabakitakoarekin” arautzen da, Lopezen esanetan.

Ekhilur irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, eta erregulatuta dagoen ordainketa sistema bat du. Baina zer da ordainketa sistema bat? “Visa, Bizum eta Paypal dira ordainketa sistemetan esanguratsuenetakoak”, dio Lopezek, adibide batzuk jartzearren. Ekhilurrek, baina, ezberdintasun nabarmena du hainbeste hedatutako sistema horiekin alderatuz gero: herritarrei ordainketen gaineko kontrola itzultzea. “Gaur egun, erosketak ordaintzen ditugunean, ez dugu inolako kontrolik sistemaren gainean. Bertako arauak eta hortik lor daitezkeen etekinak gure kontrolpetik kanpo daude”, esan du Lopez teknikariak.

Erabilera “nahiko handia” lortu dutela uste dute Ekhilurren. Batez ere, kontuan hartuta “ordainketa sistema berria” dela eta bestelako sistemen erabilera “erroturik” dagoela, Lopezek gaineratu duenez: “Ikusi dugu ez geundela hain desbideratuta gure aurreikuspenekin. Argi gelditu da Visaren alternatiba izan daitekeen sare bat sor daitekeela”. Bilbon berrogei saltokik dute sistema erabilgarri; denak, Zazpikaleetakoak. Negozio horien artean daude, besteak beste, Gorostiaga kapelak, Pikara Magazine, Posta kaleko 4. zenbakiko farmazia, Rosi okindegia eta Almodobar taberna.

Merkataritza gune berriak

“Kapitalismoaren tresnak erabiliz kapitalismoa aldatzea”: hori da, Lopezen iritziz, Ekhilurren egitekoa: “Kapitalismoaren tresnak erabiltzen ditugu, baina bestelako helburu batzuk lortzeko. Guretzat, oso garrantzitsua da sarearen bitartez merkatarien artean kidetasun eta kooperazio sentipena sustatzea”. Hori lortzeko, oso baliagarria iruditzen zaie kooperatibatik “sare eta tresna amankomun baten parte izatea”.

Are, dendarien artean elkartasuna lortzeak “berebiziko” garrantzia du proiektua garatzeko. Izan ere, helburua da tokiko merkataritzaren eredua ulertzeko modua aldatzea, dendak era independente batean ulertzetik “merkataritza gune” baten modura ulertzera: “Sare baten modura irudikatzen dugu guk, gainazal handi baten antzera. Zenbait abantaila jasotzen dituzte erabiltzaileek erosketak egiteagatik [ordaindutakoaren %10 itzultzen zaie]. Baina lortutako diru hori soilik herri horretan gastatu dezakete; fideltasuna ezartzeko modu bat da”. Hau da, Ekhilurrek merkataritza gune handiei “hain errentagarriak” zaizkien estrategia berak aprobetxatu nahi ditu.

Horrelako abantailak, ostera, ez daude Bilbon oraindik. Alex Lopezek argitu duenez, bi lan ildo prestatu zituzten proiektua nola garatu behar zuten ikusteko. Alde batetik, deskontuena, Hernanin ezarri dutena; eta, bestetik, ikuspuntu etiko-sozialari garrantzia ematea hitzaldien bitartez, Bilbon egin duten legez. Lopezek dio Hernanin erabilitakoa “askoz eraginkorragoa” izan dela. Hori dela eta, sistema datorren irailetik aurrera Bilbon ezarri nahiko lukete.

Pausoak aurrera

Bizkaiko ekhi txanpona eta Goiner kooperatiba elkartuta eratu zen Ekhilur kooperatiba. Lopezek dio ekhi txanponaren esperientziaren ostean konturatu zirela txanpona bera baino garrantzitsuagoa dela ordaintzeko modua kontrolatzea: “Ordainketa sistemaren arauak kontrolatuz gero, txanponaren gaineko kontrola duzu, nolabait”. Horregatik, ildo hori jorratzen jarraitzea erabaki dute. Dena den, Ekhilurreko teknikaria jakitun dago Bilbok errealitate asko dauzkala; hori dela eta, merkataritza zonatan banatuko dute hiria, “estrategia ezberdinak ezarri” eta eredua “pixkanaka” zabaldu ahal izateko.

Ekhilurren hedatzeko nahiak ez dira Bilbon geratzen. Izan ere, Lopezek baieztatu duenez, Hernanin “bideragarritasuna bilatu” eta Bilbon estrategia berria aplikatzeaz gain, Euskal Herriko beste gune batzuetara zabaltzeko pausoak emango dituzte. Luze gabe Irunera zabaldu nahi dute (Gipuzkoa). “Mugaz gaindiko txanponak” ezartzea gustatuko litzaioke teknikariari; horregatik, Ipar Euskal Herriko euskoarekin daude hizketan Irunen, euroaz gain erabili ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.