Espainiako Hauteskunde Batzordeak bihar 14:00ak arte luzatu du igandeko hauteskundeetarako botoa postaz emateko epea. Berez, gaur arratsaldean amaitzen zen epe hori, baina Correos Espainiako posta zerbitzuak bihar arte luzatzeko eskatu du goizean. Gaur goizeko datuen arabera, estatuan posta bidezko botoa eskatu dutenen %91k jada eman du botoa: denera, 2,4 milioi lagun inguru.
Ikusi gehiago:Posta bidezko botoen uholdea
Correosen arabera, epea luzatzeko arrazoi nagusia da boto paperak jasotzeko eskaeran helbide bat jarri eta ondoren boto papera beste batera bidaltzeko eskatu duten herritarren nahiari erantzutea. Era berean, ordea, adierazi dute ezingo litzatekeela epea ostiraleko 14:00etatik aurrera luzatu, ezingo litzatekeelako bermatu boto guztiak hauteskunde egunerako garaiz iristea.
Gaur, Correoseko 654 bulego 22:00ak arte egongo dira irekita; egunerokoan 20:00ak arte irekita egoten direnak dira, nagusiki. Era berean, gehitu dute beharrezkoa izanez gero itxiera ordutegiak atzeratuko dituztela: «Bulegoren batean jendea zain badago itxiera ordua iristen denean, horiei arreta eskaintzen jarraituko da, posta bidezko azken botoa jaso arte». Erakundeak, dena den, botoa «ahal bezain laster» ematera deitu ditu herritarrak.
Correosek gaineratu du goizean bozkatu ahal izateko 170.000 agiri zeudela postetxeetan jasotzear oraindik.